Iñaki Requejo Aramendi: "Gure esku dago zientziaren izaera behar den bezala erakustea, gizartean informazio faltsuak zabal ez daitezen"
2025ko urtarrilaren 21a

"Objektibotasun zientifikoaren esanahi orokorraren auzia" ikerketaren inguruko artikulua idatzi du UEUren Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkarian Iñaki Requejo Aramendik (Getaria,1991). Ingeniaritza Mekanikoan eta Filosofian graduatua da, biak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ondoren, irakaskuntza-masterra egin zuen. Egun Matematika eta Filosofiako irakaslea da bigarren hezkuntzan, Euskal Eskola Publikoan. Irakasle-lanarekin uztartuz Filosofian doktoregaia da Filosofia, Zientziak eta Balioak programan (EHU) Agustin Arrieta Urtizberearen zuzendaritzapean. Zientziaren filosofian kokatzen da haren ikerketa, zehazki, objektibotasun kontzeptua, zientziaren prozesuak eta balioen eta zientziaren arteko harremanak ikertzen ditu.
Objektibotasun zientifikoaren esanahi orokorraren auzia izan duzu aztergai. Nola sortu da ideia?
Filosofiako gradua ikasten ari nintzela, nire tesi-zuzendaria den Agustin Arrietak irakasten zuen Zientziaren Filosofia irakasgaian egoteko aukera izan nuen, bertan, esaterako, Vienako Zirkuluaren eta Karl Popperren berri izan nuen. Helburu bat konpartitzen zuten: zientzia eta sasizientzia edo pseudozientzia bereizteko baliagarriak izan zitezkeen zedarritze-irizpideak osatzea. Aitortu behar dut helburu hori nirea egin dudala. Nire tesia bada, beraz, aipatutako kezkatik tiraka etorri den ideia bat.
Egun bizi dugun errealitatean desinformazioa eta informazio faltsuak ohikoak bihurtu dira. Bide horretan, zientziarekiko mesfidantzak eta ukazioak indar handia hartu dute azken urteotan. Negazionismo zientifikoa izan daiteke jarrera horien muturreko ikuskera. Horren aurka egiteko nahia islatzen du tesiak, zientzia zer den ongi argitu nahi dut. Hori lortzeko, uste dut objektibotasuna bezalako kontzeptuak (zientzia egokiaren adierazgarri den heinean) zer diren argi adierazten eta deskribatzen baldin badugu, zientziarekin dugun erlazioa sanoagoa bihurtuko dela, zientziaren benetako izaera edo natura agerian geratuko baita. Hau da, zientzia ez da mirari bat, are gutxiago iritzi pertsonalen produktu bat, zentzu komunaren espezializazioa eta sistematizazioa da, hutseginkorra eta berrikus daitekeena. Areago, balioek ere zientzian eragiten dute, zientzia guk egiten baitugu. Hori kontuan hartuta, gure esku dago zientziaren izaera behar den bezala erakustea, gizartean informazio faltsuak zabal ez daitezen. Ez baitugu Zientzia baino ezer hoberik, oraingoz.
Objektibotasun kontzeptuak nahasmena sortzen duela diozu. Zergatik?
Objektibotasun kontzeptuaren erabilera oso zabala da, eta zera ezaugarritzen du: ezagutzak, metodoak, irizpideak, neurketak, ebaluazioak, jarrerak, prozesuak, prozedurak edo komunikazioak, besteak beste. Beraz, zientzian duen presentzia integrala da. Are gehiago, batetik, zientziaren historialariek erakutsi dute garai zehatzetan eta diziplina partikularren arabera objektibotasunaren esanahia aldakorra dela. Bestetik, objektibotasuna ulertzeko bi ikuskera klasikoak zalantzazkoak dira: metafisikoa eta epistemikoa. Ikuskera metafisikoaren arabera, uste bat edo baieztapen bat objektiboa da munduko ezaugarriak diren bezala errepresentatzen baditu. Aldiz, ikuskera epistemikoa prozesuen arau multzo gisa uler daiteke, zeinak pertsonak edo pertsona-taldeak behartzen dituen beren ikerketa, prozesu eta hausnarketa bidean arrazoitzeko modu inpertsonalak erabiltzera eta aplikatzera. Nik ikuskera epistemikoa ikertzen dut tesian.
