Iratxe Retolaza: "Hezkuntza-marko berrian Euskal Curriculuma birpentsatzeko eta garatzeko irizpide oinarrizko batzuk adostu nahi ditugu"
2023ko uztailaren 6a
"Berrikuntza hezkuntza-marko berrian: ikasteko egoerak gorpuzten, Euskal Curriculuma ardatz" jardunaldia antolatu dute GOI Goi-mailako Online Institutuak eta UEUk Udako Ikastaroetan. Iratxe Retolaza Gutiérrez (Donostia, 1977) aritu da jardunaldiaren antolaketa-lanetan eta harekin izan gara jardunaldiaz hitz egiteko. Euskal Filologia ikasi zuen Retolazak, lteratura-kritikaria eta literatura-ikertzailea eta Euskaltzain urgazlea ere bada. UEUko Literatura sailburua izan da urteetan eta, egun, GOI Institutuko irakaslea da.
Trantsizio-une batean dago hezkuntza Euskal Herrian. Zein da egoera?
Europako hezkuntza-markoa trantsizio-unean da, eta testuinguru horretan ere egokitze-prozesuan ari dira Euskal Herriko hiru administrazioetako hezkuntza-administrazioak. Trantsizio-une horretan, besteak beste, honako galdegai hauek ekarri dira hizpidera: metodologia aktiboak, talde-lana eta jardun kolaboratiboa erdigunean izango dituzten hezkuntza-praktikak abian jartzea, diziplinartekotasunari lehentasuna ematea (eta jakintza-alorrak gurutzatzea edo zeharkatzea), helburu profesional zein pragmatikoei lehentasuna ematea, ibilbide pertsonalizatuei leku egitea... Alderdi horiek guztiak askotariko modutan gauza daitezke, eta beraz, garatzeko moduen zein ikuspegien arabera, norabide interesgarriak har ditzakete edo bide kezkagarriak elika ditzakete. Une kritikoan gaude, beraz, eta garrantzitsua da adar horiek guztiak eraikitzean norabideen inguruko gogoeta egitea, jarduteko moduen inguruko gogoeta egitea.
Hezkuntza-marko berriak proposatzen dituen Ikasteko egoeretan zentratuko zarete. Zer dira?
Ikasteko egoerak edo ikas-egoerak hainbat modutara definitu izan dira, baina, funtsean honako ezaugarri hauek dituen ikaskuntza-prozesuari esaten zaio: galdera edo auzi bat askatzea eskatzen duen egoera bat proposatzen zaio ikasle-taldeari. Galdera edo auzi horrek honako ezaugarri hauek bete behar dituela diote curriculumek: gizarte-interesekoa izatea, ikasleen motibazioa sustatzeko modukoa (gaiarengatik edo aurkezteko moduarengatik), eta irekiak izatea, ikasle-taldeak bere bide propioa diseinatzeko aukera izan dezan. Bestalde, galdera edo auzi horrek hainbat konpetentzia edo gaitasun lantzeko aukera eman behar du, hainbat jakintza-alorretako ekarpenak gurutzatzeko eta jorratzeko aukera eman behar du, eta aldi berean, irekitasun horren bidetik, ikasle-taldeari aukera eman behar zaio urrats zein prozedura zenbait erabakitzeko, sormena landu dezaten, baita lankidetza ere. Bigarren Hezkuntzaren edo Batxilergoaren testuinguruan ikasteko egoerak ardatz dituen hezkuntza-marko batera jauzi egiteak honako erronka hauek dakartza: Bigarren Hezkuntzan (eta bereziki Batxilergoan) jakintza-alorrak eta ikasgaiak oso bereziturik egon izan dira, eta elkarlanerako eremuak sortu behar dira; hainbat konpetentzia eta hainbat jakintza-alor gurutzatu ditzaketen arazo sozial motibagarriak diseinatu behar dira, talde jakin bati begira, testuinguru jakin bati begira; ikasleen artean lankidetza sustatzeko estrategia kolaboratiboak landu behar dira; eta abar.
Nola egokitu Euskal Curriculuma testuinguru berrira?
“Derrigorrezko eskolaldirako Euskal Curriculuma” duela ia bi hamarkada adostu eta garatu zen, eta Euskal Curriculumaren garapen hark oraindik ere baliozko ikuspegi eta ekarpen ugari ditu, berrartu beharrekoak, birgogoratu beharrekoak, eta abar. Baina, proposamen hura beste hezkuntza-marko bat kontuan hartuta garatu zuen, eta konpetentziak zein diziplina-arloak izan zituen ardatz. Horiek abiapuntu egokiak dira oraingo hezkuntza-markoranzko urratsak egiteko, baina kontuan harturik ikas-egoerak edo ikasteko egoerak proposatzen direla hezkuntza-tresna edo hezkuntza-prozesurako bide nagusi gisa, garrantzitsua da norabide honetan urratsak egitea: zer irizpide hartu behar dira kontuan Euskal Curriculuma ardatz duen ikasteko egoera bat diseinatzeko?
