Maialen Vázquez Polo: "Inpaktu itzela du glutenik gabeko dietak pertsona zeliakoen bizi-kalitatean"
2024ko otsailaren 28a

Maialen Vázquez Polo (Errenteria, 1997) Giza Nutrizioa eta Dietetikan da graduatua. Nutrizioa eta Osasuna Masterra egin du eta Nutrigenomika eta Nutrizio Pertsonalizatua doktorego-programako ikaslea da. Txiotesiko 6. edizioan parte hartu zuen eta bere ikerketaz zabalago hitz egiteko izan gara harekin.
Farmazia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasieta ikerketaren mundurako saltoa eman zenuen gero. Zergatik?
Graduaren amaieran Gluten3S ikerketa-taldean praktikak egiteko aukera izan nuen. Bertan hilabete batzuk pasatu ostean argi izan nuen jarraitzea gustatuko litzaidakeela. Hori horrela, Nutrizioa eta Osasuna Masterra egitea erabaki nuen eta ikerketa-taldean jarraitzeko aukera izan nuen Master Amaierako Lana egiten. Egiten ari nintzen ikerketa-lanarekin jarraitu nahi nuen eta horregatik, doktoretza-tesia egitea erabaki nuen. Beraz, esan daiteke hasieratik hartu nuela bide hori.
Gluten gabeko dieta orekatua, segurua eta inklusiboa lortzeko diharduzu ikertzen. Nola sortu da aukera?
Gure ikerketa-taldearen helburu nagusia pertsona zeliakoen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, ikerketa-lerro ezberdinetan dihardugu. Graduan eta masterrean zehar ikerketa-taldearen lerro ezberdinetan jarduteko aukera izan nuen. Nahiz eta egindako guztia gustuko izan dudan, gaixotasun zeliakoaren alderdi sozialari buruz gehiago ikertu nahi nuen eta doktoregoa horretan zentratu nahi nuela erabaki nuen.
Zeliakoen tratamendua gluten gabeko dieta zorrotza egitea da. Nola eragiten du horrek haien bizi-kalitatean?
Inpaktu itzela du glutenik gabeko dietak pertsona zeliakoen bizi-kalitatean. Ikerketa askok plazaratu dute pertsona zeliakoak ezberdin eta baztertuak sentitzen direla maiz. Asko dira aurre egin beharreko egoerak zeliakoentzat, besteak beste etxetik kanpo jatea, konstanteki glutena saihesten egon behar izatea, glutenik gabeko aukerarik dagoen ziurtatu behar izatea eta besteekin janaria ezin elkarbanatzea.
Horren aurrean Nutrizio Hezkuntza beharrezkoa dela diozu.
Bai. Ikusi da zeliakoen familien, ostalaritzako langileen eta populazio orokorraren zeliakiari buruzko ezagutza eskasa dela. Nutrizio Hezkuntzaren bidez ezagutza eta kontzientzia handituz gero, haien egoera hobetu daitekeela uste dugu.
Zeliakide programa sortu duzue. Zer helbururekin?
Pertsona zeliakoen inklusio soziala sustatzeko helburuarekin. Populazio orokorraren ezagutza eta jarrerak hobetuta hori lor daitekeela uste dugu. Zehazki, Zeliakide programa Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako haurrei dago zuzenduta.
Programa probatzeko aukerarik izan duzue? Zer erakutsi dute emaitzek?
Bai, horretan gabiltza gaur egun. 298 pertsonak parte hartu dute programan eta orain jasotako datuak aztertzen gabiltza. Lehenengo emaitzetan ikusi dugunez, programa eraginkorra da gaixotasun zeliakoari buruzko ezagutzak eta jarrerak hobetzeko.
Zein izango da hurrengo pausoa?
Zeliakide programa denontzako eskuragarri uztea gustatuko litzaiguke, nahi duenak aplikatu dezan. Are gehiago,LehenHezkuntzako curriculumean txertatzea gustatuko litzaiguke.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Interesgarria. Biziki uste dut beharrezkoa dela ikertzaileok egiten dugun lana gizartera zabaltzea. Ikerketa-taldean ahalegina egiten dugu sare sozialetan aktiboki dibulgatzeko eta Txiotesia moduko ekintzek horretarako aukera ederra ematen digute.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Gaixotasun zeliakoaren ikerketan garrantzia handia ematen zaio ongizate fisikoa bilatzeari eta ongizate soziala bigarren plano batean gelditu ohi da. Gustatuko litzaidake gaixotasuna modu holistikoago batean ulertzea, beraz, esango nuke erronka handiena alderdi sozialak duen garrantzia ikusaraztea dela.