Jaione Auzmendi Iriarte: "Ikertzaileok badaukagu erantzukizun garrantzitsu bat gizartean, zientzia zabaltzearena"

2025eko martxoaren 19a

Jaione Auzmendi Iriarte: "Ikertzaileok badaukagu erantzukizun garrantzitsu bat gizartean, zientzia zabaltzearena"

Jaione Auzmendi Iriarte (Lazkao, 1993) Biologia Molekularra eta Biomedikuntzan doktorea da (BioGipuzkoa-UPV/EHU). Chaperone-Mediated Autophagy and Histone Deacetylases in Glioblastoma and Brain Aging: A Focus on Stem Cell Maintenance doktoretza internazionala egin zuen eta Cum Laude Sari Berezia jaso. Ikertzaile lazkaotarrarekin izan gara haren ikerlerroa hobeto ezagutzeko.

Biokimika eta Biologia Molekularra ikasi eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero. Zergatik Biokimika? Zergatik ikerketa?

Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua ikastera animatu ninduen arrazoi nagusia izan zen gaixotasunen aurkako tratamendu berrien sorreran lan egiteko aukera ematen zuela. Karreran zehar ere, nahiz eta esparru desberdinak lantzen diren, biomedikuntza zen gehien gustatzen zitzaidan arloa, eta, beraz, lerro horretan segitu nahi nuela banekien. Ikerketan sartzeko erabakia masterrean hartu nuen, master-amaierako lanean pintzeladatxo batzuk jaso nituelako, eta erronka hori aurrera eramatera animatu ninduen nire seigarren zentzumenak edo. Norberaren ideiak praktikan jarriz, moduren batean pazienteren bati nire lanak lagunduko balio etorkizunean, hori litzateke gehien beteko nindukeena lan honetatik.

Garuneko minbiziaren inguruko ikerketan ibili zara lanean BioGipuzkoan. Nola sortu zen aukera?

Beti izan zait interesgarria garuna. Haren konplexutasuna, garrantzia. BioGipuzkoan glioblastoma izeneko garuneko minbizia ikertzen zutela ikusi nuen, eta horrela, masterreko lana egin nuen Idoia Garcia doktorearekin. Behin han lan eginda, minbizi-zelula amen ikerketa asko gustatu zitzaidan, eta horrela aukera suertatu zitzaidan talde berean Ander Matheu doktorearen gidaritzapean doktoretza hasteko. Urte hauetan zehar, beraz, garuneko minbizia ikertu dut, bai eta zahartzaroak garunean fisiologikoki duen inpaktua ere.

Prostatako minbiziaren ikerkuntzan murgildu zara doktoretza osteko fase honetan CIC bioGUNEn. Nolatan aldaketa hori zure ikerketa-lerroan?

Urte hauetan zehar nire ikerketa prozesu intrintsekoetan zentratu da, hau da, minbizi-zelula amek duten garrantzian tumorearen hazkuntzan, tratamenduarekiko erresistentzian, etab. Baina jakina da tumore-zelulak inguruko beste milaka zelularekin daudela elkarrekintzan, prozesu estrintsekoak badaudela. Horrela, ikuspuntu berri hau garatu nahi nuen, eta, bereziki, immunitate-sistemaren aldetik, haren ekarpena nolakoa den ikusi tumore baten progresioan. Arkaitz Carracedo eta Marco Pivaren talde honetan immunitate-sistema ikertzen dugu, prostatako minbizi metastasikoan, hau ere oso agresiboa.

Immunitate-sisteman jarri duzue fokua, makrofago deituriko zeluletan. Zergatik?

Metastasia prostatako minbizien heriotza-kausa nagusia da. Badaude paziente batzuk lehen diagnostikoan dagoeneko metastasia dutenak, eta guk kasu horiek ikertzen ditugu. Zoritxarrez, paziente horientzat ez dago aukera terapeutiko askorik, eta immunoterapiak ere ez du efektu esanguratsurik. Horren arrazoi nagusietako bat da mikroingurune oso immunosupresiboa dutela tumore hauek, eta horrek immunoterapia konbentzionalaren efektua arbuiagarri bihurtzen du. Tumoreei loturiko makrofagoak oso immunosupresiboak dira, eta ikusi dugu haien funtzioa oso garrantzitsua dela tumorearen progresioan.

Neutrofiloek ere gaixotasunaren garapenean duten inpaktua ikertu duzue.

