Iñigo Lorenzo: "Erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzea aukera bideragarria izan daiteke"

2023ko otsailaren 22a

Iñigo Lorenzo: "Erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzea aukera bideragarria izan daiteke"

Iñigo Lorenzok (Algorta (Getxo), 1992) Algortako San Nikolas ikastolan eta Aixerrota BHI institutuan ikasi zuen. Erizaintzako ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta gradua amaitu ostean Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) desberdinetan aritu zen boluntario gisa. Erizain lanetan ibili da Ingalaterran eta bueltan, ebakuntza-geletan aritu da erizain. Ikertzailea eta irakaslea da UPV/EHUn.

Erizaintzan graduatu zinen eta Osasun Publikoaren alorrean ikertzen diharduzu orain.

Hasieratik nekien osasunarekin erlazionatutako gradu bat egin nahi nuela. Garai hartan oso interesatuta nengoen larrialdi-sistemetan eta larrialdietako asistentzian, beraz erizaintza egitea erabaki nuen. Gaur egun asistentzia aldi baterako utzi dudan arren, oraindik interes handia pizten didan arloa da eta etorkizunean hari horretatik tiratzea da nire asmoa.

Egia esan hasiera batean ez nekien gerora irakasle eta ikertzaile gisa arituko nintzenik. Gradua bukatzerakoan GKE desberdinetan aritu nintzen boluntario gisa eta ikuspegi hori barneratu nuen. Ingalaterran ere erizain lanetan egon nintzen eta ondoren, bueltan, ospitaleko operazio-geletan lanean aritu nintzen. Bertan, "behin erabiltzeko" ziren dreinatze orratz batzuk esterilizatu ostean berrerabiltzen zirela jakin nuen eta praktika horren gaineko segurtasunari buruzko galdera batzuk argitzea erabaki nuen datu-baseetan zegoen literatura zientifikoaz baliatuz.

Eta ez nituen dreinatze orratz horiek berrerabiltzearen segurtasunari buruzko zalantzak soilik argitu, gailu elektroniko kardiakoen berrerabilpenaren segurtasunari buruzko bibliografia ugari aurkitu nuen. Horrela, ikerketa lerro hori garatzeko erabakia hartu nuen eta unibertsitatea horretarako behar nuen ekosistema egokiena zen.

Bihotzeko gailuak eskuratzeko aukerarik ez duten herrialdeetan jarri duzu fokua tesian, zergatik?

Lehen esan bezala, ikerketa lerro hau jarraitzea erabaki pertsonala izan zen, horrek dakartzan zailtasunekin. Alde batetik, tesia ez da ikerketa talde baten barruan garatu eta ikerketa plana idatzi eta hoberen egokitzen zen doktoretzarako zuzendaria neure kabuz bilatu behar izan nuen: Maritxalar doktorea. Ostean, inguruko ospitale desberdinetako elektrofisiologia zerbitzuekin kontaktuan jarri nintzen, proiektua azalduz eta hauen babesa jaso nahian. Basurtuko Ospitaleko elektrofisiologia zerbitzuko profesionalek eman zidaten babes hori: Arrizabalaga doktoreak eta Gaztañaga doktoreak, tesiko zuzendarikideak.

Proiektu hau ezinezkoa izango litzateke beraien laguntzarik gabe.

Urtean, bihotzeko gailurik eskuratzeko aukerarik ez duten milioi bat pertsona hiltzen direla zenioen.  Gure inguruan berriz, bihotzeko gailuen eramaileak hiltzean, bota egiten dira gailu horiek. Txiotesian esten zenuenaren arabera: "batzuen zabor besteen altxor".

Azken hamarkadetan gaixotasun kardiobaskularrek eragindako hilkortasuna munduan gutxitu bada ere, errenta baxuko eta ertaineko herrialdeetan arazo handia da oraindik ere. Gaixotasun kardiobaskularren ondorioz ematen diren heriotzen hiru laurdenak baino gehiago herrialde hauetan gertatzen dira.

Gaixotasun kardiobaskularren artean daude bihotz-erritmoaren nahasteak. Hauek, behaketa kliniko arruntak dira eta eragin handia dute hilkortasunean eta pazienteen bizi-kalitatean (esfortzurako tolerantzia baxua, neke iraunkorra eta sinkope errepikakorrak). Diru-sarrera baxuko eta ertaineko herrialdeetako paziente eta familiak are gehiago ahultzen dituzten sintomak dira hauek.

