Kebir Colmenero: "Txikitatik bermatu behar dugu hizkuntza bat jatorriz ez hitz egiteak ez duela inolako arazo edo konnotazio negatiborik"
2023ko maiatzaren 24a
Kebir Colmenerok (Santurtzi, 1995) Ingeles Filologia ikasi zuen eta ondoren, hizkuntzen jabekuntzaren inguruko masterra egin zuen. Euskara irakasle natibo eta ez-natiboen gainean ikasle, guraso eta irakasleek duten iritzi eta jarrera du aztergai tesian.
Ingeles Filologiako ikasketak egin zenituen eta Laslab Ikerketa Taldean ari zara tesia egiten.
Txikitatik gustatu zait ingelesarekin zerikusia zuen edozer: pelikulak, serieak, musika, liburuak... Oso lotsagabea izan naiz betidanik, eta topatzen nuen ingeles hiztun bakoitzarekin edozein elkarrizketa izateko ahaleginak egiten nituen. Batxilergoa bukatutakoan ingelesarekiko lotura estua neukan eta nire gaitasunak hobetzeko helburuarekin Ingeles Ikasketak egitea erabaki nuen. 18 urterekin, oraindik, ez nuen ikerketaren mundua kontenplatzen. Gradua bukatutakoan hizkuntzen jabekuntzaren inguruko masterra egin nuen eta bertan ezagutu nuen ikerketaren mundua. Oso pertsona kuxkuxeroa naiz eta nolabait irakaskuntza eta ikerketa konbinatzen dituen alorra nire lekua dela uste dut.
Euskara irakasle natiboak eta ez-natiboak dituzu ikergai. Nortzuk dira batak eta besteak?
Nor definitzen dugun euskara irakasle natibo edo ez-natibo gisa, hor dago koxka. Oso gai eztabaidagarria da, eta ingelesean askoz errazagoa izan arren, euskaran korapilatsuagoa da. Oro har, euskara irakasle natiboa euskara ama-hizkuntza duen irakaslea da, eta ez-natiboa hizkuntza nerabezaroan edo helduaroan ikasi duena. Gure hizkuntzaren kasuan askoz konplexuagoa da, tokia eta erabilera direla eta. Komunzki, euskaldun zahartzat hartzen dugu Bermeo edo Ondarroa bezalako esparru euskaldun batean jaio eta hazi den pertsona bat, baina aita edo ama euskaldunak dituen eta Bilbon bertan jaio den pertsona bat ere euskara hiztun natiboa izan daiteke. Euskararen erabilerak ere askotan zeregin handia dauka, hiztun natiboa izan ahal baitzara eta euskara ez erabili, eta alderantziz. Oso gai konplexua da eta eztabaida honetan zilegitasun, identitate eta botere kontu ugari nahasten dira, beraz errespetuz eta arreta handiz tratatu behar dira parte guztiak. Egin litekeen gauzarik onena etiketa hauek ezabatzea eta hiztun guztiak berdintzat jotzea izango litzateke, baina momentuz bertatik urrun gaude.
Zehazki irakasle natiboekiko eta ez-natiboekiko jarrera da aztertu nahi izan duzuna. Zergatik gaia? Nola sortu zen aukera?
Ingelesaren kasuan, asko ikertu da irakasle ez-natiboek hizkuntza jatorriz hitz ez egiteagatik sufritzen duten diskriminazioa eta legitimazio falta. Nik neuk, ingeles irakasle gisa, jasan dut diskriminazio hori zenbait lanpostutan eta elkarrizketatan. Nolabaiteko zilegitasun falta hori euskararen kasuan ere sentitu dut, txikitatik euskaldun zaharra izanda nire euskararen erabilera oso mugatua izan da, Bilbo ez baita euskararen erabileraren aldetik eremu indartsua eta nire inguruan gaztelera nagusitzen baita. Horregatik, askotan beste euskaldunekin hitz egiterakoan nolabait gutxitua sentitu naiz, “zilegizko” euskalduna ez banintz bezala. Sentimendu eta ardura hauek irakaskuntza mundura ekarriz, neure buruari galdetu nion ea euskara irakasleek bizipen hauek pairatzen zituzten eta ea aurreiritziok haien irakaskuntza eta klase-dinamiketan eraginik zeukaten. Momentura arte egindako ikerketa lanak aztertu nituen eta hutsune bat topatu nuen arlo honetan.
Irakasleen, ikasleen eta gurasoen iritzia jaso nahi izan duzu. Nola?
Galdetegi eta talde-elkarrizketen bidez 560 ikasle, guraso eta irakasleren iritziak jaso ditut. Galdetegietan partaide bakoitzak euskara eta ingeles irakasle natibo eta ez-natiboekiko dituen iritziak eta jarrerak aztertu ditut, haien adostasuna eta desadostasuna neurtuz adierazpen batzuen aurrean. Azpigai asko landu ditut, besteak beste, partaideen irakasle gogokoena, irakasle bakoitzarekin ikasteko motibazioa, indarguneak eta ahultasunak. Galdetegiek zenbakizko informazio baliagarria eskaini arren, mamia partaideekin egindako elkarrizketetan dago, non ikasle, guraso eta ikasleek euren bizipen eta esperientziekin ikerketa aberastu duten.
