Manex Agirre Arriolabengoa: "Euskaldunok sarri ez gara ohartzen nolako gauzak sortzeko eta artikulatzeko gai garen"
2024ko urriaren 17a
"Euskaldunentzako Jabetze Eskola. Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak" eskola antolatu da Gasteizen Izaskun Arrue Kulturguneko (IAK) programazioaren barruan eta UEUren laguntzarekin. Eskolaren dinamizatzailea da Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio, 1982). Euskal Filologian lizentziatua eta Literaturaren teorian eta Literatura konparatuan lizentziatua da. Eskolaren inguruan hitz egiteko izan gara berarekin.
Euskaldunentzako Jabetze Eskola antolatu duzue Gasteizen. Nola sortu da ideia?
Ideiaren jatorria Iñaki Lazkanok proposatutakoa da: jabetze feministarako eskolek egindako bidea ikusita, eredu horri tiraka, euskaldunentzako beharrezkoa den hausnarketarako, ahalduntzerako eta artikulatzeko gune bat sortzea da helburua. Uste dut badugula zertaz jabetu, eta zerekin ahaldundu; sarri ez baikara ohartzen nolako gauzak sortzeko eta artikulatzeko gai garen. Eskolaren saioetan izango ditugun gonbidatuekin horretarako aukera egongo dela uste dut.
Elkarlanean antolatutako ikastaroa da.
Izaskun Arrue Kulturguneko programazioaren barruan dago egitasmoa, eta UEUrekin elkarlanean ari gara antolakuntza-lanetan. Balio erantsi bat du horrek: Gasteizen martxan jarri berri den Kulturguneak formaziorako eta hausnarketarako gune izateko bokazioa du, beste helburu batzuen artean, eta egitasmo honi UEUrekin batera forma emateak helburu hori lortzeko erraztasun handia ematen du.
Hausnartzea, ahalduntzea eta artikulatzea. Hiru ardatz horietan oinarrituko da.
Euskalgintza etengabe ari da berritzen, eta hala izan behar du: horrek hausnarketa-behar jarraitua dakar. Eta hausnartzea abiapuntu egokia da zeren parte garen jabetzeko, eta horren ondorioz ahalduntzeko, martxan dauden egitasmoak eta esperientziak ezagututa. Egitasmo horiek nola artikulatu diren (norekin, zergatik, nork lagunduta…) eta berriak nola artikulatu daitezkeen ere landu nahi dugu eskolan.
Ardatz bakoitza lantzeko gonbidatu egokiak bilatzen saiatu gara: haien eskutik beteko ditugu edukiz goian aipatutako ardatzak.
Hainbat saiotan banatu duzue eskola. Nola parte hartu daiteke?
Izena eman daiteke eskolak ikasturte honetan zehar izango dituen saio guztietan, eta baita saio bakoitzean banaka ere.
Bestalde, saioen egitura zein izango den kontuan hartu behar da, egitasmoak ez baitu alferrik “eskola” izendapena. Saioek bi zati izango dituzte: lehenengoan, gonbidatuena izango da hitza, eta solasaldirako proposatutako gaiaren inguruan ariko dira. Bigarrenean, eskolako kideen parte-hartzea izango da ardatza; gonbidatuek esandakotik abiatuta, saio bakoitzeko gaiari mamia ateratzeko eta norbere errealitatean kokatzeko aukera izango dute.
Nori dago zuzenduta?
Gonbidatuen zerrenda ikusita, publiko zabalari zuzenduta dagoela esango nuke. Euskalgintzan, euskal kulturgintzan, soziolinguistikan… interes berezia duenarentzat baliagarria izan daiteke.
Aurkezpen-ekitaldia egingo da urriaren 30ean.
Garikoitz Goikoetxea izango dugu bertan gonbidatu. Etorkizunera begira, euskararen norabideak marraztuko dizkigu, eta prospekzio-ariketa horretarako hainbat gako erabiliko ditu: globalizazioa, digitalizazio-prozesu bizkorra, aldaketa demografikoak… Euskararen minorizazio-egoera ikuspegi horietatik aztertu, eta aurrera begirako proposamen batzuk egiten saiatuko da.
Horrez gain, egitasmoaren aurkezpena egingo dugu; nondik norakoak eta programa zehaztu, eta izen-ematea irekiko dugu.