Horren aurrean, badirudi ez dagoela objektibotasunaren izaera bakar bat. Esaterako, Marianne Janackek objektibotasuna hamahiru ulerkeratan banatzen du; Stephen Gaukrogerrek edo Matthew Burch eta Katherine Furmanek lau ulerkera bereizten dituzte; Julian Reissenek eta Jan Sprengerrek bost ulerkera banatzen dituzte eta Heather Douglasek gutxienez zortzi bildu ditu. Hori dela eta, arazo pila agertzen dira objektibotasunaren esanahi bat aurkezteko orduan: azken buruan, objektibotasuna era askotara ulertzen baita. Lana, beraz, ez da nolanahikoa.
Nola definitu objektibotasuna? Bide posibleak aztertu dituzu.
Nahiz eta objektibotasunaren ideia nahaste bat izan, badaude bideak esanahi orokor bat osatzeko. Bi estrategia-bide egon daitezke: zerrendaren estrategia eta esanahiaren estrategia. Nik bigarrengo bideari jarraitu diot. Esanahiaren estrategiak, orokorrean, estrategia global bat eskaini nahi du. Esanahi bat baliagarria izan daitekeena edozein testuingurutarako. Nik Inkeri Koskinenen ideiari jarraitzea erabaki dut, Peter Galison eta Lorraine Gastonek idatzitako Objectivity lan mardulak hartara bultzatu nauelako. Liburu horretan argi uzten dute nahiz eta objektibotasunaren esanahia aldakorra izan den historian zehar (bost esanahi deskribatzen dituzte XVIII. mendetik gaur egun arte), kontzeptuaren azpian ideia orokor bat dagoela: zientzialariek garai ezberdinetan hainbat arrisku epistemikori (biziori) aurre egin behar izan diote. Arrisku horregatik, objektibotasuna lortzeko irizpideen edo arauen beharra sortu da. Arriskuak izan daitezke, adibidez, aurreiritziak, isuri kognitiboak edo interes pertsonalak edo taldekoak. Azken horiek prozesu zientifikoa zikintzen dute, eta objektibotasunaren galera ekarri. Hori guztia bilduta, Inkeri Koskinenek ideia modu honetan birformulatzen du: “X objektiboa da” esatean zera esan nahi da, subjektu epistemiko inperfektuaren izaeratik eratorriak izan diren arriskuak ekidin edo murriztu ditugula uste izatea. Definizio horretatik abiatuta nire esanahi propioaren atzetik ibili naiz, nire ustez, nahikoa ez delako Koskinenek dioena.
Zer da objektibotasuna? Hasi zara esanahi orokor bat osatzen.
Kostatu zait, baina esanahi orokor bat aurkeztea lortu dut. Hori Uztaro eta Gogoa aldizkarietan geratu da islatuta. Lehen aipatu dudan ulerkera epistemikoak lotura zuzena du balioetatik askea den zientzia aldezten duen idealarekin (BAIa). BAIaren arabera, batetik, balioez-epistemikoek (sozialak eta moralak) ez dute eragin zuzenik barne-zientzian. Hau da, justifikazio fasean edo hipotesiak berresteko eta egiaztatzeko fasean. Aldiz, balio epistemikoek, bai (egia eta ezagutzarekin dute lotura: koherentzia, azalpen-indarra, babes enpirikoa, zehaztasuna, aurresateko ahalmena, etab.). Bestetik, BAIak kanpo-zientzian balio ez-epistemikoen eragina onartzen du. Hots, ikerketa edo metodologien aukeraketan eta produktu zientifikoen ondorio eta aukera praktikoen azterketan eta hautaketan.
