Lide Totorikaguena: "Obozitoa kannabinoideekin elkartu eta gorputz barnean gertatzen dena gorputzetik kanpo simulatu genuen"
2023ko otsailaren 1a
Lide Totorikaguena Iturriaga (Bilbo, 1990), Biologian graduatua da (UPV/EHU) eta ondoren Ikerketa Biomedikoa masterra egin zuen. EHUko Doktoretza Medikuntza eta Erizaintza fakultateko fisiologia sailean egin zuen masterra, UPV/EHUko Ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko bekari esker. Bruselako "Vrije Universiteit Brussel" Unibertsitateko laborategi batean egonaldia egin ondoren 2020. urtean Biomedikuntzan nazioarteko doktore titulua eskuratu zuen (UPV/EHU). Gaur egun, Giza Fisiologia irakasten du, Medikuntzako graduan (UPV/EHU). UEUko bazkidea ere bada.
Biologia ikasi, biomedikuntzan espezializatu eta ikerketaren bideari ekin zenion.
Batxilergoa amaitu nuenean zaila egin zitzaidan karrera bat aukeratzea. Ikasgai oso ezberdinak maite nituen eta diziplina bakarrera mugatzeak agobiatzen ninduen. Egia da, hala ere, natur zientziak eta bereziki osasun zientziak asko erakartzen nindutela eta Biologia aukeratu nuen adar ezberdin asko zituelako: antropologia, genetika, biologia molekularra, fisiologia... Azken finean biologia hitza beraren definizioa biziaren zientzia da.
Bidean izan ditudan aukerak aprobetxatzen saiatu naiz, helburu oso argi bat izan gabe. Ikerketarako grina karrerako 3. urtean piztu zitzaidala esan dezaket. Erasmus beka bati esker Liejako Unibertsitateko biologia zelularreko ikerketa talde batean egon nintzen; bertan, 3. urtean dauden ikasleek laborategi batean egon eta ikerketa txiki bat egin beharra daukate. Ondoren, txosten bat idatzi eta emaitzak epaimahai baten aurrean aurkeztu behar izaten dituzte, hemen gradu amaierako lana izango litzatekeena. Karrerako azken urtean nahiko argi neukan biologia zelular eta molekularretik espezializatu nahi nuela eta Medikuntza eta Erizaintza fakultateko ugal-fisiologiako ikerketa talde batean barne ikasle izateko aukera eduki nuen. Gustora egon nintzen eta bertan doktoretza tesiarekin jarraitu ahal izan nuen.
Ugalketa tekniketan lagunduko duen sistema ikertu duzu tesian. Nola sortu zen gaia aztertzeko aukera?
Karrerako azken urteetan, ugalketaren fisiologia taldean sartu nintzen barne ikasle, bertan, giza ugalkortasunarekin lotutako hainbat prozesu ikertzen ziren. Azken urteetan lagunduriko tekniken beharra duten kasuak igo egin direla ikusita, arazo erreala dela eta jendeak hormonazioarekin txarto pasatzen duela, paziente horien bizi kalitatea hobetzeko teknikak hobetu nahi genituen.
Lagunduriko ugalketa tekniketan, emakumezkoek, aste bat eta hiru bitartean hormona dosi altuak hartu behar dituzte obarioen estimulaziorako, ahalik eta obulu heldu gehien ateratzeko. Gure ikerketa taldean, besteak beste, obozitoen heltze prozesua aztertzen genbiltzan eta pentsatu genuen emakumeei hormonak ematea ekiditeko bide bat obozitoak In vitro heltzeko (IVM) teknikan zentratzea izan zitekeela.
Obuluen heltze-prozesua obogenesiaren azken etapa da, guztiz garatua dagoen obulua ernalketarako prestatzen denean. Hau da, nerabezarotik aurrera, hilean behin, hilerokoarekin batera hainbat hormona jariatzen dira eta oraindik ondo ezagutzen ez diren seinale zehatzak jasotzean, obulu bakarra obulutegitik irteten da. Heltze-prozesuan obuluak zenbait aldaketa pairatzen ditu baina bakarrak bukatuko du hilero heltze-prozesua eta obulaziora iritsiko da. Hortaz, IVM teknika garatzeak in vitro ernalketa-teknikak optimizatzeko saiakeran aurrera egiten laguntzeaz gain, obozitoen heltzearekin lotutako fenomenoen oinarrizko ezagutza handitzea ahalbidetzen digu.
