Janire Alonso Puyo: "Diagnosi goiztiar baten bidez sarkopeniari tratamendua jarri ahalko zaio"

2024ko urriaren 2a

Janire Alonso Puyo: "Diagnosi goiztiar baten bidez sarkopeniari tratamendua jarri ahalko zaio"

Janire Alonso Puyok (Algorta-Getxo, 1998) Biologiako Gradua eta Ikerketa Biomedikoa Masterra ikasi zituen. Doktore-tesia egiten ari da eta bere ikerketa-lana modu laburrean azaldu zuen Txiotesia7 lehiaketan: "Sarkopennia Biomarkatzaile bila". Orain lan horretaz sakonago hitz egiteko tartea hartu dugu.

Zergatik Biologia ikasketak? Zergatik ikerkuntza?

Txikitatik interes handia izan dut gorputzean gertatzen diren prozesuak nola gertatzen diren ulertzeko. Beraz, laster ulertu nuen nire etorkizun profesionala ikerketan oinarritu behar zela. Hori argi izanda, eta interes handiena sortzen didaten gaiak biomedikuntzarekin erlazionatzen direnez, Biologia ikastea aukeratu nuen.

Sarkopenia sindromearen inguruan ikertzen zabiltza. Zer da sarkopenia?

Sarkopenia muskulu-masa, indar- eta funtzionaltasun-galera eragiten duen eta pertsona nagusiengan prebalentzia handia duen sindromea da. Sindrome hau fase goiztiarretan itzulgarria da. Hori dela eta, azken urteetan diagnosia errazteko ikerketek garrantzi handia hartu dute.

Sarkopenia pairatzen duten pertsonek bizi-kalitate murriztua dute, funtzio muskularraren galerak, batez ere, pertsonek eguneroko bizi-jarduera (sofa batean eseri edo altxatzea, eskailerak igo eta jaistea, marmelada-poto bat ireki ahal izatea…) asko egiteko gaitasuna murriztu egiten du. Jarduera horiek aurrera eramateko gaitasun-galerak pertsona nagusien mendekotasun-arriskua areagotu egiten du, independente izateko ahalmena gutxinaka gutxituz. Horrez gain, sarkopenia pairatzen duten pertsona nagusiek ospitalizazioak izateko eta heriotza-arriskua handitua aurkezten dute.

Diagnostikatu daiteke, baina ez da horren erraza.

Sarkopeniaren diagnosia zaila, luzea eta garestia da. Gaur egun, gehienetan sintoma nabarmenak agertu arte ezin da diagnosia egin; izan ere, neurketak muskulu-indar eta -masaren kuantifikazioan oinarritzen dira. Inork sarkopenia pairatzen duen susmoa egonda, medikuek diagnosia aurrera eramateko zenbait proba funtzional erabiltzen dira, eskuko indarra (hand-grip) edota aulkitik altxatzeko gaitasuna (chair stand test), hurrenez hurren. Geroago, sarkopenia baieztatzeko, gorputzeko masa muskularra neurtzen da. Horren kuantifikazioa egiteko irudi bidezko diagnosi-teknikak, hala nola ekografiak, erresonantzia magnetikoak, dentsitometriak… erabiltzen dira. Azkenik, pazienteen larritasuna zehazteko ibiltzean abiadura eta oreka dinamikoa neurtzeko zenbait proba egiten dira. Test fisiko horien artean aurki daitezke, adibidez, joan-etorri kronometratuak, oinez 6 minututan egin dezaketen distantzia maximoa, eta gehiago. Test horiek egiteko leku eta denbora asko behar da paziente bakoitzeko. Horrez gain, probetarako erabili behar den ekipamendua garestia da, leku asko hartzen duena eta oso langile espezializatuak behar dituena, hala nola dentsitometriak egiteko... Gainera sarkopeniaren diagnosia batik bat sindromea itzulezin bilakatzen denean ahalbidetzen dute.

Ondorioz, sarkopeniaren diagnosia zaila, luzea eta garestia izateaz gain, ez du balio sindrome hau fase goiztiarretan detektatu eta tratamendua jartzeko. Hori dela eta, garrantzi handia hartu dute diagnosi-prozesua errazteko ikerketek. Horretarako biomarkadore molekularrak diagnostikoan etorkizun handiko potentziala duten tresnak dira.

Muskulu-zeluletan gertatzen dena argitzeko hainbat estrategia garatu dituzue. Zein izan da prozedura?

Duela urte batzuetatik hona, AgeingOn ikerketa-taldea sarkopenia eta zahartze-prozesuan agertzen den hauskortasuna ikertzen aritu da. Ikerketa horretan, alde batetik, sarkopenia zuten eta ospitalizatuak izan ziren pertsonek eta, beste alde batetik, sindromea pairatzen zuten eta nagusien egoitzetan zeuden pertsonek ariketa fisikoen programa kontrolatu batean parte hartzea lortu zuten. Programa hori progresiboa eta pertsonalizatua izan zen, indarra, erresistentzia eta oreka hobetzeko ariketa espezifikoekin. Sarkopeniaren biomarkatzaileak bilatzeko, programa horretan parte hartu zuten pertsonen serum-laginak aztertu ziren, programa hasi baino lehen eta bukatzean. Ikerketa-prozesu horretan, sarkopeniaren garapenean zehar interesgarriak izan ahal diren molekulak aurkitu dira.

