Jokin Apalategi: "Euskal kantagintzaren urte zoriontsu haiek bizirik irauteko balioko balu, mereziko luke liburuak"

2023ko ekainaren 21a

Jokin Apalategi: "Euskal kantagintzaren urte zoriontsu haiek bizirik irauteko balioko balu, mereziko luke liburuak"
Paulo Iztueta eta Jokin Apalategi Baionan

Maite Idirin, herrigintzan kantuz liburua argitaratu berri dute Jokin Apalategi Begiristainek eta Paulo Iztueta Armendarizek UEUrekin. Gaur aurkeztu dute liburua Baionan, Eusko Ikaskuntzaren egoitzan. Jokin Apalategirekin izan gara liburuaz hitz egiteko. Apalategi, Soziologian doktorea da, Gizarte Psikologiako katedraduna eta Maite Idirinen senarra.

Maite Idirin, herrigintzan kantuz liburua argitaratu berri duzu Paulo Iztuetarekin batera. Nola sortu da ideia?

Maite gaixorik jarri zenean neure buruari galdetu nion ea ezingo nuen zerbait egin Maiteren historiaz bera oraino bizirik dagoenean. Horrela alaitasun bat emango nion bizirik dagoen bitartean.

Zeberion hasi zen kantatzen, 1969an, eta urte berean aurkeztu zuen bere lehen diskoa. Bizkor erakarri zuen entzulea haren kantuak.

Egia esan, zeharo lasterka, ezerezetik gauzatzera igaro zen bere gogoan bizi zuena. Baina, Maite, bere bizitzako mugimendu guztietan izan da horrelakoa.

Kantagintzarekin herrigintza zerbitzatzeko hautua hartu zuen. Ondorioak izan zituen horrek.

Kantagintzan hasterako herrigintzan konprometiturik zebilen, noski. Horrela ulertzen da hain fite bi jokabideak hain sendo lotu izana. Bistan da hori ondorioz josita egon zela. Kantua eta militantzia mota bat hain argi eta garbi lotzean ez zegoen ezbairik bera nondik nora zebilen.

Parisen elkartu zineten hirurok eta egoera berezi horretako bizipenak jasotzen dira liburuan: erbesteratzea, Europako birak...

Halabeharrez, Maite, Paulo eta Jokin elkarrekin aurkitu ginen goizetik gauerako bide laburrean. Horrek, besteak beste, adierazten du, bakoitzak berean, baina antzeko jokabideak genituela garai hartan hirurok.

Kantagintzan egindako ibilbidea dokumentatu da liburuan: garaian garaiko argazkiak, abestien pentagramak, letrak... Zer jaso nahi izan duzue?

Kantagintzan egindako ibilbidea oso argazki gutxirekin ilustratu dugu, jakinean, ehunka argazki dauzkagula horri loturik gure etxean. Gero, galdera egin izan diogu geure buruari, ea emandako argazkiak ongi hautatu ditugun ala ez. Beharbada, oso bestelakoak baina aberatsak ere bazterturik gelditu zaizkigu gutxinez oraingoan. Hori dela eta, osagarri ezinbestekoa izan da abestien pentagramak eta letrak argitara ematea. Egunen batez, beste norbaitek erabili nahi baditu, beste aukera batzuk ukan ditzala kontuan izan dugu hori horrela egitean.

Zer da liburuarekin lortu nahi duzuena?

Uste dugu milaka eta milaka lagunek zoriona adierazi dutela hainbat aldiz eta bizirik irauteko modu bat izan daitekeela horrela landutako liburua plazaratzean. Eta mereziko luke, euskal kantagintzaren urte zoriontsu haiek, besteak beste, bizirik irauteko balioko balu argitaratu dugun liburuak.

UEUrekin liburu hau argitaratzea ere ez da kasualitatea.

Inolaz ere ez da kasualitateat UEU argitaldari bilakatzea. Azken funtsean, UEUko kide bakoitzak bere neurrian eta egoeratik antzeko ibilbideak bizi izan baititu urte luzeetan, noski. Horrela, bada, UEU baino argitaletxe hoberik ez genuen ikusten Maiteren lanaren berri zazpi eskualdeetara zabaltzeko. Gainera, Maite bera hainbat urtez, UEUn, udako ikastaroetan, kantu irakasle ere izana dugu!

Jakintza-arloak