Mikroingurune immunosupresibo horren barruan, neutrofiloek ere parte hartzen dute. Gure taldean prostatako minbizi metastasikoa garatzen duen sagu modelo bat daukagu, eta ikusi dugu neutrofiloak ere oso garrantzitsuak direla haren hazkuntzarako. Beraz, makrofagoekin batera, markatzaile molekular zehatzak aurkitu nahi ditugu, ikusteko ea horiek modulatzean efektu preklinikorik badagoen edo ez. Gure ikerketa-lerroa oso translazionala da. Bestalde, neutrofiloen heriotzari lotutako prozesu bat ari gara ikertzen, NETosia izenekoa. Neutrofiloek “eztanda” egitearen antzeko zerbait litzateke, eta hortik ateratzen diren proteinaz eta DNAz osatutako estrukturek minbizi-zelulen gaitasun metastasikoan lagun dezaketela ikusi da.

Ikerketak tratamenduen efizientzia hobetu nahi izan du... Zer erakutsi dute emaitzek?

Oraingoz ikerketaren hasiera-fasean gaude, eta areago tratamendu berri baten garapenari begiratzen badiogu. Nire kasuan, urte bat daramat lanean taldean. Baina orain arte taldean lortu ditugun emaitzek makrofagoak eta neutrofiloak modu desberdinetara modulatuz efektu sinergetiko bat izan dezaketela ikusi dugu ohiko tratamenduarekin edo immunoterapia konbentzionalarekin konbinatzen ditugunean, sagu modeloetan. Oraindik ere lan asko dugu aurretik, baina emaitzek esperantzagarriak dirudite.

Zein da hurrengo urratsa?

Esan bezala, proiektu hauek hasiera-fasean edo daudela esango nuke. Beraz, ikertzen jarraituko dugu, analisi molekularretan sakonduz eta estrategia terapeutiko berriekin esperimentatuz.

2022an aurkeztu zenuen tesia. Zer-nolakoa izan zen esperientzia?

Asko ikasi nuen urte horietan, ez bakarrik profesionalki, baita pertsonalki ere. Ez dut gezurrik esango, prozesu horrek baditu bere momentu onak, baina baita zailak ere. Frustrazioa, autosufizientzia garatu beharra, (auto)-exijentzia maila, kontrolatu ezin dituzun beste mila faktore, etab. Baina neure buruaz harro nago horri denari aurre egin niolako, eta doktoretza-proiektu polita burutzea lortu nuelako. Beti esaten diet fase horretan dauden ikasleei: egin duzun lanarekin pozik bazaude, egon harro zeure buruaz. Hori behin esanda, momentu onak ere egon ziren, eta asko! Taldekideekin bizitako momentuak, kongresu zientifiko internazionaletara joan ahal izatea, nire proiektuaren artikulu zientifikoak idatzi ahal izatea, esperimentuak ondo ateratzen zireneko sentsazioak.

Zientzia-dibulgaziorako hainbat ekimenetan parte hartutakoa zara... Zer garrantzi du zuretzat dibulgazioak?

Dibulgazio zientifikoa doktoretzan zehar deskubritu nuen. Nire ustez, ikertzaileok badaukagu erantzukizun garrantzitsu bat gizartean, zientzia zabaltzearena. Eta horrela, boluntario bezala parte hartzeko eskaintza ugari egoten dira urtean zehar. Ni gehienetan apuntatzen nintzen, asko gustatzen zitzaidan: momentuko sentsazio hori, eta hori eta gero geratzen zitzaidana ere bai. Orain doktoretza ondoko fase honetan parte-hartze aktiboagoa izateko gogoa daukat, mundu hau geroz eta gehiago deskubritzeko eta kultura zientifikoa gizartean zabaltzeko. Uler dezagun nola funtzionatzen duen zientziak, politika edo futbolaren inguruan uler dezakegun modura.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Oraintxe ditudan erronkak bi arlotan sailkatuko nituzke. Lehenengoa, nire ikerketa-proiektuak aurrera eramatea, emaitza esanguratsuak lortzeko eta prostatako minbizi metastasikoa pixka bat gehiago ulertzeko. Bigarrena, zientzia-dibulgazioan nire aletxoa ipintzen segitzea. Elhuyarrekin elkarlanean ere hasi naiz, Norteko Ferrokarrila programan elkarrizketak eginez, eta aukera berrietan murgiltzeko gogotsu nago.

Jakintza-arloak