Obozitoak In vitro heltzeko teknika da ugalketa tekniketako bat. Sistema honen eraginkortasuna hobetzeko egin duzu lan.
Lagunduriko tekniken artean erabilienak dira intseminazio artifiziala (bikotearen edo emaile baten semena emakumearen uterora isurtzen da zuzenean), in vitro ernalketa (ingelesezko terminoarekin ezaguna egin dena, IVF, non emakumearen obuluak bere gorputzetik kanpo ernaltzen diren, hau da, laborategian petri plaka batean) eta espermatozoide-injekzio intrazitoplasmatikoa (ingelesetik datorren ICSI izendapenarekin ezagunagoa dena). Kasu honetan, zuzenean obozitoaren barruan sartzen da aurretiaz mugikortasuna erabat kendu zaion espermatozoide bat. In vitro, beraz, organismo baten kanpo egiten den teknika orori esaten zaio.
Edonola ere, teknika hauetan guztietan emakumezkoek, esan bezala, hormona dosi altuak hartu behar dituzte. Zer arazo dakartza hormonak hartzeak? Emakumeen %10ak txarto erantzuten duela, % 16ak obarioen hiperestimulazio-sindromea izateko arriskua daukala eta, horietatik, kasu larrienetan hiltzeko arriskua era badagoela. Bestalde, zenbait emakumerentzat ez da gomendagarria hormonen bidezko tratamendua, adibidez, obarioetako akats goiztiarra (POF) daukatenentzat, obulutegietako sindrome polikistikodunentzat (PCOS) edota minbiziaren aurkako tratamenduak jaso dituzten pazienteentzat.
IVM teknikarekin ez da hormonarik eman behar edo ez behintzat dosi alturik. Teknika honen bidez emakumeari obuluak erauzten zaizkio medio zehatz batean in vitro heltzeko eta, ondoren, ezagunagoa den in vitro ernalketa (IVF) teknikarekin jarraitzen da.
Hala ere, azken hamarkadan, IVM teknikaren hobekuntza nabarmenak egon diren arren, IVMaren emaitzak ez dira beste ugalketa-teknikak bezain eraginkorrak eta oso aldakorrak dira klinika batetik bestera. IVM prozeduraren ahulguneetariko bat, in vivo heldutako obuluekin alderatuz, in vitro obuluen heldutasun-maila eta blastozistoen tasa baxuagoak direla da.
Kannabinoideetan oinarritutako sistema proposatu duzu zuk. Zergatik kannabinoideak?
Sistema kannabinoidea eta ugalkortasuna uztartu zituzten lehenengo lanetarikoak 70. hamarkatik 80. hamarkadara bitartekoak dira, THCa deskribatu eta gerora. Hurrengo mendera arte ez zen gaiaren inguruko ia ezer publikatu, harik eta Schuel eta lankideek 2002an gizakietan fluxu folikularrean anadamida endokannabinoidea zegoela frogatu zuten arte. Urte batzuk geroago sistema kannabinoidearen hartzaileak eta beste osagai batzuk identifikatu zituzten lehenengoz giza obulutegietan eta obozitoetan, folikulogenesiaren zenbait etapatan. Garai berdintsuan, gure ikerketa-taldea ere bazebilen sistema kannabinoidearen inguruan lanean eta lehenengo aldiz lortu genuen deskribatzea obozitoetan heltze-prozesuan sistema kannabinoideearen osagai batzuen adierazpena eta lokalizazioa. Hortaz oharturik, geroztik gure ikerketa-taldea heltze prozesuan lagungarriak izan zitezkeen estekatzaile interesgarrien bila hasi zen.
Hala ere, guretzat garrantzitsuena eta gure ikerketa-lerro honen hasiera suposatu zuena, kannabinoideek eragiten duten seinaleztapena eta obozitoen heltze-prozesua hasteko gertatu behar den seinaleztapena oso antzekoak direla da.
Nola gehitu zenituzten kannabinoideak obulu heldugabeen hazkuntza inguruneetara?