Azken hamarkadetan BAIa zalantzazkoa dela argudiatu dute ikertzaile askok. Hortik, galdera bat suertatu zitzaidan. Balio ez-epistemikoak barne-zientzian jirabiraka baldin badabiltza, horiek positiboak izan daitezke zientzia egiteko? Erantzuna baiezkoa dela esan dezaket: balio ez-epistemikoak zientzia egiteko lagungarriak izan daitezke, bere neurri eta mugekin. Hori erakusteko, epidemiologian, ekologian, medikuntzan, klimatologian, primatologian, soziologian edo biologian balio ez-epistemikoek egoera jakin batzuetan izan dezaketen eragin positiboa ikertzen dut labur osatzen ari naizen tesian. Kasu horiek erakusten dute objektibotasuna ez dela soilik balio ez-epistemikoen arriskuen kudeaketa, horiek jardun zientifikora barneratzeko saiakera ere bada.
Horrenbestez, ondorengoa da nik proposatzen dudan objektibotasunaren esanahia: balio ez-epistemikoen kudeaketa positiboan eta negatiboan sostengatzen da, hainbat testuingurutan balio ez-epistemiko negatiboak leuntzeko (arriskuak) eta ez-epistemiko positiboak barneratzeko (aukerak) estrategia eta bideak lortzen dira objektibotasunarekin.
Zein da hurrengo pausoa?
Tesian zehar argudiatzen saiatzen naiz objektibotasuna bezalako kontzeptuak aldi berean mundu-gida eta ekintza-gida direla, hots, munduko ezaugarriak deskribatu eta arautzen dituztela. Etikan erabiltzen diren hitz trinkoez baliatzen naiz hori azaltzeko. Adibidez, Anek “Maddi adoretsua da” esaten duenean, bi gauza esaten ari da. Batetik, Maddik duen ezaugarri bat deskribatzen du, egoera baten aurrean nola jokatu duen zehazki. Bestetik, Maddik duen erantzuteko modu hori positiboki ebaluatzen du. Ildo horretatik, “X objektiboa da” esatean: alde batetik, ikerketa-prozesuen ezaugarri batzuk (esanahiarekin zerikusia dutenak) ekartzen ditugu gogora. Beste aldetik, ezaugarri horien aldeko apustua adierazten ari gara (alderdi arauemailea), horiek berriz errepikatzeko intentzioarekin. Lehena jada landu dut, aurreko galderan aritu gara esanahiaz.
Hurrengo pausoa, alderdi arauemailea ikertzea litzateke. Horretarako, Bennet Holmanek eta Torsten Wilholtek 2022. urtean proposatutako zedarritze-irizpide berrian biltzen diren irizpideak lantzen ari naiz: helburu nagusia da bereiztea, hainbat irizpideren bitartez, noiz diren balio ez-epistemikoen erabilerak legitimoak eta noiz ez. Modu horretan, zerbait objektiboa den ala ez baloratzeko irizpideak edo arauak izango lituzke zientziak. Ideia hau argi utzi nahiko nuke: balio ez-epistemikoen erabilera jakin batzuk soilik dira legitimoak, aipatutako irizpideak betetzea da gutxieneko baldintza.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, dudarik gabe. Uztaro aldizkariak asko gustatzen zaizkidan hiru ezaugarri ditu: euskaraz argitaratzeko aukera eskaintzen du, hasi berriak garen ikerlarientzat bozgorailu oso indartsua da eta giza eta gizarte-zientzietako gai anitz argitaratzen dituzte, horien artean, filosofia.
Jakina da filosofiak gizarte tekno-zientifikoan ez duela tokirik, alferrikakoa den ustea oso zabalduta dagoelako. Zentzu horretan, Uztaro aldizkariak filosofiari espazio bat eskaintzea oso berri ona da, filosofiari bere ezinbestekotasuna aldarrikatzeko aukera eskaintzen baitio.
Bukatzeko, zoritxarrez euskara eta ikerketa askotan ez doaz bat, batez ere ingelesa edo gaztelania gailentzen delako akademiaren munduan. Horregatik zaindu behar ditugu Uztaro bezalako aldizkariak, baldin eta gure hizkuntza zaindu nahi baldin badugu. Ildo beretik, ikertzaile hasi berriak ere gure bultzada eta zaintza behar dugu, akademiaren munduan horrelakorik gutxi baitago. Eta hori ere saiatzen da eskaintzen Uztaro.