Maitane Serrano Murgia: "Omega-3an aberastutako dieta bat erreminta aproposa izan daiteke nerabezaroan zeharreko kalteak hobetzeko"
2024ko irailaren 25a
Maitane Serrano Murgia (Plentzia, 1995) Giza Nutrizio eta Dietetikako graduatua da. Alergologian du graduondokoa, Neurozientzietan masterra eta Neurozientzietan doktorea da. Tesiko ikerlerroa hobeto ezagutzeko izan gara berarekin.
Giza Nutrizio eta Dietetikako gradua egin eta ikerketaren bideari jarraitu zenion gero. Zergatik?
Zientziak gaztetatik gustuko izan ditut, baina orratzek (txertoak, odola ateratzea...) zorabiatzea eragiten didate, beraz, gradua aukeratzeko orduan erizaintza, medikuntza... alde batera utzi nituen. Zalantzak izan nituen Fisioterapia eta Giza Nutrizio eta Dietetikako graduen artean, baina azkenean bigarrengo aukera aukeratu nuen. Gradu polita eta erabilgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta horri lotutako lan batean jarduten ikusten nuen neure burua.
Egia esanda ikerketa ez zen “nire aukera” izan, baina bidean topatu nuen eta eskerrak. Behin gradua amaituta, urte bat hartu nuen zer egin nahi nuen ondo pentsatzeko, eta horren ostean, Neurozientzietako masterrean egin nuen prematrikula, nahiz eta Giza Nutrizio eta Dietetikako gradua master horretarako sarrera-gradua ez izan. Nerbio-sistemak beti sortu dit zirrara, eta horren inguruko jakintzak handitu nahi nituen. Masterrean sartzea lortu nuen eta Master Amaierako Lana (MAL) egiteko laborategi batean sartu nintzen. Nire master-amaierako tutorea eta MALa egiten egon nintzen bitartean laborategiko egitekoak erakutsi, irakatsi eta lagundu zidaten lankideak apartak izan ziren, eta ikerketako grina sortu (edo aurkitzen lagundu) zidaten.
Nerabezaroan botiloi ohiturek garunean duten kaltea izan duzu aztergai. Nola sortu da aukera?
MALa Medikuntza eta Erizaintzako Fakultatean, Neurozientzietako Departamentuko talde batean egin nuen, Pedro Grandes buru duen taldean. 2019an, masterra egiten nengoen urtean, laborategi horrek bi ikerketa-lerro nagusi zituen: epilepsia eta alkohol-kontsumoa (zehazki, nerabezaroko botiloi ohitura), betiere garunean eragiten dituen kalteak aztergai. Bi gaiak dira interesgarriak, baina Giza Nutrizio eta Dietetikako graduatua izanda, nerabezaroko botiloi ohiturek garunean eragiten dituzten kalteak aztertzea aproposagoa zen. Beraz, MALean horren inguruko ikerketa txiki bat egin nuen eta MALa bukatzear nengoenean doktoregoa laborategi berean eta ikerketa-lerro berean egiteko aukera eskaini zidaten eta hori egin nuen.
Zeintzuk dira nerabezaroko gehiegizko alkohol-kontsumoak garunean eragin ditzakeen kalteak?
Hasteko, aipatu beharra dago nerabezaroa garapen-garaia denez, nerabeak zaurgarriagoak direla alkoholak eragindako kalteak jasatera eta kalte horiek larriagoak eta iraunkorrak dira. Gainera, kalteak ez dira berdinak bi sexuetan (XX eta XY).
Hala ere, frogatu izan da nerabezaroan alkohola edateak nerabezarotik helduaro goiztiarreraino modu naturalean gertatzen den neurotransmisore-geneen garapenaren erregulazio negatiboa areagotzen duela. Halaber, jarduera dopaminergikoari ez ezik, beste sistema batzuei ere eragiten die, hala nola kolinergikoari, GABAergikoari eta endokannabinoide-sistemari. Nerabezaroan alkoholaren eraginpean egon ondoren, neurona kolinergiko kopurua eta horien jarduera murriztu egiten da kortex prefrontalean eta usaimen-erraboilean. Gainera, heriotza zelularra handitzen da neokortexean, garuntxoan eta hipokanpoan. Horrez gain, garuneko eskualde horietan molekula proinflamatorioen maila ere igo egiten da.
Aipatutako kalte horiek guztiak plastikotasun sinaptikoan eta neurotransmisioan aldaketak eragiten dituzte, hau da, neuronen ekintza eta funtzionaltasunean, eta horrek jokabide-aldaketa iraunkorrak eragiten ditu. Izan ere, nerabezaroko alkohol-kontsumoa depresioarekin, ikaskuntza etetearekin eta memoria nahiz oreka kaltetuekin lotu izan da.
Kalte horiek hobetzen laguntzeko Omega-3ak izan dezakeen eragina aztertu duzu. Zergatik Omega-3a?
