Leyre Rojo Horrillo: "Erronkarieraren azterketak hizkuntzaren alderdi desberdinetako zalantzak argitzen lagun diezaguke"

2024ko abenduaren 16a

Leyre Rojo Horrillo: "Erronkarieraren azterketak hizkuntzaren alderdi desberdinetako zalantzak argitzen lagun diezaguke"

"Erronkarieraren analisi filologiko eta diakronikoa" ekarpenarekin parte hartu zuen Leyre Rojo Horrillok (Gasteiz, 2000) Txiotesia lehiaketan. Euskal Ikasketetako Gradua du eta Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterra. Egun, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Doktoregoan ari da. Bere ikerketaz hitz egiteko izan gara berarekin.

Euskal Ikasketak egin eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero. Zergatik Euskal Ikasketak? Zergatik ikerketaren mundurako saltoa?

Nire ibilbidea domino-efektu baten antzekoa izan da. Euskal Ikasketetako Gradua aukeratu nuen irakasle izatea helburu nuelako. Graduan zehar, euskararen funtzionamenduari buruz gehiago ikasi nuen, eta konturatu nintzen ez zela orain arte eskolan erakutsi ziguten modukoa. Aditz-taula madarikatuek ere logika eta historia dute!

Hirugarren mailan nengoela, euskararen historiari buruzko ikasgaiak bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan, eta horrek bultzatu ninduen ikerketa-lerro horretako Gradu Amaierako Lana egitera. Euskararen ikerketan ekarpenak egiten jarraitzeko gogoz, Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterra egitea erabaki nuen, eta egun, tesiaren ibilbidea hasi berri dut.

Hala ere, nire amak maiz gogorarazten dizkit hasieran izan nituen beldurrak. Ez nuen neure burua gradua egiteko gai ikusten, euskara lehen hizkuntza ez izateagatik eta eskolan ikasi nuelako. Uste nuen hiztun-profil hori ez zela etxetik ikasitakoen parekoa, baina gaur egun, nahiz eta nire amak euskara ez ulertu, eskertzen dut bere alabak ikas zezala ziurtatu izana.

Erronkariera ikertzen ari zara. Nola sortu da aukera?

Gradu Amaierako Laneko gaia aukeratzerakoan, nire tutore Joseba Andoni Lakarrak erronkarierazko gutun batzuez hitz egin zidan; horiek Miguel Rosek idatzitakoak ziren. Batzuetan, ez da istorio harrigarririk, testu horiek aztertzea erabaki bainuen hizkerari buruz ia ezer ez nekienean. Hala ere, erronka horri esker, ikertzaileen artean antzemandako erronkarierari buruzko ezjakintasunak bultzatu ninduen horretaz gehiago ikertzera, ni ere noizbait ardi beltza sentitu izan bainaiz artalde txurian, erronkariera euskararen dialektoen artean deskribatu ohi den bezala.

Zeuk zenioen Txiotesian... Zergatik ikertu hildako hizkuntza bat?

Oso gutxi dakigu hildako hizkuntzei buruz, hau da, batzuetan begi-bistakoa da zergatik desagertzen diren, gehienetan, agian, beste hizkuntza menderatzaile baten eraginez. Hala ere, horrek nola eragiten dio hizkuntza gutxituari? Hau da, mendeko hizkuntzan aldaketak izatea eragin du? Horrez gain, erronkarieraren kasuan, hain zuzen, azken hiztuna Fidela Bernat hiltzean hizkera desagertu zen ala hizkerak bere balio komunikatiboa galdu zuenean? Horregatik, erronkarieraren gaineko ikerketari esker, gure asmoetako bat hildako hizkuntzen bilakaerari buruzko ezezagutza argitzea da.

Horrez gain, erronkariera euskararen dialektalizazio-prozesuari buruz gehiago jakiteko garrantzitsua izan daiteke; izan ere, Mitxelenak zioen Euskara Batu Zaharraren garaian hizkerak ez ziren egun bezain desberdinak eta, beraz, unifikazio linguistiko bat zela. Gerora, hizkeretako berrikuntzek eragin zitzaketen euskalkien arteko bereizketak, eta uste da gainerakoetatik alden zitekeenetako bat erronkaria zela.

Horregatik guztiagatik, erronkarieraren azterketak hizkuntzaren alderdi desberdinetako zalantzak argitzen lagun diezaguke.

Interesa piztu eta ikertua izan den hizkuntza dela diozu. Zerk egiten du berezi?

