Make Irigoyen: "Hezkuntzan bestelako digitalizazio-prozesu kritiko eta eraldatzaileagoak sustatzeko aukerak atzeman ditut Humanitate Digitaletan"

2023ko ekainaren 1a

Make Irigoyen: "Hezkuntzan bestelako digitalizazio-prozesu kritiko eta eraldatzaileagoak sustatzeko aukerak atzeman ditut Humanitate Digitaletan"

Make Irigoyen Perurena (Iruñea, 1967) Bigarren Hezkuntzako Latin eta Grezierako irakaslea da, eta orain, mentore digitalaren zereginetan dabil. Filologia Klasikoa ikasi zuen (UPV/EHU) eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen unibertsitate berean. UEUk eta UPV/EHUk elkarlanean antolatutako IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Graduondokoa, eta Humanitate Digitalak: aukerak eta erronkak Graduondokoa ere egin ditu. Humanitate Digitalen gainean gehiago hitz egiteko izan gara berarekin.


Zer da Humanitate Digitalak aditu-tituluan landu zenuen gaia?

Nire graduondoko amaierako lana hau izan zen: "Ikasleen konpetentzia digitalak sustatzen, begirada [ziber]hezkidetzaileetatik". Aunitz laburbilduz, proposatzen du herritar digital aktibo, kritiko, parekide eta arduratsuak hezteko bidean, ezinbestekoa dela hezkidetzaren, pedagogia feministen ekarpenak kontuan izatea. Era berean, hezkuntzan sustatu beharreko ikuspegia dela, gailu digitalen erabilera hutsetik harago, teknopedagogikoki konpetentzia digital inklusibo ez-sexista garatu nahi badugu eta Euskal Herritik digitalizazio etiko eta jasangarriaren alde egin nahi badugu.

Zerk eraman zintuen izena ematera?

Hezitzailea izanik, eta azken ikasturteetan betekizun ezberdinetan teknologia digitalen bueltan aritua, aukera paregabea zen hurbileko adituengandik Humanitate Digitalak kontzeptuan murgiltzeko. Pentsamendu bitarra hain sustraitua duen jendartean oximoron bezala uler daitekeen kontzeptua izanda ere, niri erakargarria egiten zitzaidan eta horretan sakondu nahi nuen! Gainera, euskaraz egin ahal izateko aukera eta online formatuan, zoragarria!

Zer da aditu-tituluak egin dizun ekarpena? Nolako esperientzia izan da?

Intentsua bezain aberatsa izan dela esango nuke. Ekarpenik handiena izan da prestakuntza teoriko-praktikoan murgiltzeko aukera eman izana. Izan ere, humanitateen (hizkuntzak eta gizarte-zientziak) eta teknologia digitalen artean bi norabideko harreman horretan potentzial handiko aukerak antzeman ditut hezkuntzan bestelako digitalizazio-prozesu kritiko eta eraldatzaileagoak sustatzeko.

II. edizioa antolatuko da hurrengo ikasturtean. Zer esango zenioke apuntatu edo ez, zalantzan dabilenari?

Zalantzan badago, seinale on, zerbaiten bila dabilelako! Aditu-titulu honek aukera ematen du askotarikoa den irakasle aditu eta euskaldunen unibertsoa ezagutzeko. Bakoitzak ertz ezberdinetik hurbiltzen du Humanitate Digitalak delako hori ikasleengana. Ikas- eta irakas-prozesuak askotarikoak dira eta, bidean, bakoitzak bere errealitateari ekartzeko modukoak, gainera. Eta ezin ahaztu, tarte horretan, adituez gain, zein interesgarria izan den askotariko diziplinetako kideekin bat egitea ikasle-rolean, bakoitza berean aditua izanik elkarrekin mosaiko ederra osatu dugulako! Seguru nago mosaiko ederrak sortuko direla hurrengo edizioetan ere bai.

Jakintza-arloak