Iosune de Goñi Garcia: "Benetako hezkuntza eta gizarte inklusibo bat eraikitzeko sistema osoa aldatu beharko genuke"

2024ko azaroaren 21a

Iosune de Goñi Garcia: "Benetako hezkuntza eta gizarte inklusibo bat eraikitzeko sistema osoa aldatu beharko genuke"

"Ahotsik gabeko gorputzak: desgaitasuna eta kapazitismoa filosofia irakasgaian" Master Amaierako Lana aurkeztu du UEUren GOI ikastegian Iosune de Goñi Garciak (Burlata,1993). Filosofiako Gradua (EHU) ikasi zuen, baita Ingeles Ikasketetako Gradua (UNED) ere. Literatura, Artea eta Pentsamenduari Buruzko Ikasketa Konparatuen Masterradu (UPF) bai eta Irakasleen Prestakuntzarako Masterra UEUren GOI ikastegian. Lanbidez argazkilaria, itzultzailea eta idazlea da. Bere lanen artean daude Ahizpa beltza (Balea Zuria, 2024), Trenza roja (Inés Martínez idazlearekin batera, 2020) eta Gorputz baten aztarnak elurretan (Pasaia Hiria - Xabier Portugal Poesia Saria, Bermingham, 2022). Master Amaierarako egindako lanaz hitz egiteko izan gara berarekin.

Desgaitasunak eta kapazitismoak EAEko hezkuntza-sisteman duten lekua izan duzu ikergai. Nola sortu zen ideia?

Alde batetik, desgaitasuna eta kapazitismoa asko interesatzen zaizkidan gaiak dira, egunero aurre egin behar diodalako indarkeria kapazitistari eta ikusten dudalako zapalkuntza guztien artean gutxien aipatzen duguna dela. Pertsona askok (gehienek, esango nuke) ez dakite kapazitismoa zer den eta hori arazo larria iruditzen zait. Bestalde, Irakasleen Prestakuntzarako Masterra egiten ari nintzenean, konturatu nintzen aniztasunari eta inklusioari buruz asko hitz egiten genuela, baina oso gutxitan aipatzen zirela desgaitasunaren dimentsio soziala (maila indibidualetik haratago) eta desgaituok jasaten dugun bazterketa eta indarkeria. Hala ere, beste mugimendu sozial eta zapalkuntza mota batzuk oso presente zeuden. Masterreko lan gehienak desgaitasunaren inguruan egin nituen, gauzak pixka bat orekatzeko eta irakasle zein ikaskideak kontzientziatzeko asmoarekin, eta Master Amaierako Lanaren gaia aukeratzeko momentua heldu zenean oso argi nuen bide horretatik jarraitu nahi nuela.

DBH eta Batxilergoko hezkuntza-dekretuak aztertu dituzu. Zer da atzeman duzuna?

Paradoxa bat aurkitu dut. Dekretuetan behin eta berriro azpimarratzen dira aniztasuna, inklusioa eta diskriminaziorik eza bezalako balioak. Era berean, beste kategoria sozialei buruz hitz egiteko orduan (generoa, kultura, arraza, klasea edo orientazio sexu-afektiboa), argi dago kontzeptu horiek ikuspegi sozial eta kultural batetik ulertzen direla eta ez begirada biologizista edo esentzialista batetik. Hala ere, desgaitasuna aipatzen den momentu gutxietan edo osasunari buruz hitz egiten denean, dekretuak darabiltzan hizkuntza eta ikuspegia eredu medikoarenak dira, inplikazio kapazitista handiak dituena eta desgaitasunarekin lotutako aktibismo zein ikasketen esparruan oso kritikatua izan dena. Kapazitismo hitza ez da behin ere aipatzen, desgaitasunaren alderdi soziala alde batera uzten da, baina osasunaren eta ongizate emozionalaren garrantzia behin eta berriro azpimarratzen da, desiragarria eta onargarria den ongizate-maila horretara heltzeko pertsona bakoitzak duen erantzukizuna nabarmenduz. Horrez gain, eufemismoak eta zehaztasunik gabeko adierazpen asko topatzen ditugu, desgaitasuna zerbait negatiboa dela aditzera ematen dutenak. Beraz, alde batetik, badirudi hezkuntzaren bidez berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako gizarte bat eraiki nahi dugula, baina aldi berean, helburu hori oztopatzen duten eta indarkeria sustatzen duten ideiak erreproduzitzen ditugu. Eta hori oso arriskutsua da.

Filosofian zentratu zara zu. Zein da filosofiako testuliburuetan desgaitasunak eta kapazitismoak duten tokia?

