Jon Ortuondo Barcena: "Jolas kooperatiboak garapen fisikoa sustatzeaz aparte efektu positiboak ditu ikasleen dimentsio kognitibo, psikologiko, sozial eta afektiboan"
2024ko urriaren 4a
"Jolas kooperatiboak" ikastaroa emango du UEUrekin Jon Ortuondo Barcenak (Trapagaran, 1985). Irakasle Ikasketetan da diplomatua (EHU), Jarduera Fisiko eta Kirolean lizentziatua (EHU), Jarduera Fisiko eta Kirolaren ikerketan du masterra(EHU) eta Jarduera Fisiko eta Kirolean da doktorea (EHU). Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.
Jolas kooperatiboen gaia landuko duzu ikastaroan. Zer aukera eskaintzen dute?
Bai, talde-kohesioa lantzeko dinamika kooperatiboak eta jolas kooperatiboen gaiak jorratuko ditugu ikastaroan. Jolas kooperatiboak ekarpen garrantzitsuak egiten ditu bai hezkuntza-arloan, bai garapen pertsonal eta sozialean. Gaitasun sozialak sustatzen ditu, hala nola lankidetza, enpatia eta komunikazioa, aldi berean garapen emozionala bultzatuz, parte-hartzaileei euren emozioak eta besteenak kudeatzen lagunduz. Gainera, autoestimua indartzen du, lehiaren ordez lankidetzan oinarrituta egotean, ingurune inklusibo eta parte-hartzaile bat bultzatuz, non denek euren ekarpena egin dezaketen, gaitasunak edozein izanik ere. Hori dela eta, elkarren arteko laguntza eta elkartasuna sustatzeko testuinguru paregabeak eskaintzen dizkigute jarduera ludiko kooperatiboek.
Nola inplementatu ikastetxeetan?
Ikastaroan, jolas kooperatiboen inplementazioa funtsezko printzipio batzuei jarraituz egingo da, horien eraginkortasuna bermatzeko. Lehenik eta behin, garrantzitsua da progresio egoki bat errespetatzea, jarduera sinpleekin hasiz eta pixkanaka zailtasuna handituz, parte-hartzaileek konfiantza eta gaitasunak eskuratzen dituzten heinean. Gainera, inplementazioa azpifaseetan egituratuko da, prozesuari koherentzia emanez eta urrats bakoitza azpifase bakoitzaren helburuekin bat etorriz. Azkenik, taldekatzeetan progresioa errespetatuko da, hasieran talde txiki eta malguekin hasi eta pixkanaka talde handiago eta egonkorragoetara igaroko da, lankidetza bidezko ikaskuntza eta inklusioa bultzatuz.
Ezagutzak ez dira soilik Gorputz Hezkuntza arlora bideratuko.
Ikastaroa beste arlo batzuetara ere bideratuta dago, heziketa fisikoaz gain; izan ere, lehen aipatu dudan bezala, jolas kooperatiboaren balio pedagogikoa zeharkakoa da. Ebidentzia zientifikoak bermatzen duenaren arabera, jolas kooperatiboak garapen fisikoa sustatzeaz aparte efektu positiboak ditu ikasleen dimentsio kognitibo, psikologiko, sozial eta afektiboan, eta horrek beste arlo batzuetan ere eragin handia du. Gaitasun motorrak ekarpen handiak egiten ditu hainbat esparrutan, hala nola talde kohesioa hobetzen laguntzen du klase batean, eta horrek zuzeneko eragina du ikasleen emaitza akademikoetan. Kohesio handiagoa duen talde batek hobeto kooperatzen du, lan-giro positiboagoa sortzen du, eta horrek ikaskuntza hobetzen du.
Sor daitezkeen arazoei buruz ere hitz egingo duzue.
Ikastaroan, jolas kooperatiboak inplementatzean sor daitezkeen zailtasunak ere landuko ditugu. Ikasleen artean, taldean lan egiteko erresistentziak edo zailtasunak ager daitezke. Irakasleen kasuan, taldeak kudeatzeaz gain, joko kooperatiboetan esperientzia eta formazio falta dira oztopo nagusiak. Azkenik, testuinguruak ere erronkak sor ditzake, bereziki, gaur egungo gizartean barneratuta dagoen lehiakortasunak eragina izan dezake ikasleen jarreran.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaroa hurrengo irakasleei dago bideratuta: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakasleei, Bigarren Hezkuntzako Gorputz Hezkuntzako irakasleei, aisialdiko monitoreei, Haur Hezkuntzako Graduko ikasleei, Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleei, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak Graduko ikasleei.