Iñigo Gebara Grazenea: "Ikastetxe gehienetan, galdetuko bagenu, software librearen aldeko apustua egingo lukete"

2024ko uztailaren 4a

Iñigo Gebara Grazenea: "Ikastetxe gehienetan, galdetuko bagenu, software librearen aldeko apustua egingo lukete"

"iVentoy: Sistema Eragileen instalazio anizkoitzak egiteko tresna askea" ikastaroa antolatu du UEUren Informatika Sailak Udako Ikastaroen barruan. Iñigo Gebara Grazenea (Hondarribia, 1985) izango da irakaslea, ikasketaz ingeniari informatikaria eta lanbidez Bigarren Hezkuntzako irakaslea Irungo Hirubide ikastetxean. Digitalizazio eta IKT arduraduna izan da urte luzez eta software librearen aldeko ekintzailea, bereziki hezkuntzan Librezale taldearen barruan. Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.

iVentoy programan jarriko duzu fokua.

Urte luzez EAEko hezkuntza-sistemak ez du software libreko soluziorik eman gure ikastetxeetako ordenagailuak kudeatzeko. Horren aurrean ikastetxe askok beren eredu propioa garatu dute eta Luberri sistema eragilea ezarri dute.

Horrek ekarri du ikastetxeek beren gain hartzea sistema eragileen kudeaketa , sailak ez baitu ordenagailu horien softwarearen mantentzea bermatzen. Iventoy-k instalazio masiboak saretik emateko aukera ematen duenez, ikastetxe horiei denbora aurreztuko lieke.

Zeintzuk dira eskaintzen dituen abantailak?

Orain arte ikastetxeetan banan-banan egin dira instalazioak ordenagailuz ordenagailu. Ikastetxeetan horrek sortu duen gainkargak ikastetxe asko Luberri albo batera uzteko erabakira bultzatu ditu.

Software honen bidez instalazio guztiak pertsonalizatu eta automatizatu ditzakegu mantenuko lana asko arinduz.

Hezkuntzan software askearen aldeko jarrera handitzen dabilela diozu. Zein da argazkia?

Interesa ikusten da. Ikastetxe gehienetan, galdetuko bagenu, software librearen aldeko apustua egingo lukete. Tamalez, administrazioaren interes txikiak eta ikastetxeen gainean karga guztia uzteak ikastetxe gehienak aukera errazagoetara bultzatu ditu.

Zenbait programa pilotu martxan jarri ditu Eusko Jaurlaritzak, gehienbat Hezkuntzan Librezalek egin duen presioak bultzatuta, baina oso mantso doaz eta beste administrazioen atzetik ari gara etengabe.

Beste eragin-esparru handi bat GAFAM (Google, Apple, Facebook, Amazon, Microsoft) direlako enpresa erraldoiak dira. Urte luzez lan andana egin dute ikastetxeetan haien produktuak txertatzeko eta ikastetxe gehienetan oso sustraituta daude.

Nori dago zuzenduta?

Software librea haien ikastetxeetan txertatu nahiko luketen ikastetxeei dago zuzendua eta baita jadanik Linux sistema eragilea (Luberri bereziki) erabiltzen duten ikastetxeei ere.

Sistema ikastetxera pertsonalizatu eta instalazioa masiboak egiteko interesa duen orori ere.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Tamalez, egun ikastetxeen eskutik etorri da aldaketa, eta badirudi etorkizun hurbilean ere hala izango dela. Jakin badakigu administrazioak egin beharreko lan hori ezin dela beti ikastetxeen gain erori, baina aldaketa hori datorren bitartean, ezin dugu zain egon, eta urte luzez egin dugun bezala, software libreak ematen dituen abantailak baliatzen jarraituko dugu eta erakutsiko dugu eredu etikoaren aldeko hautua erabat bideragarria dela.

Jakintza-arloak