Dekretuetan gertatzen den bezala, Filosofiako testuliburuetan oso gutxitan aurkitzen ditugu desgaitasunari egindako erreferentziak, nahiz eta liburu gehienek mugimendu sozialei eta zapalkuntza ezberdinei buruzko pasarteak dituzten. Diskriminazioen artean, gehien azpimarratzen direnak androzentrismoa eta etnozentrismoa dira. Desgaitasunaren auzia azaltzen denean, orri-bazterrean, zerrenda baten barruan edo parentesi artean egindako aipamenetan izan ohi da. Gainera, diskurtso eta aurreiritzi kapazitista asko aurkitzen ditugu (bioetika eta transhumanismoari buruzko ataletan, adibidez) eta desgaitasuna guztiz naturalizatuta eta despolitizatuta agertzen da. Ikuspegia, berriz ere, eredu medikoarena da: desgaitasuna gorputzean edo adimenean kokatutako akats edo urritasun bat bezala ulertzen badugu, ezin dugu ikuspegi politiko edo sozial batetik landu eta ez dugu pentsatuko auzi filosofiko bat izan daitekeenik. Baina bada. Eta garrantzitsua, gainera.

Are gehiago... diskriminazioa areagotzen duten edukia aurkitu duzu.

Bai. Adibidez, Filosofiako liburuetan behin baino gehiagotan agertzen dira gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonen irudiak edo errepide bat gurutzatzen ari diren itsuenak. Pertsona horiek ez dira inoiz bakarrik azaltzen, beti dute laguntzaile bat alboan (nahiz eta batzuetan argi dagoen laguntza hori ez dela beharrezkoa). Pasarte batzuetan infantilizazioan eta paternalismoan oinarritutako jarrerak indartzen dira, “gabezia fisiko eta intelektualei” buruz hitz egiten da eta desgaitasuna behin eta berriz akats, arazo edo zailtasunekin lotzen da. Gainera, gaitasuna, independentzia, autonomia eta arrazionaltasuna bezalako kontzeptuen nagusitasuna agerikoa da eta hori oso problematikoa izan daiteke desgaitasunaren ikuspegitik ulertuta. Baina niretzat kezkagarriena, zalantzarik gabe, bioetika eta transhumanismoarekin lotutako ataletan planteatzen den etorkizunaren ideia da. Liburuek ziurtzat jotzen dute denok nahiko genukeela bizi desgaitasunik gabeko mundu batean, gaixotasun genetikoekin amaitu nahi dugula, “buru-nahasmendu” deitutakoak desagerrarazi nahi ditugula. Eta horrek eragingo luke mundua ikusteko, sentitzeko, jokatzeko modu ezberdinak ditugun pertsonekin amaitzea. Desberdintasuna suntsitzea. Ideia eugenesikoak dira eta naturalak izango balira bezala aurkezten dira, kalterik egingo ez balute bezala.

Desgaitasuna beste era batera ulertzeko proposamen didaktikoa landu duzu. Zertan datza?

Ikas-egoeraren helburu nagusia desgaitasunaren gaineko hausnarketa hezkuntzan txertatzea da, arazo filosofiko gisa landuz. Aurretik aipatu dudanez, desgaitasuna gorputz edo adimenean kokatutako gabezia edo akats baten moduan ulertzen dugu, baldintza horren gaineko ezagutza medikuntzaren esku utziz. Medikuntzaren helburua, noski, gorputz horiek sendatzea edo normalizatzea da, eta gizartean parte hartzeko gaitasuna edo norberaren askatasuna mugatzen duten beste alderdi batzuk alde batera uzten dira (irisgarritasun eta egokitzapenik eza, diskriminazioa, bazterketa…). Ikas-egoeraren bidez, beraz, ikuspegi hori zalantzan jartzea bilatzen da, alderdi sozialak aintzat hartuz eta desgaituen ahotsei merezi duten espazioa emanez. Era berean, hainbat filosofok desgaitasunaren inguruan esandakoa eta haien planteamenduen inplikazioak aztertzea proposatzen da, pentsamendu kritikoaren bidez gure begirada zabaltzeko eta desgaitasuna ulertzeko modu berri bat eraikitzeko asmoarekin.

Zein da hezkuntza inklusiboaren erronka nagusia?