Serum-laginetan gertatzen zena aztertu ondoren, zelulen barruan zer gertatzen zen jakitea bilakatu zen gure lehentasuna. Egia esanda, interesgarriena sarkopenia duten pertsona nagusien muskulu-zelulak erabiltzea izango litzateke. Baina hori lortzeko modu bakarra pertsonei muskulu-biopsiak egitea zenez, beste estrategia desberdin bat garatzen hasi ginen. Horretarako, laborategian hazi eta zahartu ahal ditugun arratoi-zelulak erabiltzea adostu genuen. Zelula horiek giza zelulekin konparatuta oso mekanismo antzekoak dituzte, beraz, muskuluen zahartze-prozesua ikertzeko baliagarriak dira.

Sindrome hau oso konplexua denez, muskulu-zelulei nola eragiten dien aztertzeko, zelulan dauden egitura nagusi guztiak aztertzea interesgarria egin zaigu. Horretarako, muskulu-zelulen material genetikoa, proteinak eta lipidoak osotasunean aztertzea pentsatu dugu, eta pertsona nagusien serum-laginen behatze masiboa egiten ari gara, modu horretan profil proteomiko eta genomikoa ezagutzeko. Horrez gain, sarkopenia-eredu longitudinala garatuko dugu arratoi-zelulen bidez. Eredu hori karakterizatu eta geneen eta proteinen adierazpena aztertuko dugu aurretik aurkituriko biomarkatzaileak balioztatzeko.

Zer diote orain arteko emaitzek?

Zenbait atariko emaitza lortu ditugu jada. Serum-laginetan eta arratoi-zeluletan jada balioztatu da muskulu-sintesian, homeostasian, metabolismo energetikoan eta botere antioxidatzailean parte hartzen duten zenbait molekularen asoziazioa. Horrez gain, sindrome honen patologian bitarteko metabolitoek mekanismo alteratuak dituztela ere ikusi dugu.

Diagnosi goiztiarra erraztuko luke zure ikerketak. Nola eragingo luke horrek pertsona nagusien bizi-kalitatean?

Eskuartean dugun ikerketa-proiektuak, aipatu bezala, diagnosi goiztiarra erraztuko luke. Horren ondorioz, pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetuko litzateke. Izan ere, diagnosi goiztiar baten bidez sarkopeniari tratamendua (ariketa fisikoen programa baten bitartez, dietaren bidez…) jarri ahalko zaio, eta ondorioz, sindromea pairatu baino lehenagoko edo antzeko egoerara bueltatu ahalko dira pertsonak. Are gehiago, diagnosi goiztiarrerako erabiliko diren molekulak etorkizunean tratamendu espezifikoak garatzeko baliagarriak izango direla ere espero dugu.

Horrez gain, osasun-gastu publikoa murriztea ere ahalbidetu dezakeela aipatzea interesgarria dela iruditzen zait. Izan ere, sindrome honek eragiten dituen dependentzia- eta ospitalizazio-gastuak asko murriztu ahalko lirateke.

Ikerketaren zer fasetan zaude?

Une honetan sarkopenia-eredua in vitro jada sortuta dago. Beraz, bigarren fasera pasatu naiz, non aurretik AgeingOn taldeak pertsona nagusien serum-laginetan azterturiko biomolekulak arratoi-zeluletan identifikatu eta baliozkotzen nago.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Arlo esperimentalean proiektu honen erronka nagusia da aztertzen ditudan laginen izaera zahartua. Izan ere, gure gorputzean gertatzen den bezala, zelulak zahartzen direnean molekulek prozesu asko dituzte alteratuta, adibidez, hazkundea murriztua izaten dute, zeinak esperimentuak egitea zailtzen duen. Hala ere, proiektu honetarako oso interesgarria da zahartzean zein zelula-prozesu daude aldatuta, beraz, aurkitzen ditugun erronkak etorkizuneko ikerketa-puntu bilakatzen dira. Hala ere, beste erronka potolo bat ere badugu: finantzaketa. Orain arte lortu dugun diruak orain arteko emaitzetarako balio izan digu, baina hemendik aurrera buruan ditugun helburuak garatzeko funts ekonomiko gehiago behar izango dugu eta horretan gaude lanean.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Bai, txiotesiaren zazpigarren edizioan parte hartu nuen. Oso esperientzia interesgarria iruditu zitzaidan nire ikerketa-proiektua gizarteratzeko. Gainera, ikertzen ari naizen gaian espezialistak ez diren pertsonei nire ikerketak formatu batean helarazteko erronka ere izan da niretzat, ezagutzen ez dudan zerbaiti aurre egitea ekarri baitit. Hala ere, esperientzia asko gustatu zait, eta horrelako ekimenetan parte hartzen segitzea eta dibulgazioaren munduan trebatzea espero dut. Mota honetako ekimenek garrantzi handia dutela iruditzen zait, dibulgazioa ikerketari lotuta egon behar duen zerbait dela uste baitut. Modu horretan, ezezagunak egiten zaizkigun proiektuen eta ikerketen berri ematen digute.

Jakintza-arloak