Bestalde, Euskal Curriculum hartan ez ziren kontuan hartu azken hamarkadetan hezkuntza-esparruan garatu diren bestelako ikuspegi eta zehar-lerro hauek: hezkidetzaren eta pedagogia feministen ekarpenak, kulturartekotasunetik lan egiteko premia, konpetentzia digitalen inguruko irakurketak eta proposamenak... Jardunaldian zehar ikasteko egoerak diseinatzean irizpide horiek guztiak kontuan hartzeko zer bide, zer aukera eta zer muga ditugun aletzen ahaleginduko gara.
Ikasteko egoerak diseinatzeko baliagarriak izan daitezkeen proiektuak eta praktikak ezagutaraziko dira. Zeintzuk?
Alde batetik, proiektu kulturalak ardatz dituzten bi praktika eta proposamen ezagutuko ditugu: bata, IRALEko R600 ikastaroaren barruan garaturiko proiektu kultural baten aurkezpena egingo digute Oihana Amundarainek eta Leire Gallastegik, Lore Joko historikoetan oinarriturik jai kolektibo bat sortzeko proposamena egin dute, lekuan lekukora egokituta; bestea, Mikel Mendizabalek aurkeztuko digu Plastika ikasgaian Willis Drummond taldea ardatz izanda egituraturiko proiektu kulturala. Beste alde batetik, proiektu komunitarioen eremuan landu daitezkeen egitasmoen bi eredu aurkeztuko dizkigute Txingudi institutuko hainbat irakaslek: bata, memoria historikoari loturikoa aurkeztuko digute Gurutze Diezek, Javier Echeverriak eta Asier Ortegak; bestea, hezkidetzari loturikoa, Nerea Etxezarretak eta Nagore Zamarreñok. Zehar-lerro horiek lantzearekin batera, kulturartekotasuna ezagutza soziolinguistikoekin uztartzen dituen egitasmo baten berri emango digu Julen Arangurenek, Zarauzko Udalak Emunekin eta Zarautzeko ikastetxe guztiekin batera abian jarri duten egitasmo bat ardatz hartuta.
Azkenik, natur zientziaren eta matematikaren ekarpenak ere bilduko ditugu: lehenik, Ane Portillo Blancok STEM hezkuntza ardatz duen egitasmo bat aurkeztuko digu, larruazala langai duena; bigarrenik, Leire Etxebarriak matematikarako konpetentzia lantzean Euskal Curriculumaren ikuspegitik egin daitezkeen birkokatze zenbait aurkeztuko dizkigu.
Gogoeta eta hausnarketatik praktikarako saltoa ere emango duzue.
Arratsaldeko saioan talde txikitan ideien laborategi bat abian jartzea da asmoa, guztion artean ikasteko egoera batzuk irudikatzeko ariketak egiteko, betiere goizeko saioetan zehar aipaturiko irizpideak kontuan hartuta, baita goizeko saioetan eredu gisa izan ditugun proiektuak erreferentziatzat eta eredutzat hartuta ere.
Nori dago zuzenduta?
Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan jarduten duten irakasleentzat saretzeko eta materialak partekatzeko gune bat izan daiteke. Aldi berean, Euskal Curriculumaren ikuspegitik lan egin nahi duten hezkuntzako eragileentzat ere interesgarri izan daiteke, guztion artean hezkuntza-marko berriak Euskal Curriculuma garatzeko dituen aukerak zein zirrikituak zehazteko (eta irizpideak edo bideak irudikatzen joateko).
Zer da jardunaldiarekin lortzea gustatuko litzaizukeena?
Hezkuntza-eragileen arteko saretzean urratsak egitea, trukerako gune aproposa izatea, eta hezkuntza-marko berrian Euskal Curriculuma birpentsatzeko eta garatzeko irizpide oinarrizko batzuk adostea, elkarrekin bidea egiten joateko.
Zerbait nabarmentzerik nahi?
Jardunaldi hauen lehen hazia irakasle-talde baten eskaera izan zen. Hain zuzen ere, UEUk antolaturiko 2019ko "Sormenean hazi, kulturan bizi" jardunaldietan hezkuntza arautua izan genuen hizpide, eta bertan parte hartu zuten kide batzuen artean talde bat sortu zen, hezkuntzan euskal kulturaren eta Euskal Curriculumaren begiradatik zer-nola eragin zitekeen pentsatzen joateko, eta trukerako gune izan zedin. Talde horretan jardun duten hainbat kidek sustatu du jardunaldia, besteak beste, Alaitz Amundarainek, Oihana Amundarainek eta Aiako Gaztelumendik. Haiek proposatu ziguten halako trukerako eta praktika onak partekatzeko gune bat, elkarrekin ikasteko egoerak irudikatzeko tarte bat hartzeko.