Esango nuke arazo nagusia eredu medikoaren nagusitasuna eta naturalizazioa dela. Inklusioa bilatzen dugu, bai, baina ez dugu desgaitasunaren gainean dugun ikuspegia aldatu eta horrek ez du posible egiten gure jarduna benetan inklusiboa izatea, aurreiritzi kapazitistetatik abiatzen garelako. Adibidez, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei buruz hitz egiten jarraitzen dugu, fokua ikaslearen egoera indibidualean jarriz eta ez hezkuntzaren diseinu homogeneo eta baztertzailean. Paradigma-aldaketa hori ez da berria, desgaitasunaren inguruko ikasketek eta aktibismoak 70eko hamarkadatik daramate ikuspegi indibidualista eta biologizistak kritikatzen eta desgaitasuna gizarte baztertzaile baten ondorio dela aldarrikatzen. Baina ez ditugu ahots horiek entzun nahi. Desgaitasunari buruz hitz egiten denean, diskurtsoa medikuen, gizarte-langileen edo senideen esku dago, badirudi desgaituok ez dugula esatekorik. Horrez gain, irakasleen artean ezjakintasun eta formakuntza falta handia dago. Ez gaituzte prestatzen ikasle desgaituen edo neurodibergenteen beharretara moldatzeko, edo indarkeria kapazitistaren aurrean erantzuteko, eta askotan irakasleak dira diskriminazio hori sustatzen dutenak.

Zeintzuk dira esku artean dituzuen erronkak?

Lehenik eta behin, garrantzitsua da intersekzionalitatea eta diskriminazio mota ezberdinei buruz hitz egiten dugunean kapazitismoa kontuan hartzea eta aipatzea. Izenik ez duena ez da existitzen eta bada garaia desgaituok bizi dugun errealitateari buruz hitz egiten hasteko. Horrekin lotuta, hizkuntzaren gaineko eztabaida nabarmentzekoa da. Inklusioari buruzko gidaliburu gehienek people-first language edo pertsonari nagusitasuna ematen dion hizkuntza erabiltzea gomendatzen dute (desgaitasuna duen pertsona, esaterako), komunitate desgaituak, orokorrean, identitatean oinarritutako hizkuntza nahiago duen arren (kasu honetan, desgaitu adierazpena) eta aniztasun funtzionala bezalako eufemismoen erabilera kritikatzen duen arren. Izan ere, eufemismoek eta people-first language delakoak desgaitasuna zerbait negatiboa dela inplikatzen dute, eta bigarrenak baldintza gorputz edo adimen indibidualean kokatzen du. Termino patologizatzaileen erabilera ere oso zabalduta dago (gaixotasun mentala, nahasmendua…). Hala ere, komunitate desgaituaren barruan desadostasunak daude, baina garrantzitsua da erabiltzen dugun hizkuntzaren inplikazioak zeintzuk diren aztertzea eta ikuspegia bateratzen saiatzea. Eta, batez ere, desgaituen ahotsak entzutea. Guk izan beharko genuke azken hitza eta inork ez liguke esan beharko nola hitz egin behar dugun edo nola ulertu behar dugun gure egoera (eta hori askotan gertatzen da). Hezkuntzaren esparruan ere pertsona desgaituen esperientziak eta proposamenak aintzat hartu beharko lirateke eta ez hainbeste mediku, psikologo edo pedagogo gaituenak, kasu bakoitzean beharrezkoak diren egokitzapenak eginez. Baina betikoa da: sistema eraldatzea ez da nahikoa, benetako hezkuntza eta gizarte inklusibo bat eraikitzeko sistema osoa aldatu beharko genuke. Eta horretarako lehen pausoa desgaitasunaren gainean ditugun ideiak zalantzan jartzea da. Naturaltzat jotzen dugun hori hain naturala ez dela jabetzea.

Zer-nolakoa izan da Irakasle Masterra egitearen esperientzia?

Alde batetik, oso aberasgarria izan da. Uste nuen baino gehiago gustatu zait irakasle-lanetan aritzea eta praktikaldia asko disfrutatu nuen. Master Amaierako Lanarekin ere asko ikasi dut eta esperientzia polita izan da. Hala ere, ahalegin handia egin behar izan dut erritmoari jarraitzeko, eta masterra online eta bi urtetan egin dudan arren, nire gorputzean ondorioak izan ditu. Urte honetan ez dut zerrendetan izena eman, indarrak berritzeko denbora behar dudalako, eta nire egoera azaldu dudanean masterreko irakasle eta arduradun gehienak oso ulerkorrak izan diren arren, pertsona gaituentzat diseinatutako erritmo batean lan egin behar izan dut eta gogorra izan da. Aldi berean, desgaitasunari eta kapazitismoari buruzko lanak egin ondoren jaso dudan feedbacka oso ona izan da orokorrean, eta nabaritzen da masterraren atzean dauden pertsonek jarrera irekia eta inklusioarekiko konpromiso sendoa dutela. Beraz, espero dut etorkizunean pertsona desgaitu, neurodibergente eta gaixo kronikoek erraztasun eta egokitzapen gehiago izatea, eta gaia modu sakonagoan lantzea. Hala ere, arazoa gizarte-mailan dugu eta asko dira aldatu behar ditugun gauzak.

Jakintza-arloak