Maia Duguine: “Nazioarteko ikerketak euskaraz badaki; ez da soilik lelo indartsua”
2023ko maiatzaren 18a
Maia Duguine hizkuntzalariak "Gramatikaren mugak, euskararenak, gure baitan daude gehienak" hitzaldia emango du Ikergazte kongresuan. Duguine, Hizkuntzalaritzan doktore da (UPV/EHU & Université de Nantes 2013) eta 2017az geroz, CNRSeko ikertzailea da Baionako IKER laborategian. Lehenago, doktorego-ondoko ikertzaile izan zen Cambridgeko Unibertsitatean, eta irakasle UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean. Hizkuntzaren egitura aztertzen du, eta bereziki interesatzen zaizkio hizkuntz aldakortasuna eta honen mugak, eta sintaxiak esanahiarekin eta gauzatze fonologikoarekin dituen harremanak. Gehien-gehienetan euskara du ikerketaren abiapuntu. 2010ean Argumentu isilak eta hizkuntz aldakortasuna liburua argitaratu zuen (UEU). UEUkidea.
Euskararen gramatikaren mugak izango dituzu hizpide IkerGazte kongresuan. Non jarriko duzu fokua?
Kongresuak arlo anitzetako ikertzaileak elkartzen ditu, eta hizkuntzari buruz mintzatzea dut xede, ikerketa zientifikorako objektu gisa harturik. Gure egoera sozialarengatik (eleaniztasuna, diglosia, etab.) euskaldunak egunerokotasunean hizkuntzei buruz gogoetatzera eramanak baldin bagara ere, gauza anitz “emandako”tzat hartzen ditugu. Hala, euskararen sintaxitik abiaturik, hizkuntzalaritzak garatu dituen tresnak eta egin dituen aurkikuntzak aipatu nahi ditut, gure gogamenaren alderdi bat argitara emateko duen balioa irudiztatzeko. Balio zientifikoaz harago, hizkuntzaren mekanismoak ulertzeak euskaldun eta hiztun gisa gure pentsaera eta jokabidea informatu dezakeela ere argudiatu nahi nuke.
Euskararen gramatikaren muga gehienak geure baitan daudela diozu. Zeintzuk?
Txomin Artolaren kantu famatuaren leloarekin egindako hitz-joko (erraz) honek hizkuntzalaritzan azken hamarkadetan indarra hartu duten ideia batzuei egiten die erreferentzia. Adibidez, hizkuntza gure biologian errotutako gaitasuna da, eta honenbestez gizatasunaren izaerak berak diseinuz inposatzen dizkio mugak edozein hizkuntzaren gramatikari: ezin da zernahi gauza egin giza hizkuntzetan, hizkuntzaz hizkuntza begiratzean errepikatzen diren murriztapen berdinak ikusten ditugu, hala euskaran, nola Haitiko kreoleraz. Bestalde, hizkuntza bat ezagutzea arau multzo bat —gramatika bat— biziki modu inkontzientean barneratua izatea da. Arau horiek eraikitzen dituzten mugak jaurtitzen edo bortxatzen saiatzen garenean, emaitza arrunt disonantea ematen du (ia-ia “mina” ematen diguten esaldiak, adibidez). Horrela ohartzen gara arau horiek gure baitan ditugula.
Hala ere, mugak egon badaude.
Hala da. Aipatu ditudan ideia hauen ilustratzeko, euskararen sintaxiaren bi puntu landu gogo ditut: hitz-ordena “askea” ahalbidetzeko joera, batetik, eta perpauseko osagaiak isilpean uzteko ahalmena bestetik. Bi kasuetan askatasun hori itxurazkoa dela ikusiko dugu, oso zorrotzak diren arauek gobernatzen dituztela azalaraziz.
Hizkuntzalaritzan zara doktorea, nola gogoratzen duzu Ikergazte garaia?
Graduondoko ikasketak biziki programa onean egiteko zortea ukan nuen, hizkuntzalaritzan lehen mailakoak diren edota lan berritzaile eta garrantzitsuak proposatzen dituzten nazioarteko ikertzaileak irakastera gonbidatu izan dituena (UPV/EHUko Hizkuntzalaritza programa zena, Gasteizen). Han kalitate handiko irakaskuntza jaso nuen. Ikasle talde bikain batekin elkartu nintzen ere, eta hein handi batean horrek egin zuen izugarri intentsua eta exijentea zen garai hori hain gozagarri eta aberasgarri. Ikaskideekin, irakasleekin bezainbat ikasten da. Erran behar da ere finantzamenduarekin lan egiteko aukera izan nuela (eta unibertsitateko irakasle-postu batekin amaitu ahal izan nuela doktoregoa), eta honek ene ikerketa eta karrera nazioartekotzeko baliabideak eman dizkit, ikerketa-egonaldiak egiteko eta kongresutara joateko parada eskainiz. Ez dute ikertzaile gazte guztiek halako aukerarik, zoritxarrez.
Euskal ikertzaile gazteak protagonista diren kongresuan parte hartuko duzu. Zer garrantzi dute honelako topaguneek?
Nazioarteko ikerketak euskaraz badaki; ez da soilik lelo indartsua. 2015etik hona, IkerGaztek bere tokia egin du Euskal Herriko ikerketaren eremuan, eta agendan. Ikertzaile gazteentzat euskal komunitatean saretzeko foro nagusia eta ekidinezina eskaintzen du, eta horren bitartez, nazioartean harreman eta sare berriak irekitzeko parada ere ematen du. Kongresuak egin duen ibilbidearen emaitzak ikusten dira bere eboluzioan ere. Hori argiki ikus daiteke, adibidez, apirilaren amaieran egin den proiektuen deialdian, diziplinak modu konpartimentatuan hartzetik diziplinartekotasuna bultzatzeko urratsa egiten baitu. Foro eta elkargunea baino harago, ikerketaren panorama moldatzen eta aberasten ari da IkerGazte.
Zer aholku emango zenieke kongresura hurreratuko diren Ikergazteei?
Beste Ikergazteengana hurbil daitezen. Kideekiko harremanetatik jasotzen dena altxor bat da, humanoki, baina baita zientifikoki ere!