Bihotz-erritmoaren nahasteen tratamendu arruntena taupada-markagailua inplantatzea da. Gailu hauek bihotz-erritmoaren nahasmendu desberdinak dituzten pazienteen bizitza luzatu eta bizi-kalitatea hobetzen dutela frogatu da. Hala ere, gailu kardiakoetarako sarbidea toki batzuetan mugatuta dago gailuen kostu altua dela eta. Askotan, gailuen kostuak, diru-sarrera baxuko eta ertaineko herrialdeetan bizi diren pertsonen urteko per capita errenta gainditzen du. Hori dela eta, gailu kardiako inplantagarrietarako sarbide faltagatik urtero milioi bat pertsona inguru hiltzen dela estimatzen da.

Alde batetik, ebidentziaren arabera, ez daude infekzioari, matxurari, bateria urritze goiztiarrari edota hilkortasunari erlazionatutako desberdintasun nabarmenak gailu berri eta berrerabilien artean. Bestetik, ingresu altuko herrialde gehienetan ez dira behin ateratarako gailuak berrerabiltzen. Izan ere, legez, behin erabiltzeko gailu mediku inplantagarrien kategorian sartzen dira hartzaile berrientzat arriskua suposatu dezaketelako. Marku horrek osasungintza garestia den ala garestia egiten den galdetzera eramango gintuzke, baina hori beste debate bat da.

AEBetan edo Frantzian pazienteek ospitaleetan edota familiak beilatokietan dohaintzan emandako gailu erabiliak biltzeko ekimenak jaio dira. Hauek, legeak berrerabilpena ahalbidetzen duen ingresu baxuko herrialdeetara bidaltzen dituzte, berrien kostua ordaindu ezin dezaketen pazienteentzako. Horregatik: batzuen zabor, besteen altxor.

Noski, onena litzateke herrialde guztiek gailu berrietarako sarbidea izatea, baina dena perfektua izan ezin daitekeenez, ezin da ona denaren etsai izan. Horregatik erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzea aukera bideragarria izan daitekeela defendatzen da, batez ere alternatiba, gailurik ez izatea litzatekeelako.

Botatzen diren gailu horien berrerabilgarritasuna aztertu nahi izan duzu zuk. Nola izan da prozesua?

Gailuak bi ingurunetan atera ohi dira, ospitalean (infekzio edota terapia aurreratuago baten beharragatik) eta erraustegietan (errausketa prozesuko tenperatura altuek eztanda txiki bat eragin eta labea izorratu dezaketelako). Ospitaletik jaso zitezkeen gailuen kopurua txikiegia zela estimatu genuen eta hasiera baten beilatokiekin kontaktuan jartzea erabaki genuen.

Bilketa eta analisia egin ahal izateko, ezinbestekoa izan da erraustegien eta haien profesionalen laguntza. Gailuen ateratze eta bilketa prozesuan laguntzeaz gain, familiei proiektuaren berri eman eta haiengandik beharrezko baimen informatua jaso zuten.

Behin gailuak eskuartean, zer da berrerabilgarritasuna frogatzeko zehazki aztertu duzuna?

Lehen aipatu diren berrerabilpen irizpideen aurretik egindako ikasketatik abiatuta definitu ziren. Gailuak berrerabilgarriak kontsideratu genituen 4 urte baino gehiago edo geratzen zen bateriaren iraupena %75etik gorakoa zenean. Horretarako, Basurtoko elektrofisiologiako kontsultetako programatzaile espezifikoak erabili ziren. Programatzaileekin ondoren, gailuetan funtzionamendu-txarren frogak eta kanpoko osotasuna ere konprobatu ziren.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Hasiera batean egin zen pilotuan, Euskal Autonomi Erkidegoko beilatoki ezberdinekin kontaktatu zen, gailurik bazuten argitzeko eta hauek analizatzeko. 3 beilatokitatik 188 gailu jaso genituen. 90 analizatzeko aukera izan genuen (%50,5) eta hauetatik 20 gailuk (%22,4) berrerabilpen kriterioak bete zituzten.

