Maddalen Aristegi Sanchez: "Hilekoaren ziklikotasuna ez da gure gorputzean gertatzen den hormona-dantzaldia soilik"

2025ko urtarrilaren 15a

Maddalen Aristegi Sanchez: "Hilekoaren ziklikotasuna ez da gure gorputzean gertatzen den hormona-dantzaldia soilik"

"Ziklikoak gara. Nire hilekoaren zikloa ezagutzen" ikastaroa emango du UEUrekin otsailean Maddalen Aristegi Sanchezek (Oiartzun, 1991). Magisteritzan diplomatua da eta Psikologian lizentziatua. Sexologian du masterra eta gestalt terapiako formakuntza. Ikastaroaz hitz egiteko izan gara berarekin. Izen-ematea irekita dago.

Hilekoaren gaian jarriko duzu fokua. Zergatik?

Hilekoaren gaian sakondu nahi dugu: ikuspegi biologikotik psikologikora murgilduko gara, ondoren ikuspegi sozial eta anbientalera salto egiteko. Ikuspegi biopsikosozioanbientala landuko dugu. Hilekoaren ziklikotasuna ez da gure gorputzean gertatzen den hormona-dantzaldia soilik, mundu emozionalean eta sozialean gertatzen den ziklo ziklikoa ere bada. Eta, mundu anbientalak ere eragiten du eta gure ziklizitatea bizitzeko moduak naturan (mundu anbientalean) ere eragiten du.

Autoezagutza izango da ikastaroaren helburu nagusia. Ezagutza falta dago?

Gure asmoa ez da “ikastaro magistrala ematea”, elkarrekin hilekoaz eta ziklizitateaz hausnartzeko espazioa bat eskaintzea da. Gorputz menstrualak espazio seguru eta goxoan elkartzen garenean elkarrekin konpartituz elkarrengandik eta elkarrekin asko ikasten dugu.

Norberaren bizipen eta gorputzetan barneratuz norberak bere ziklizitatea ezagutzea da asmoa. Guk ziklo bakoitza nolakoa den esateak ez du guztiz asetzen geure helburua. Izan ere, geure helburua ez da partaideek teoria bat gorpuztea, gorputzetik norberak bere jakintza osatzea baizik. Horretarako ziklogramak eta beste erreminta batzuk nola erabili ikasiko dugu eta ikastaroan zehar erabiliko ditugu.

Norberak bere ziklizitateko faseak nolakoak diren ezagutuz gero, bere egunerokotasunerako erreminta eta estrategia berriak sortzeko aukera izango du, fase bakoitzean behar, nahi, energia eta abar ezberdinak baitira. Eta garrantzitsuena da norberak bere faseak ezagutzen eta identifikatzen ikastea. Horregatik, autoezagutzan oinarrituko gara; izan ere, faseek patroi bati jarraitzen dioten arren, norberaren faseak norberaren kutsuak ditu eta hori ezagutzea ederra da.

Gure gorputzetan zer sinesmen ditugu barneratuta?

Mito asko ditugu barneratuta, eta batzuk oso naturalizatuta. Sinismen batzuek grazia egiten digute: maionesa moztu daitekeelakoa edota dutxatuz gero “erotu” zaitezkeelakoa. Baina, beste asko oso barneratuta ditugu: hilekoaren faseak min ematen duela, erregularra izateak hilekoa 28 egunik behin duzuela esan nahi duela, hilekoa emakumeen kontua dela, zikina dela...

Landu nahi ditugun naturalizazioen artean gure gorputzetako hainbat atal izendatzeko erabiltzen ditugun izenak dira: Falopioren tronpa, ezpain handiak eta txikiak… Honek guztiak atzetik duen historia lantzeko asmoa dugu, gure gorputzeko atal hauen birkonkista eginez eta gureganatuz.

Sinismenak kolektiboak direla hausnartuko dugu, eta baita gizarteko sinismen hauek gure gorputzetan eragiten dizkiguten egonezin eta minak ere kuxkuxeatuko ditugu. Kolektiboki egonezin horiek iraultzeko erremintak sortuko ditugu.

Atzera begira ere jarriko zarete lehenengo hilekora bueltatuz. Zer garrantzi du?

Lehen hilekoaz dugun bizipenari goxotasunez begiratuko diogu. Nor ginen, zer genekien, zer gustatuko litzaigukeen hausnartuko dugu. Garai horretako Niarekin konektatuko dugu, ase gabe geratu ziren beharrak asebetetzen eta goxatzen saiatuko gara.

Lehen hilekoa erritualen garrantziaz hausnartzeko erabiliko dugu. Sorpresa bat dugu prestatuta, ezin dugu gehiago esan!

Nori dago zuzenduta?

Ikastaroa gorputz menstrualei zuzendua dago: izan direnei, direnei eta izango direnei. Hau da, menarkiatik gertu daudenei, hilekoaren zikloan barneratuta daudenei eta plenopausian daudenei.

Ez dugu emakume* hitza erabiltzen, Gorputz menstrual hitza erabiltzen dugu. Izan ere, badira euren burua emakume bezala identifikatzen ez dutenak eta hilekoa dutenak, eta badira euren burua emakume moduan identifikatzen dutenak eta obulazio-hilekoaren ziklorik ez dutenak.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Gure helburua da hilekoaz eta ziklizitateaz elkarrekin hausnartzeko espazioa bat eskaintzea, giro goxoan eta elkarrekin. Gorputz menstrualak espazio goxo eta zainduan elkartzea eta elkarrengandik eta norberarengandik ikastea.



Jakintza-arloak