Maitane Urizar: "Gizarteak, haur biktimari huts egiten dio eta hori guztion artean aldatuko da, edo ez da inoiz ere aldatuko"

2023ko irailaren 20a

Maitane Urizar: "Gizarteak, haur biktimari huts egiten dio eta hori guztion artean aldatuko da, edo ez da inoiz ere aldatuko"

"Haur eta gazteen kontrako sexu abusuak: Lan sareak ehuntzen" jardunaldia antolatu dute Gure Sarea Elkarteak eta UEUk elkarlanean. Iruñean egingo da jardunaldia, urriaren 7an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan. Maitane Urizar (Bilbo, 1985) ari da antolaketa-lanetan, bera, Haur eta Lehen Hezkuntzan graduatua da eta haur eta gazteen kontrako sexu-abusuei buruzko ikertzailea. Harekin izan gara jardunaldiaren gainean hitz egiteko.

Haur eta gazteen kontrako sexu-abusuen problematika mahai gainean jarri nahi izan duzue.

Bai, hori da jardunaldiaren helburu nagusia, gaia plazaratu eta guztion artean haurren kontrako sexu-abusuak emateko oinarrizkoa den sekretua haustea. Izan ere, problematika nazioartean ikertzen ari zirela, gurean ez zen oraindik sexualitateaz hitz egiten, are gutxiago sexu-erasoez, eta, familiak gure gizartean duen indarraren isla izanik, inolaz ere familian emandako sexu-erasoez, zeinak gehiengoa diren. Esaten ez den hori, ez da existitzen, beraz problematikari buelta emateko lehen pauso garrantzitsua gaia guztion artean mahaigaineratzea izango da. Biktimismo eta sentsazionalismotik urrun, gaur egun daukagun arazo politiko larri gisa, beste gai batzuekin egin den antzera.

Datuak hor daude: 13 urtetik beherako bost haurretik batek jasango ditu sexu-abusuak.

Sinisteko datu zaila izaten da askotan. Gai honi heltzeko arazo nagusia berarekin lotuta dauden mito eta uste faltsu ugariak dira: kolektibo konkretu batzuetan gertatzen da bakarrik, erasotzaileak zoroak dira eta abar, berez, erraz ohar gaitezke genero-biolentziarekin lotuta zeuden uste faltsuen antzekoak direla. Oraindik ere asko kostatzen zaigu 5etik bat gure inguruan ematen dela onartzea. Baina datu hori biztanleria orokorraz ari da, hau da, 5etik bat minimoa izango da. Zenbat eta zaurgarritasun-maila altuagoa izan (desgaitasuna duten haurrak, etab.), kopurua igo egingo da adibidez, eta nahiz eta ikerketako datuak ezin daitezkeen estrapolatu, desgaitasuna duten bi neskatotatik batek eta hiru mutikotatik batek sexu-abusuak pairatu ditu, pairatzen ari da edo pairatuko ditu. Kasu hauetan, gainera, ez gara haurtzaroan pairatutako sexu-abusuez arituko, bizitza osoan zehar emandako sexu-erasoez baizik, zaurgarritasun-maila mantentzen dutelako.

Profesionalak gai horretan formatzea garrantzitsua da. Zein da egungo egoera?

Gaur egun gaia ez da haurrekin harreman zuzena izango duten profesionalen ikasketetan lantzen, ezta profesional hauen etengabeko formakuntzan (ikastaroak, masterrak, etab.). Sexualitatearen lanketarik ere ez dugu egiten, prebentzioaren oinarri izanik. Nola landu, orduan, gaia, inoiz ez badigute ezer aipatu?

Kasu horien detekzioan eta esku-hartzean lagunduko luke formazioak.

Maiz esaten da detektatzeko problematika zaila dela, eta hori, berez, ez da gezurra. Baina ikerketek esaten digute biktimek kontatu zuten kasuen % 70ean ez zutela laguntzarik jaso edota biktimek kontatu zuten eskolen % 85ek ez zutela babes-sistema aktibatu.

Formakuntzetan oso ohikoa da detekzio goiztiarra lantzeko ipuinak edo materialak eskatzea. Baina nik beti egiten dut galdera bera: “Haurrak pairatzen ari den abusua kontatzen badizu, badakizu nola erreakzionatu? Badakizu zure eremuko zer profesionalengana jo behar duzun? Landu duzu zure eremuko protokoloa?” orokorrean ezetz erantzuten didate. Gure ardura da gai honi heltzea eta detekzio baten aurrean egin beharreko jarduketa ondo ezagutzea, biktimari ezer eskatu baino lehenago.

Gaia begirada desberdinetatik landuko da.

Elkartean beti sustatzen dugu sare-begirada. Askotan ohartarazten dugu maiz elkarrekin egindako jarduketek bakarrik babestuko dutela haur biktima, oso kasu konplexuak direlako eta kasu hauek estereotipoz inguratuta egoten direlako. Pediatrak, irakasleak, gizarte-langile eta hezitzaileak, aisialdiko profesionalak, poliziak… denok elkarlanean jardun behar dugu, zinez babestu nahi badugu.

La Manada bezalako auziek egiten den jarduketa juridiko instituzionalaren adibideak eskaini dizkigute, baina oraindik ere kosta egiten zaigu ulertzea profesional horiek direla haur biktimen kasuak ere artatzen dituztenak. Ez emakume biktimenak bakarrik, haur biktimenak ere. Bortxaketa batean “jolgorioa” ikusten duen epaile bera da horrelako kasuak kudeatzen dituena. Genero-biolentziarekin ez bezala, ez daukagulako epaitegi, fiskaltza edota ekipo espezifiko eta espezializaturik horrelako kasuak kudeatzeko.

Nafarroan, kasuen % 94,9 ez dira epaiketa izatera iristen, EAEn % 90. Argi dago sistemak, gizarteak, haur biktimari huts egiten diola eta hori guztion artean aldatuko da, edo ez da inoiz ere aldatuko.

Nori dago zuzenduta?

Bereziki haurrekin harremana duten profesionalei, baina gaur egun gaiarekiko dagoen tabua dela eta, interesa duen edozein pertsonari dago bideratua. Profesionalok formatu egin behar dugu, gure betebeharra egoki egin ahal izateko derrigorrezkoa delako. Baina profesionalok ezingo dugu ezer aldatu, gizarte osoak ez badio gaiari heltzen.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Gaia gogorra da, baina horrek ez digu errefusa eragin behar. Nire ustez, Euskal Herrian badago oinarri sendo bat haurren babesa sare-egituran lantzeko. Berez eman izan dira pauso garrantzitsuak zentzu horretan, urte batzuetatik hona antolatu izan dira ikastaroak, jardunaldiak, etab. arrakasta itzela izan dutenak, ari gara guztion artean haur biktimek behar duten sare-lana sortzen.

Jakintza-arloak