Gailu hauek noiz ateratakoak ziren ez genekien eta gailuak erraustegietan itzaltzen ez direnez, bigarren ikerketa bat prestatu genuen, gailua ateratzeko data kontrolatuz eta analisia egiteko epea 6 hilabetera mugatuz. Ikerketa honetan 214 gailu jaso eta analizatu genituen. Faktore hauek kontrolatuz, jaso ziren gailuetatik 100ek (%46,7) bete zituzten berrerabilpen kriterioak. Ikerketa honen emaitzak oraindik publikatzear daude.

Gailuen erdiak dira ia berrerabilgarriak zure emaitzen arabera. Orain, nola eman bidea hauen berrerabilpenari?

Gailuak biltzeko ekimen bat sortzeak parte desberdinen kolaborazioa eskatzen du. Tesi honetan alderdi horiek ere jorratu dira. Esaterako, gailuak dituzten paziente gehienak eta Espainiako Erritmo Kardiakoko Elkarteko elektrofisiologo gehienak, gailuak dohaintzan ematearen alde daude. Beraz, gailu berriak ordaindu ezin dituzten pazienteen etorkizuna positiboa da.

Gauzak horrela, berrerabilpen ekimen bat sortzeko potentziala existitu egiten da eta horretarako logistikari dagozkion alor ugari hartu behar dira kontutan. Alde batetik, gailuak ateratzeko eta jasotzeko prozesua erraztu behar da, hau erraustegietako ohiko prozedura delako. Prozedura honetan gailuaren trazabilitatea hasiko litzateke eta dohaintzarako baimen informatua atxikituko litzaioke gailuari. Ondoren, funtzionaltasun probak egiteko, fabrikatzaileen programatzaileak beharko lirateke. Fabrikatzaile bakoitzaren programatzaileek beraien markako gailuak analizatzeko balio du soilik, beraz errezena, gailuak hasieratik zentralizatzea izango litzateke. Analisiaren ostean, berrerabilpen irizpideak betetzen dituen gailu orok, hasierako desinfekzio eta garbiketa jasoko luke, eta ondoren, etileno oxidoko esterilizazioa, lekuan bertan edo bidaltzen den erreferentziako ospitalean. Prozesuak balioztatutako protolo espezifiko baten funtsa izango luke. Horrela, 1.000-2.000 euro tarteko kostua duen gailua berregokitzeak, 75-150 euroko kostua izango luke. Gailu berrerabilgarri hauek, sarean parte hartuko luketen ospitale lokaletara transferituko lirateke, trazabilitatea mantenduz. Garrantzitsua litzateke sarean parte hartzeko prest dauden erreferentziako ospitaleetan azpiegitura egokiak izatea. Gailuak dohaintzan emateak, terapia osoaren kostua asko murriztuko luke.

Logistikaz gain, finantzaketak ere beste arazo bat suposatzen du. Orain arte jaso diren gailu berrerabilgarriak Michigango Unibertsitateko "Project My Heart Your Heart" elkartera transferitu nituen, Sierra Leonan egiten ari diren entsegu batean berrerabiltzeko. Aurretik Indiara ere transferitu izan ditut gailuak, kostu guztiak neuregan hartuz.

Gailuak eskala handiago batean biltzeak, analizatzeak, berregokitzeak eta transferitzeak kostu handiagoa izango luke. Horretarako ekimen bat eratuko balitz, irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde moduan lan egingo luke, kanpo finantzaketak baliatuz eta horrek proiektuaren luzarorako jasangarritasunean suposatzen duenarekin.

Txiotesia lehiaketan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Ikerketa modu erraz batean ikusgarri egiteko ekimen oso aproposa iruditzen zait.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Erronketako bat tesian lortu diren emaitzak baliatuta deskribatutako ekimena sortzea izango litzateke. Ikerketan jarraituko dut nire hondar-aletxoa jartzen, osasuna guztiontzat eskuragarria izateko bidea ikerketa eta berrikuntza direlako.

Bide batez irakasle eta ikaskide guztiei goraintziak bidaltzeko aprobetxatzen dut eta Udako Euskal Unibertsitateari baita ere, elkarrizketa hau egiteko aukera emateagatik.

Jakintza-arloak