Inhar Agirrezabal Saenz de Santamaria: "Euskararen lurretan kalitatezko arkitektura egon badagoela erakutsi nahi izan dugu"
2024ko uztailaren 5a
"Zero kilometroko arkitektura: azpiegitura berriak sortzaileen eskutik" jardunaldia antolatu du UEUren Arkitektura Sailak. Inhar Agirrezabal Saenz de Santamaria (Zarautz, 1980) da antolatzailea. Arkitekturako ikasketak egin zituen DAGETen, Bioeraikuntza Masterra UdL-IEBn eta Lurraldea eta Hizkuntza Graduondokoa UEUn. UEUko Arkitektura sailburua ere bada. Berarekin izan gara.
Arkitekto euskaldunen lanean jarri nahi izan duzue fokua. Zergatik?
Gure herrietako ingurune eraiki gehiena, tamalez, sustatzaile/eraikitzaile handien interesera konfiguratua egon arren, euskararen lurretan kalitatezko arkitektura egon badagoela erakutsi nahi izan dugu. Bide batez, arkitekturan euskaraz egiten dugunon topagune bizi bat sortzea izan zen ekimen honen jatorrizko asmoa eta horretan jarraitzen dugu. Gainera, luxu bat da halako maila bateko lanen berri lehen eskutik jasotzea.
Haiek egindako lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera emango duzue. Zein da proposamena?
Aurtengoan vaumm arkitektura-estudioko kideak izango ditugu bidelagun. Haiek sortutako bi proiektu bisitatuko dira Eibartik abiatutako txangoan. Hasteko, Getarian Zarautz Jauregiko lanak ikusi ahal izango ditugu. Guztiz amaitu gabe dago obra, oso aurreratuta; kasik primizia gisan zabalduko dizkigute ateak. Bigarren bisita, berriz, Zurriola Ikastolara izango da, 2022an Lehen Hezkuntzako ziklo osoa hartzeko altxatutako eraikinera.
Euskal arkitektoen sarea ehuntzea ere bada zuen helburuetako bat.
Hori da. Arkitektura-eskoletan elkarrekin denbora asko egin dugun euskal arkitektoz josita dago lurraldea. Ondoren, jarduera profesionalari ekitean, gure egunerokoak ez du sare hori tinko mantentzeko aukera askorik ematen. Ekimen honek topagune izan nahi du, ekimen berrietarako abiapuntu.
Nori dago zuzenduta?
Oinarrian arkitekturari lotutako jardueretan euskaraz aritzen den orori, baina baita, lehen aipatu bezala, gurean kalitatezko arkitekturaz gozatu nahi duen orori ere.
Nabarmentzeko zerbait?
vaumm-eko kideen prestutasuna batetik, eta, bestetik, jardunaldiaren iraupena kontuan hartuta, adierazi nahi dut zaila egin zaigula haien lanen artean aukeraketa egitea.