Gure taldeak sistema kannabinoidea gizakien, behien eta saguen obuluetan adierazten dela baieztatu du, eta beraz, bai behien, saguen zein gizakien obuluekin lan egin dugu. Obuluen heltze-prozesuan kannabinoidearen parte-hartzea ikusita, kannabinoideen bidezko modulazio exogenoa lagungarria izan zitekeela pentsatu genuen. Hurrengo urratsa konposatu kannabinoide horiek hazkuntza-inguruneetan gehitzea izan zen, IVM prozesuan duten eragina ebaluatzeko.
Nire tesian, batez ere, sagu obuluekin lan egin nuen. Sagu obarioak bildu, hortik obuluak erauzi, petri kutxa batera pasatu heltze-inguruneekin eta, 17 orduz heltzen genituen (heltze-prozesuak saguetan irauten duen denbora) THC kontzentrazio gero eta handiagoekin (oso kopuru txikiak hala ere, 100nM gehienez). Erabili genuen kannabinoide mota THCa izan zen, interes handia piztu baitu haren analogo sintetikoak (dronabinola eta nabilona) medikuntzan erabiltzea baimendu direnetik. Gainera, klinikara bideratzekoan, errazagoa da fitokannabinoideak erabiltzea kannabinoide sintetikoak erabiltzea baino. Labur esanda, gorputzetik kanpo heldu behar den obulua kannabinoideekin elkartzean gorputz barnean gertatzen dena simulatu genuen, obuluari exogenoki heltzen laguntzeko hormonen beharrik gabe.
Hurrengo pausua, heltze-prozesuan THCaren eragina baieztatzeko, THCrekin heldutako obuluak in vitro ernaltzea izan zen eta, gero, lortutako enbrioien garapena aztertzea blastozisto etaparaino. Azken finean, lagunduriko ugalketa tekniken helburua haurdun geratzeko aukerak emendatzea baita.
Beste ugaztun batzuen zelulekin lan egitearen arrazoi nagusienetarikoa bioetikoa izan da, legeak esplizituki debekatzen duelako gizakien aurreenbrioiak eta enbrioiak esperimentaziorako soilik eratzea.
Zeintzuk izan ziren ikerketaren emaitzak?
Behiekin eta saguekin egindako esperimentuetan ikusi genuen kannabinoide sintetikoak erabiliz obuluen heltze-prozesua modulatzen zutela. Zehazki, obuluaren heltze-prozesuan garrantzitsuak diren AKT eta ERK1/2 kinasen fosforilazio patroietan aldaketak antzeman ziren. Are gehiago, behietan enbrioiaren kalitatearekin erlazionaturiko geneen adierazpena emendatzen zen.
Nire tesiko emaitzen kasuan, saguen obuluekin egindako esperimentuetan, THCak heltze-prozesua modulatzen duela ikusi genuen. Emaitza horiek bat datoz aurretik kannabinoide sintetikoekin egindako lanekin, THCaren balioa indartuz obuluen heltze-prozesua hobetzeko. Gainera, THC erabiltzeko modu segurua izan zitekeela baieztatu genuen ez baigenuen zelula horien apoptosirik behatu THCarekin trataturiko obuluetan.
THCrekin heldutako obuluetan antzemandako aldaketak zirela eta hurrengo galderak geneuzkan buruan: Eta heltze-prozesuan lan egiten baldin badu eragin positiboarekin edo negatiboarekin? Horretarako knock out deritzen saguekin egin genuen lan, kannabinoide hartzaile bat edo biak isilduta dituzten saguekin. Beste behin, baieztatu genuen kannabinoide hartzaile guztiak zituzten saguetan THCaren eragina hoberako zela, fitokannabinoide honekin inkubaturiko obuluetatik emaitza adierazgarria lortu genuelako, enbrioi-tasa bikoitza eskuratu baikenuen. Eta horrek badu bere garrantzia.
Hala ere, klinikara heltzeko ziurtatu behar da THCa gehituta egindako IVM teknikaren bidez jaiotzen diren belaunaldi berriek garapen normal bat izango dutela.
Orain arteko ugalketa teknikak baino seguruagoa eta merkeagoa den sistema dela zenioen Txiotesian. Egin du aurrera proiektuak?