Askok nabarmendu dituzte hizkeraren ezaugarri bereizgarriak eta, horregatik, hainbat lan dialektologiko lanen ikergai izan da. Esate baterako, euskalkiaren bokal-erorketek arreta jaso dute, adibidez, adizkietakoek: dra, gra, zra, zren… Eta fenomeno horrek, gainera, kontsonante bilkurak eragin ditu: aingru, abrats… Horrez gain, ikertzaileen interesekoak ere izan dira erronkarierazko k-dun erakusleak: kaur, kori, kura… Zer esanik ez, guk Gradu Amaierako Lanean aztertutako n-/l- ondoko kontsonante ahoskabeak, hala nola onki, bilku, alte

Horrez gain, guretzat hildako hizkera izateak ere egiten du berezi, esan bezala, hizkeraren endekapenari buruz gehiago jakiteko aukera ematen baitigu, eta haraneko geografiak ere lagun diezaguke hizkuntza-ukipenak xehatzeko; izan ere, Erronkaribarra Nafarroako ekialdean kokatuta dago, Zuberoa, Biarno eta Aragoi mugakide dituelarik.

Orain arteko ikerketetan atzeman dituzun hutsuneak bete nahi ditu zure ikerketak. Zeintzuk?

Erronkarieraren corpusak ez du lortu arreta beterik, azken 20 urteetako ikerketa-egitasmoetan euskararen hainbat lekukotasun garrantzitsuren azterketa eta edizioa landu badira ere, Erronkari haraneko lekukotasunak edizio-lan horietatik kanpo utzi dituztelako. Horregatik, erronkarierazko lekukotasunak bildu, sailkatu eta editatu nahi ditugu, etorkizuneko ikertzaileek hizkeraren corpusa eskura izan dezaten eta ikerketa berrietarako erabilgarria izan dadin.

Gainera, ikerketetan ez dira hizkeraren baldintza soziolinguistikoak aintzat hartu, hau da, hildako hizkuntza bat da eta hori kontuan hartzea ezinbestekoa da, aurreikusten baitugu haranak bizi izan zuen diglosia-egoera erronkarieraren endekapenaren eragile izan daitekeela, euskalkiaren ezohiko gertakariak sortzea eragin ditzakeen heinean.

Hala ere, hizkera biziberritzeko ahaleginetan gaur egungo Erronkaribarreko hiztunen aktibismoa nabarmendu nahi nuke, asko baitira erronkarierari berriro lekua eman nahi diotenak, ibarra berezi egiten duena, hein handi batean, euskalkiari zor zaiolako. Horri esker, erronkariera berriro ikergaia bihurtu da eta, horren adibide, besteak beste, berriki argitaratu diren Aitor Arana, Josune Aznarez, Alberto Angos eta Gotzon Perezen lanak ditugu. Horrenbestez, gure ikerketarekin ere harri-koskorra ekarri nahi dugu.

Ikerketaren zer fasetan zaude?

Urtarrilean ekin genion erronka berri honi, Eusko Jaurlaritzaren Doktoratu Aurreko beka lortzean. Lehenengo urte honetan, analisi filologikoari heldu diogu eta, horretarako, erronkarierazko lekukotasun guztiak bildu eta transkribatu ditugu. Horrela, behin-behineko katalogo bat egin dugu.

Testu guztiak bildu ditugula, pixkanaka-pixkanaka horiek aztertzen ari gara, hain zuzen ere, azken hilabete hauetan Mendigatxaren gutunak sakon ikertzen ibili gara, eta lortutako aurrerapenak laster argitaratzea espero dugu. Beraz, hemendik aurrera hizkeraren analisi diakronikoan eta soziolinguistikoan sakonduko dugu.

Tesia egiten hasi berri zara... Nolakoa izaten ari da prozesua?

Egia da tesiaren ibilbidea bakartia izan daitekeela. Zu zara zure lanaren arduradun bakarra eta ikertzaileok saiatu behar dugu erritmo jarraitua mantentzen. Batzuetan, motibazioa ere galtzen ari garela sentitzen dugu. Hala ere, gogoan izan behar dugu ibilbide honek luze joko duela eta uste dut denok errusiar mendi batean gaudelako sentsazioa dugula. Horregatik, oso lagungarria da zure bidea uler dezakeen jendeaz inguratzea eta, batez ere, aisialdi-uneak ere izatea.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Txiotesia esperientzia oso gustuko izan nuen. Parte hartzen nuen lehenengo aldia zen eta zaila iruditu zitzaidan gure lana pare bat esalditan laburbiltzea. Hala ere, sintetizatzen laguntzen du eta, batez ere, beste ikertzaileak eta haien tesiak ezagutzeko, batzuetan ez baikara konturatzen asko garela bide hau aukeratu dugunok.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Nire erronkarik handiena tesia hiru urtetan amaitzea izango da kar, kar, kar. Dena dela, hori lortzen saiatuko gara eta, era berean, erronkariera ezagutarazi nahi dugu. Aurten, Madrilen eta Santiago de Compostela hirietako kongresuetan izan gara eta, horri esker, aukera izan dugu euskara, erronkariera eta gure lanaren berri emateko. Beraz, hizkeraren garrantzia defendatzen jarraituko dugu, ingurukoek ikus dezaten erronkariera zerk egiten duen berezi.

Jakintza-arloak