Emaitzek zer diote... euskara natibo izateari garrantzia ematen zaio?
Orokorki, emaitzek diote ingelesean zein euskaran garrantzia ematen diogula irakaslea natiboa izateari, baina ingelesean balio hori askoz nabarmenagoa da. Euskararen kasuan, gurasoak eta irakasleak berak dira natiboekiko preferentzia nabarmenenak dituztenak, kasu askotan irakasle ez-natiboak gutxietsiz. Ikasleen testigantzetan, natiboekiko lehentasuna adierazi arren, irakasleen irakaskuntza-gaitasunei, enpatiari eta komunikazio-trebetasunari ematen diete garrantzi handiagoa. Hala ere, hizkuntzak jatorriz hitz ez egiteari aurreiritzi negatibo asko atxikitzen dizkiote ikasle, guraso zein irakasleek.
Zergatik natiboaren aldeko jarrera hau?
Ingelesaren kasuan natiboekiko jarrera hau oso normalizatua dago: testuliburuek, irakaskuntza-materialek eta publizitateak irakasle natiboen figura goraipatu dute urte askotan zehar. Akademiek “irakasle natiboak bakarrik” bezalako esloganak erabiltzen dituzte eta britainiar/amerikar ereduak imitatzea izan ohi da eskolen helburu nagusia. Tesiaren datuek nolabait adierazten dute ingelesean dagoen hiztun natiboen preferentzia hau euskarara transmititu izan dela, irakasle euskaldun zaharrak goraipatuz eta euskaldun berriak gutxietsiz. Zoritxarrez, komunikabideetan zein hezkuntzan erabiltzen diren eredu gehienak natiboak dira, eta ikuspegi bakar horrek partaideen jarreretan eragina du.
Jarrera honen arriskuak mahai gainean jarri dituzu. Zer ondorio ekar ditzake?
Euskararen kasuan bereziki ondorioak kezkagarriak izan daitezke. Irakasle ez-natiboekiko dauden jarrera negatibo hauek euskaldun berriei zilegitasuna kentzen diete, nolabait “benetako euskaldunak” ez balira bezala. Ideia hauek, irakasleengan eragiteaz gain, euskara hiztun ez-natibo guztiengan dute eragina, haien hizkuntzaren erabilerari konnotazio negatibo asko atxikitzen baitizkiote, eta horrek haien euskararen erabilera gutxitu dezake. Hizkuntza gutxituen esparruan hiztunen jarrera positiboak suspertzea eta hizkuntzaren erabilera eta ikaskuntza bultzatzea funtsezkoa da, eta ikerketan topatutako jarrera negatiboek kontrako norabidean zuzentzen gaituzte.
Euskararen garapen eta transmisiorako jarrera-aldaketa garrantzitsua dela diozu. Nondik hasi? Non eragin?
Nire ustez, jarrera hauek aldatzeko abiapuntua hezkuntza da. Ikastoletan eta hizkuntza-eskoletan ingeles zein euskararen irakaskuntzan erabiltzen diren ereduetan hiztun ez-natiboak txertatu behar dira, erabilera ez-natiboak normalizatzeko eta legitimatzeko. Txikitatik bermatu behar dugu hizkuntza bat jatorriz ez hitz egiteak ez duela inolako arazo edo konnotazio negatiborik, haiena natiboen hizkuntza bezain baliozkoa dela ziurtatuz. Banakako mailan, topatzen ditugun hizkuntza-ikasle eta -erabiltzaile ez-natiboen hizkuntza kritikatu edo epaitu beharrean, haien ahaleginak baloratu eta hizkuntzaren erabilera bermatu behar dugu, bereziki euskara bezalako hizkuntza gutxituen garapena sustatzeko.
Txiotesiaren 6. edizioko parte-hartzailea izan zinen. Nola bizi izan zenuen eguna?
Egia esanda oso zirraragarria izan zen. Lau urteko lana 6 esaldi ulergarri eta erakargarritan laburtzea kristoren erronka izan zen, baina komunikatzaile moduan ezinbestekoa dela deritzot. Txioak igo ondoren oso pizgarria izan zen beste partaide edo pertsonen iritzi eta animoak jasotzea. Txiotesiari esker nire gaiarekin zerikusia daukaten beste ikerlari batzuk ezagutu nituen eta oso aberasgarria izan zen pertsonalki eta akademikoki.
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Oraintxe bertan tesia bukatzen ari naiz. Nirea artikulu-bildumaren bidezko tesia da, eta gai beraren inguruko lan edo publikazio desberdinak argitaratuz egiten da. Nire kasuan, bost artikulu desberdin idatzi eta argitaratu ditut eta orain guztiak biltzen dituen laburpen moduko bat idazten ari naiz. Asmoa da aurten defendatzea eta etapa hau bukatzea. Ondoren datorren post-dokak bertigo handi samarra sentiarazten dit, beraz ikusiko dugu zer gertatzen den.