Momentuz finantziazioa dela eta geldirik dago. Badakigu ez dela behar bezain beste inbertitzen zientzian baina gainera gu bezalako talde txikiek zailago daukagu, dirua ez delako berdin banatzen. Proiektu asko eskatzeko iraupen luzeko kontratudun hainbat doktore egon behar dira taldean eta ikertzaile gehienok iraupen laburreko kontratuak izaten ditugu. Gainera, burokraziaren kontra borrokatu behar dugu, ikertzeko gure denboratik ordu asko kenduz. Beraz, gutxiago ikertzen baldin badugu finantziazio eta denbora ezagatik, gure curriculumak hobetzeko modurik gabe geratzen gara eta proiektuak eskuratzeko aukerak murrizten zaizkigu. Gurpil zoro bat da.
Hala ere, baikorrak gara eta ekinean gabiltza etorkizun batean ikerketa lerro hau berrartzeko.
Ugalketa tekniken beharra handituz doa gizartean. Zein ekarpen egin diezaioke zure ikerketak behar honi?
Ez da bakarrik gero eta helduago garela guraso eta horrek zelula germinalen kalitatea murrizten duela, baizik eta antzutasuna ere gora doa (bizi ohiturengandik, besteak beste). Bestalde, ugal-aparatuko patologiak gero eta azkarrago detektatzen dira eta hainbat dira PCOS, edo endometriosia bezalako gaixotasunak dituztenak (horiek ere antzutasunarekin lotuta).
Horregatik, obozitoen in vitro heltze-teknikei esker, emakume askoren bizi-kalitatea hobetuko lizateke. Hormonen bidezko tratamendua gomendagarria ez den horientzat ez ezik, azken urteotan familia-ereduetan egon den bilakaerarengatik (bikote homosexualak edota guraso bakarrak), gero eta gehiago dira IVM teknikaren onuraz baliatu litezkeenak, antzutasun arazorik izan gabe, teknika hori delako hormonak hartzea ekiditeko teknikarik aproposenetarikoa.
Tesia 2020an aurkeztu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Orain perspektibarekin ikusita, oroitzapen politak ditut. Tesian zehar momentu gogorrak egon dira eta gure taldean bereziki zortea ez dugu lagun izan. Egoera konplikatuak bizi izan ditugu. Hala ere, jakin dugu egoera latz horiei aurre egiten eta oso eskertuta nago inguruan izan dudan babesagatik. Tesiaren esker onetan jada aipatu nuen zientzia egiteko bestelako moduetan sinisten dutenekin topo egin dudala eta eskuzabaltasunez eta umorez inguraturik egon garela. Talde lanean sinesten genuen eta kolektiboki lan egitea eta pentsatzea izan da gure filosofia. Niretzat zientzialari erreferenteak direnak aurrez aurre izan ditut eta izugarri ikasi dut haiengandik urte guzti hauetan.
Koldo Mitxelena tesien sariketa ere irabazi zenuen 2021ean. Zorionak!
Eskerrik asko! Oso pozgarria da tesian egindako lanagatik saritua izatea, baina sari honek bereziki ilusioa egin zidan hainbat urtez ikerketa taldean euskararekiko egin dugun apustuagatik. Beti sinistu dugu kalitatezko zientzia euskaraz egin daitekeela eta zientzia euskaraz dibulgatu.
Txiotesia lehiaketan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia polita eta zaila aldi berean. Txioak idatzi aurretik beti dituzu espektatiba altuegiak eta, azkenean, nahikoa lan izan nuen tesi guztia laburbiltzen! Euskaraz ikertzen aritzen garenontzako ekimen interesgarria iruditzen zait, ez bakarrik norberaren lana era labur eta ulergarrian dibulgatzeko aukera emateagatik baizik eta besteen lana ezagutu eta balioan jartzeko.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Ahalbezain beste ugalkortasunean loturiko proiektuetan ikertzen jarraitzea. Orokorrean ez da erraza ikerlarion ibilbidea, oso lehiakorra da. Atzerrira luzarorako joan nahi ez dugunok oraindik zailago daukagu, eta epe laburreko kontratuak kateatzea lortzen badugu, gaitz erdi. Egun Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean ari naiz lanean irakasle bezala eta ikerlari “Laguntza bidezko ugalketa, ugalketa-osasuna eta transgenesia taldean”. Beraz, ahalik eta gehien aprobetxatzen nabil etapa hau asko gustatzen baizait ikertu eta irakastea.