Libe Solozabal Askasibar: "Familia-harremanak nahiz rolak ulertzeko ezinbestekoa da uneko testuingurua ulertzea"
2024ko martxoaren 25a
"Historiaurretik gaur egunera arteko harreman sozialen oinarria" ikastaroa emango du Libe Solozabal Askasibarrek (1997, Ermua) UEUren Ikasgela Birtualetik Nafarroako Gobernuaren babesarekin. Psikologia sozialean da graduatua bera eta apirilean hasiko den ikastaroaz gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Familiaren historian jarriko duzu fokua. Zergatik?
Familia izan da tradizionalki gizartearen oinarria edo nolabait esanda gizarteratze-prozesuan ezagutzen dugun lehen instituzioa. Gainera, irakasgai hau hezkuntza-eremuko gabeziak estaltzeko sortu zen. Beraz, funtsezkoa iruditu zait nahiko ezezagunak diren antzinatik hona egondako familia-ereduak ezagutaraztea. Uste dut Historia hobeto ulertzen laguntzen dutela eta ikasgelan hausnartzeko balio dutela.
Zeintzuk dira landuko dituzuen gaiak?
Askotariko gaiak landuko ditugu, hiru alor nagusiren inguruan: historia, antropologia eta psikologia. Alderdi asko barne hartzen dituen ikasgaia izanik, ikuspegi orokorra ematen du.
Besteak beste, Historian izandako familia-eredu eta sistema sozialak ikusiko ditugu. Era berean, kulturari buruz arituko gara, munduko erlijio printzipalak zein sinesmenak landuz. Eta baita beste zenbait gai ere, esaterako, eraikuntza sozialak.
Familia-harremanak ulertzen laguntzeko zenbait aldagai landuko dituzu. Zeintzuk?
Familia-harremanak nahiz rolak ulertzeko ezinbestekoa da uneko testuingurua ulertzea. Beraz, antzinatik gaur egun arte egondako eredu hegemonikoak hainbat faktorerekin lotuta daude eta horiek errepasatuko ditugu, hala nola gertakariak eta aldaketak.
Zenbatean eragiten dute horiek gure bizimoduan?
Erabat. Esan bezala, irakasgai hau hainbat alorren inguruan antolatuta dago. Baina, batez ere, psikologia sozialaren ikuspuntutik planteatzen da. Psikologia sozialak aztertzen du nola eragiten dion testuinguruak norbanakoari. Pertsonak izaki sozialak garen heinean, ingurune baten parte gara eta horrek baldintzatzen gaitu, oro har, pentsamenduan nahiz jokabidean.
Nori dago zuzenduta?
Gai hauek interesatzen zaizkion edonori. Bigarren aldia da ikastaro hau emango dudala eta aurrekoan irakasle ia gehienak Lehen Hezkuntzako edo Bigarren Hezkuntzako Historia irakasleak ziren. Ikasgai honek balio du Historiaren ikuspuntu zabalago bat izateko eta gizartea zeharkatzen duten alderdiak hobeto ezagutzeko.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Lehen aldiko erronka berberak ditut. Nire asmoa ikasleek gauza berriak ikastea da. Eta irakasleen kasuan bereziki, ikaskuntza hauek klasean ikasleekin aplikatu ahal izatea.
Bestalde, ikasgaiak hausnarketa eta eztabaida sustatzen ditu. Horrekin gogoeta eta ondorio pertsonalak ateratzea bilatzen dut, eta gai horiek irakasgaitik kanpo lantzea. Horrez gain, ikasgai labur bat izanik, jakin-mina piztea da nire helburua, hala, nork bere kabuz ikertu dezake interesatzen zaiona.