Jon Torner: "Testuak agian azkarrago idatziko ditugu, baina kazetariak hor egon beharko du derrigor"
2023ko ekainaren 20a
"HDEH2023: Adimen Artifiziala Auzitan" jardunaldia egingo da ekainaren 20an, Errenterian. Badalab-ek, Errenteriako Udalak eta UEUk antolatu dute elkarlanean eta hiru ardatz tematikoren inguruan (kazetaritza, hezkuntza eta arte-sorkuntza) teknologia hauen eta hauen inguruko diskurtsoen aldeko eta aurkako arrazoiak ezagutu, aletu eta eztabaidatuko dira. "Adimen Artifiziala eta kazetaritza" mahai-inguruan parte hartuko du Jon Torner Zabala (Zumarraga, 1977) kazetariak. Berarekin izan gara gaiaren gainean hitz egiteko.
Adimen Artifiziala begirada desberdinetatik aztertuko da jardunaldian. Zure kasuan kazetaritzaren esparrutik.
Hala da, ARGIAko lankideon artean hitz egindakoak eta beste ekarriko ditut jardunaldira, apur bat esplikatzeko AA nola bizi dugun. Ez espero teoria potolorik, iraultza hau oso azkar gertatzen ari da eta ezinezkoa zait ondorioak aurreikustea... Hitz egin nahiko nuke, batetik, AA tresnek gurean izan dezaketen eraginaz; eta, bestetik, periodistikoki zer gairen gainean egon behar dugun adi.
Zer aukera eskaintzen ditu Adimen Artifizialak kazetaritzan?
Itzultzaile neuronalak-eta sekulako tresnak dira, euskaraz aritzean are gehiago. Maiz esaten dugu, euskarazko kazetariok lan bikoitza egin behar dugula batzuetan, prentsa-oharrak edota aipuak jatorrizkotik gurera ekartzen. Itzulpen-lan horrek badu alde ona, testuari zure ukitua eman ahal diozulako, baina denbora –ai, denbora!– kentzen du... Horratx gakoetako bat, AAri esker lan “astun” zenbait kentzen bazaizkigu...
Diotenez, AA generatiboa gai izango da erreportajeen titularrak sortzeko, elkarrizketatuari zer galdera egin proposatzeko... Ez dakit horri buruz zer esan, harrigarria iruditzen zait.
Oro har, testu zein irudietan oinarritutako AAk zer eragin izango duen, uf, oso zaila egiten zait deus esatea. Erantzuten hasi eta kontraesanean eroriko nintzateke etengabe, hain da gai zabal eta ezezaguna. Eta hain azkar doa dena...
... eta zer arrisku?
Esatera nindoan “gezurraren” eta “egiaren” arteko mugak lausotzen direla, baina... lehen ere ez al ziren ba lausoak? Esaten dutenez, kazetari-lanbidea errotik aldatuko dute, baita arriskuan jarri ere. Ez dakit, testuak agian azkarrago idatziko ditugu, baina kazetariak hor egon beharko du derrigor, testua orrazten, informazioa egiaztatzen –are zorrotzago agian–, elkarrizketak egiten...
Egile- edo jabetza-eskubideen afera ere behar da aipatu, edo iturrien aitortza... bada saltsa.
Algoritmoen kontua ere badago, erregistro publikoa lortzearena... horrek garamatza “kontrolaren” auzira. Noren esku utziko dugu AAren kontrol eta kudeaketa?
Adimen Artifiziala probatzeko aukerarik izan duzu? Zer-nolakoa izan da esperientzia?
ChatGPT modukoekin aritu naiz saltseatzen, eta irudiak sortzeko programekin. Flipatzekoa da: emaitza –fundamentuzkoa izan ala ez, hori beste kontu bat da– bi segundoan duzu. Dena den, irudien kasuan, buruan dituzun irudi konkretu batzuk sortzea oso zaila da, agindu oso zehatzak eman behar dituzu. Tira, nik ez dut behintzat berehalakoan afinatu.
Hala ere, egiari zor, erreportaje baten aitzakian aritu nintzen tresna horiekin jo eta ke, baina ordutik ez ditut erabili. Kontzienteki ez behintzat; ziur AA oinarri duten beste baliabide batzuk erabili ditudala...
Zer da auziaren aurrean kazetaritzak hartu behar duen bidea? Erantzun bateraturik badago?
Uf, ez dakit. Adi egon behar dugu derrigor. Batetik, gure jarduna “hobetzeko” baliagarriak diren aplikazioak aintzat hartu behar ditugu. Eta, era berean, konpainia handien edota estatuen diskurtsoei adi egon: zergatik esaten duten hau eta beste, zer botere-harreman dagoen horren atzean...
Erantzun bateratuari dagokionez, euskaraz ari garen kazetarien artean sumatzen da interesa guztien artean corpus ahalik eta handiena osatzeko, baina esango nuke (nire ezjakintasunetik) estrategia orokor bateraturik ez dagoela.
Zer da jardunaldiarekin lortu nahiko zenukeena?
Ez noa inor konbentzitzera edo kristolako teoria potoloak haizatzera. Nahi dut, batetik, AAri loturiko ARGIAren jardunaz hitz egitea; eta, bestetik, AAri buruz gauza berriak ikastea eta harremanak egitea, pertsonalki eta kazetari moduan.
Zerbait nabarmenduko zenuke?
Adituei entzun behar diegu, eta haiei ahotsa eman. Ez mundu zabalean ezagunak diren aditu (eta negozio-gizon) “handi” horiei bakarrik, baita inguruan dauzkagun horiei ere (euskararen alorrekoak, software librea, irakaskuntza...).