Omega-3 (n-3) gantz-azidoak kate luzeko gantz-azido poliasegabe esentzialak dira, hau da, dietaren bitartez bereganatu beharreko gantz-azidoak, gure gorputza ez baita gai horiek beharrezko kantitateetan sortzeko. N-3en artean azido dokosahexaenoikoa (DHA, 22:6n-3) eta azido eikosapentaenoikoa (EPA, 20:5n-3) dira garrantzitsuenak. Lipidoen eta zehazki aipatutako horien funtzio nagusiak energia-iturri izatea eta zelula-mintzak eratzea dira. Zelula-mintzen osagai garrantzitsuak direnez, funtsezkoak dira horien egitura eta funtzio egokirako. N-3ek zelula-mintzen jariakortasunean eragiten dutenez, funtsezko zeregina betetzen dute zelula kitzikagarrien seinaleen transdukzioan, eta zelula-mintzari lotutako hartzaile, kanal ioniko eta entzimen jarduera egokia ziurtatzen dute. Gainera, garuna nagusiki lipidoz osatuta dago, eta DHA da ugarienetakoa. Lipido horrek sinapsien inausketan eta neuronen sorreran eta migrazioan funtsezko eginkizunak betetzen ditu eta EPA eta DHAk hanturaren aurkako ezaugarriak dituzten molekulen iturri dira, omega-6etatik (n-6) eratorritakoak ez bezala.
Nahiz eta n-3en, eta bereziki EPA eta DHAren, garunerako funtzio mesedegarri ugari frogatu diren, patroi dietetikoak azken urteetan aldatzen joan dira, n-3en kontsumoa murriztuz eta n-6ena handituz. Horrez gain, alkoholak garuneko DHA mailak jaitsarazten ditu eta, horren ordez, n-6 motako gantz-azido mailak igotzen dira garunean. Aipatutako arrazoi horien guztien ondorioz omega-3an aberastutako dieta bat alkoholak eragindako kalteak hobetzeko erreminta aproposa izan zitekeela pentsatu genuen.
Nola aplikatu da?
Ikerketan betiere lehenengo pausoa ikerketa basikoa izaten da, hau da, laborategian, eta behin hori eginda eta emaitzak onuragarriak eta ziurrak baldin badira, ikerketa klinikora pasatu daiteke, hau da, populazioarekin. Beraz, nik lehenengo pausoan jarduten dut eta karraskariekin egiten dut lan. Edozein ikerketa egiteko orduan, beti eduki beharko da kontrol-talde bat, erreferentzia izango dena, eta talde esperimental bat edo gehiago, eta horixe da egin dudana. Nerabezaroan zehar talde bateko saguen erdiei ura ematen nien edateko, eta beste erdiei alkohola, botiloi ohitura simulatuz. Behin nerabezaro-garaia pasatuta, ura edan zuten eta alkohola edan zuten saguen erdiei omega-3an aberastutako dieta ezarri nien bi astez, helduaro goiztiarrean zehar, eta, horrela, lau talde sortu ziren (kontrol-taldea dieta estandarrarekin, alkohol-taldea dieta estandarrarekin, kontrol-taldea n-3ko dietarekin, alkohol-taldea n-3ko dietarekin). Behin hori eginda, laborategiko hainbat proba egin nituen (portaera-probak memoria, oreka eta antsietate-maila aztertzeko, elektrofisiologia neuronen funtzionaltasuna aztertzeko, western blotak garuneko proteina ezberdinen mailak aztertzeko...) eta taldeen arteko konparaketak egin nituen alkoholak eta omega-3ak eragindako aldaketak aztertzeko.
Eta zeintzuk izan dira lortutako emaitzak?
Orokorrean emaitzak positiboak izan dira, hau da, omega-3an aberastutako dieta bat erreminta aproposa izan daiteke nerabezaroan zeharreko kalteak hobetzeko. Hala ere, mezu hau arduraz hartu behar da; izan ere, omega-3an aberastutako dieta egiteak onura ugari eragiten ditu, eta horiek ez dira lortuko aurretik alkohola edan baldin badugu. Beste era batera esanda, alkohola nerabezaroan zehar edan baldin badugu, omega-3an aberastutako dieta baten bidez kalte horietako batzuk hobetu daitezke, baina ez guztiak, eta omega-3an aberastutako dieta batek berez sortzen dituen askotariko onurak ez dira lortuko (neuronen funtzionaltasuna aldarazten du eta antsietate-mailak eta oreka hobetzen ditu).
Alkohola edatea eta beste ohitura ez-osasuntsuak ez dira inoiz gomendagarriak, eta are gutxiago garapen-garaia bukatu ez denean. Hala ere, bizi garen sozietate honetako errealitatea denez, bizi-kalitatea hobetzen saiatzeko ikerketak egiten ditugu, baina gomendioa beti izango da ohitura osasuntsuak edukitzea.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Ba, oraintxe bertan laborategian jarraitzen dut ikertzaile, nire tesian (omega-3 gantz-azidoen eragina nerabezaroko botiloi ohiturak kaltetutako sagu ar helduen garuneko sistema endokannabinoidean) aztertzeke geratu ziren gai batzuk lantzen eta sakontzen.
Horrez gain, unibertsitatean finkatzea gustatuko litzaidake, beraz, horretara bideratzen hasia naiz.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Beti pentsatu izan dut ikertzaileen lana ezagutaraztea eta kaleko jendeari helaraztea ekintza garrantzitsua dela; izan ere, populazioaren bizi-kalitatea hobetzea da helburua, beraz, jendeak informazioa jasotzea ezinbestekoa dela uste dut. Horrexegatik, saiatu egiten naiz txiotesia moduko ekintzetan parte hartzen, gustuko ditudan ekintzak dira eta oso interesgarriak eta dinamikoak direla uste dut.