Iñigo Lopez Gazpio: "Git erabiliz ikasten da, eta irakurleak gure eskutik helduta ibilbide horri ekiteko aukera dauka"
2024ko maiatzaren 16a
Git Bertsioak Kontrolatzeko Sistemarako eskuliburua argitaratu berri dute Iñigo Lopez Gazpiok (Tolosa, 1990) eta Aitor Soroa Etxabek (Usurbil, 1970) UEUrekin eta EHUrekin koedizioan. Iñigo Lopez Gazpiorekin izan gara liburuaz hitz egiteko. Bera Informatikan ingeniaria da eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduan doktorea. Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala (KZAA) Saileko irakasle atxikia da eta UEUkidea. Eskolak ematen ditu EHUko Informatika Fakultatean eta Ixa ikerketa-taldeko eta HiTZ Hizkuntza Teknologiako Zentroko ikertzailea da.
Git Bertsioak Kontrolatzeko Sistemarako eskuliburua kaleratu duzue. Nola sortu da ideia?
Ikasmateriala sortzeko ideia aspalditik dator, urteak egon naiz software-garapenaren inguruko unibertsitate-eskolak ematen, eta hasiera-hasieratik ikusi dut nola sufritzen duten ikasleek bertsio-kontrolarekin. Oso ikasketa-kurba gogorra daukan teknologia bat da, baina beharrezkoa kalitatezko softwarea garatzeko. Unibertsitateetan ez dago irakasgairik bertsioak kontrolatzeko tresnetara bereziki bideratua, eta, horregatik, lerro horretan nire aletxoa ipintzea beharrezko ikusten nuen. Irakasleok nahi dugu ikasleek bertsio-kontrola egitea, baina ez daukagu hori lantzeko ez irakasgairik, ez tailerrik, ez eta material askorik. Konpondu beharreko hutsune handi bat dago hor, argitaratu berri den ikasmateriala konponbidearen lehen urratsa izatea gustatuko litzaidake, beste asko eman beharko badira ere. Oro har, oso gustura nago EHUrekin eta UEUrekin egindako kolaborazioren ondoren sortu dugun baliabidearekin, bide luzea izan da, baina software-garapenari on egingo diola uste dut. Jarri dugu apurra kontrol-sistemetan, euskaraz egiten den lehen apurra izan da, gainera.
Git sisteman jarri duzue fokua. Zergatik?
Teknologiak aurrera egin ahala kontrol-sistema desberdinak izan ditugu ingeniaritza informatikoan, egun ez dago zalantzarik sistemarik erabiliena Git dela. Era horretan, gure ikasmaterialaren fokua hor jarri dugu. Hala ere, bereziki intuizioak eta kontzeptuak ulertzeari jarri diogu arreta. Ondorioz, Git ez ezik, bertsio-kontrola ulertzeko oinarrizko ikasmaterial gisa ere ikusten dut argitaratutako alea. Etorkizunean Git desagertuko balitz ere, oinarrizko kontzeptu horiek ez dira desagertuko. Softwarea taldean lan egiteko modua da benetan liburuan adierazten dena, Git bitartez gauzatua.
Zeintzuk dira eskaintzen dituen onurak eta abantailak?
Ez dut gezurrik esan nahi, bertsio-kontrola ikastea oso gogorra da, oso teknikoa, ikasketa-kurba zaila duena. Hasieran akats mordoa egiten dira, baina berandu baino lehen onurak ikusten dira. Urteak behar dira kontrol-sistemak sakon barneratzeko eta gure eguneroko lanetan eraginkor integratzeko. Ikasketa-kurba hori sinplifikatzeko sortu dugu ikasmaterial hau, izugarrizko esfortzua eginez Git errazenetik zailenera deskribatzeko. Bertsio-kontrolaren unibertso izugarri zabala ordenatzeko eta ordena egokian gauzak kontatzeko, ezagutza eta zailtasunak inkrementalki lantzeko. Ikasle ginen (aspaldiko) garaian esku artean izatea gustatuko zitzaigukeen alea sortzen saiatu gara, gauzak horren konplexuak ez direla pausoka azaltzen duen ikasmateriala, hain zuzen ere.
Gida praktikoa izan nahi du. Zer aurkituko du bertan irakurleak?
Irakurleak Giten zailtasunak pausoka azaltzen dituen gida bat aurkituko du, arazoak azalduz, zergatik gertatu diren azalduz, ezer puskatu gabe jolasteko. Teoria eta praktika tartekatzeko tentu handia izan dugu ikasmateriala idazterakoan. Giten lanean hasteko jakinduria minimo bat behar da, baina teoria izugarriak irakurleak beldurtzen dituela badakigu, eta, horregatik, oso praktikoak izaten saiatu gara. Hasiera-hasieratik irakurleak eskuak zikindu eta Giten aginduak egikaritzen hasteko helburua genuen. Git erabiliz ikasten da, eta eskuliburu honetan irakurleak gure eskutik helduta ibilbide horri ekiteko aukera dauka. Ibilbidean software-garapenarekin lotutako beste kontu batzuen inguruan ere ikasiko du, hala nola garapen metodologiak eta kudeaketa-tresna aurreratuak, hori guztia, Giten bitartez landuta.
Nori dago zuzenduta?
Edozein programazio-hizkuntzatan kodetzen dakien pertsona bati zuzenduta dago ikasmateriala, bertsioak kontrolatzeko sistemek zentzua dute zerbait garatzen ari garen heinean. Horregatik, kodetu bai, baina kode hori beste maila batera eraman nahi duenari zuzenduta dago. Maila esaten dudanean, kodearen kalitateari buruz hitz egiten ari naiz, kode hori moldatzeko eta beraren garapenari lotuta izango dugun kontrola areagotzeko, hain zuzen ere. Hezkuntzan ez ezik, enpresa-munduan ere ikasmaterialak bere eragina izan dezakeela uste dut, askotan, Giten adituak aurkitzea ez da lan erraza izaten garapen-talde industrialetan barrena.
Nabarmentzeko zerbait?
Ingelesez eta gazteleraz dokumentazio handia dago Giten inguruan, urte asko pasa baitira teknologia arrakastatsu bilakatu zenetik, baina ikasmaterial honen pare bat kontu nabarmendu beharko banitu, bat dudarik gabe euskaraz idatzi izana da. Kontu zailak errazteko eta modu informal batean adierazteko adibide pila jarri ditugu eta irudi ulerterrazen bitartez lagundu, hizkuntza-maila lagunkoi bat erabiliz. Oso gogoko dut euskaraz kontu teknologiko berrienen inguruan mintzatzea. Bigarren nabarmenduko nukeen ezaugarria da izugarrizko lanak hartu ditugula Giten unibertsoa antolatzeko, konturatu gabe irakurlea Giten unibertso zabal horretan barneratzeko. Bereziki gustatu zaizkit seigarren atalean asmatu ditugun grafikoak, ez dut inoiz halakorik ikusi konparagarriak diren beste hizkuntzetako materialen artean. Argitalpen honetan deskribapenak beste modu batean ematen saiatu gara, edonork ulertzeko eta jarraitzeko moduan.