"Ikerketa-sareak sustatzea da Pediatria Topaketen helburuetako bat"

2025ko martxoaren 3a

"Ikerketa-sareak sustatzea da Pediatria Topaketen helburuetako bat"
Ezkerretik hasita: Elene Lejarzegi Anakabe, Oihane Garmendia Zabaleta, Idoia Serrano Pejenaute

XVII. Pediatria Topaketak egingo dira Eibarren apirilaren 3an. Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteak eta Euskal Herriko Pediatria Elkarteak antolatu dute OEE-Osasuna Euskalduntzeko Elkartearen eta UEUren laguntzarekin. Idoia Serrano Pejenaute (1993, Abadiño), Oihane Garmendia Zabaleta (1992, Durango) eta Elene Lejarzegi Anakabe (1993, Lekeitio) ari dira antolaketa-lanetan. Hirurak dira Medikuntzan graduatuak eta Pediatriako espezializazioa dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Serrano eta Lejarzegi pediatrak dira Zumarragako Ospitalean (Goierri-Urola Garaiko ESI); eta Garmendia, berriz, pediatra da Iurretako osasun-zentroan (Barrualde-Galdakaoko ESI). Haiekin izan gara topaketaren gainean hitz egiteko.

Pediatrek urteroko hitzordua duzue martxoan. Zein da topaketen helburua?

Pediatria Topaketak urtero egiten den jardunaldia da, aurtengoa 17. edizioa izango dugu. Pediatriaren arloan euskara hutsez egiten den jardunaldi bakanetakoa da. Hortaz, helburu nagusia da pediatriaren arloko ikerketa, eguneratze eta jakintzaren zabalkundea euskaraz egitea baimenduko duten espazioak sortzea. Era berean, pediatren eta pediatriako erizain euskaldunen arteko ezagutza erraztu eta ikerketa zein komunikazio-sareak sortzeko aukera paregabea eskaintzen du topaketak.

Zeintzuk dira mahai gainean jarriko dituzuen gaiak?

Aurten osasun-arloan ardura handikoak diren bi gai jorratuko ditugu. Alde batetik, teknologia berrien eta nerabeen osasun mentalaren inguruan hitz egingo dugu, Telmo Lazkanorekin. Badakigu teknologia berriek eragin handia dutela osasunaren hainbat arlotan, garapen neurologikoan, obesitatean… baina, oraingoan osasun mentalean eta pertsonen arteko harremanean jarriko dugu fokua.

Beste alde batetik, osasunaren determinante komertzialen inguruan arituko gara, kasu honetan Maria Unsain pediatrarekin batera. Helburua da farmaziak eta elikagaien industriak osasun-profesionalen eguneroko jardunean duten eraginaren gainean hausnarketa sustatzea.

Pediatriaren alorreko ikerketan ere azpimarra jarri nahi duzue. Zein da egoera?

Medikuntza etengabe eraberritzen ari den alorra da. Aurrerakuntza eta hobekuntzen motor nagusia ikerketa da, eta pediatria ez da salbuespena. Kontua da maiz bakoitzak bere aldetik egiten dugula lan eta ikerketarekin makilekin moduan gertatzen da, hau da, makil bakarra hauskorra da, baina makil multzoa sendoa, eta ezin du edozeinek hautsi. Hortaz, benetako balioa duen ikerketa egiteko taldeak eta sareak sortu behar dira. Hori izango da jardunaldiaren helburuetako bat: ikerketa-sareak sustatzea.

Ahozko komunikazioak eta artikuluak aurkezteko deialdia ireki duzue. Zein helbururekin?

Ikerketa aipatu dugu. Pediatria Topaketen helburu garrantzitsuenetako bat ikerketaren bitartez lortutako jakintzaren euskarazko zabalkundea bultzatzea da. Hori da, hain zuzen ere, komunikazioen bitartez lortu nahi duguna. Orain arteko edizioetan lankideen erantzuna oso ona izan da. Hainbat izan dira aurreko urteetan aurkeztutako lanak.

Iaz, Osagaiz aldizkari zientifikoan ale monografiko bat publikatu genuen, topaketetan aurkeztutako lanen inguruko artikuluekin osaturik. Lanak interesgarriak eta kalitate handikoak izan ziren. Emaitza pediatriaren inguruko ale zientifiko txukuna izan zen. Aurten ere, Osagaiz aldizkariarekin elkarlanean ibiliko gara lanen argitalpena egiteko.

Nori dago zuzenduta?

Pediatriaren arloko osasun-profesionalei zuzenduta dago; batez ere, pediatriako medikuei eta pediatriaren arloan lan egiten duten erizainei. Hala ere, osasun-arloan hainbat espezialistak artatzen dituzte ume eta nerabeak, hala nola familia-medikuek, osasun mentaleko profesionalek… horiei ere zuzenduta dago jardunaldi hau. Pediatrian interesa duten Medikuntza eta Erizaintzako ikasleei ere gonbidapena egin nahi diegu, osasun-arloko ikerketa eta jakintzara euskaraz etor daitezen.

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Topaketak osasun-arloan euskararen erabilera hauspotzeko tresna baliagarria izan daitezkeela uste dugu, maila asistentzialean zein akademikoan. Beraz, interesa duen oro animatu nahi genuke hurbildu eta ikastera. Izan ere, osasungintzak unibertsala izan behar duen honetan, euskaratik eta euskaldunentzat egitea ezinbestekoa zaigu, eta UEU ere bidelagun dugu helburu honetan.

Jakintza-arloak