Idurre Ugalde Olaskoaga: "Ikasleen partaidetza aktibatzeko inportantea da irakaslea bera aktibatzea"

2024ko urriaren 11

Idurre Ugalde Olaskoaga: "Ikasleen partaidetza aktibatzeko inportantea da irakaslea bera aktibatzea"

"Ikasleen ahalduntzea proiektu sortzaileen bidez" ikastaroa emango du UEUrekin Idurre Ugalde Olaskoagak (Errenteria,1970). Arte Ederrak egin zituen eta ondoren Diseinu GrafikokoTeknikariaren ikasketak. Hezkuntza Sortzailean formakuntza ere badu. Harekin izan gara.

Ikastetxeetako proiektuetan ikasleak ahalduntzearen gaia ekarriko duzu ikastarora. Zergatik?

Ikastaro honetan ustez kaotikoa den sorkuntzaren eremuan ordena jartzeko lagungarriak diren koordenatu metodikoak eta aurrera eramateko kondizio egokiak ezagutuko ditugu. Denok sortzaile izateko gaitasuna dugula ikusiko dugu eta ahalduntzea barrutik kanpora egiten den ibilbidea dela ulertuko dugu. Eta horrekin batera, ziurgabetasunaren balioa eta potentziala antzematen ikasiko dugu.

Ikastaro hau esperientzia pertsonaletik dator eta eskoletan, herrian, egin izan ditudan proiektu eta talde-lanetan jasotako esperientzia biltzen du. Bi ardatz nagusi landuko dira garapenean: sorkuntzarako oinarrizkoak diren koordenatu metodikoak, José Luis Parise ikertzaileak Magiaren Hamaika Pausoetan bildutakoak; eta Arno Stern ikertzaileak definitu zuen Hezkuntza Sortzailea, Bilboko Diraya Espresio Gunean Vega Martín eta Miguel Castrok garatu dutena.

Esperientziak erakutsi dit bi ikerketa horien integrazioak sorkuntzarako ahalbidetzen duen egoera oso aberatsa dela eta zuekin partekatu nahi dut datozen egunetan. Koordenatu metodikoak plana egiteko euskarri tinkoak dira eta Hezkuntza Sortzailea prozesuaren garapenerako lagungarria da oso.

Nola sustatu ikasleen partaidetza aktiboa?

Ikasleen partaidetza aktibatzeko inportantea da irakaslea bera aktibatzea. Hau da, zenbat eta hobeto ezagutu ikasleak eta haien interesak, orduan eta errazagoa izango zaigu haientzat egokia dan proiektu bat proposatzea, eta batez ere, sorkuntza-prozesuan haiekiko dugun jarrerak definituko du haien jarrera aktibatzea. Entzunak badira, kontuan hartuak, haien proposamenei tokia egiten badiegu... gehiago parte hartuko dute, partaide sentituko dira. Irakaslearen gozamena ere funtsezkoa da. Gozatzen ari den irakaslea erakargarriagoa egiten zaie eta kuriositatez inguratzen dira. Beraz, irakasleon aktibotasuna sustatzea da lehenengo pausoa.

Irakasleen parte-hartzea nahitaezkoa da. Zertan lagunduko die ikastaroak?

Proiektu sortzaile bat pentsatu eta kudeatzea abentura bat da irakaslearentzat ere. Aberastasun handia eta ahalduntzea ekarriko du, jakintza bat partekatzetik haratago. “Irakastea, bi aldiz ikastea da” esaten du Joseph Joubertek eta asko gustatzen zait esaldi hori, irakasleaz eta ikasleaz ari delako esaldi berean. Aurretik ikasitakoak berritzeaz ari da, gauzen eta pertsonen inguruan dugun iritzia, jakintza, sinismena kolokan jartzeaz eta, baita ere, eta batez ere, dakiguna berritzeko aukerari buruz. Irakasteak ahalduntzeko aukera etengabea eskaintzen baitu!

Elkarlanean, prozesu sortzaileetan, aldamenekoa ezagutuz; malgutasuna, interesa, begirada garbia, galderak egiteko trebezia eta entzuteko ahalmena… ibilbidean eskuratu ditzakegun gaitasun preziatuak dira, baina entrenamendua beharko dugu eta batez ere geure buruarekiko malgutasuna.

Ikasle bakoitzak proiektu parte-hartzaile bat sortuko du.

Proiektu sortzaile bat diseinatuko dugu gure eskolarako edo herrirako edo etxerako… bereziki pentsatua, nahi dugun materiala erabiliz. Ikastaroa egiten dugun bitartean, helburua guk geuk gure esperimentua egitea da, proiektua sortzea ikastaroak ematen dituen klabeak kontuan hartuz.

Nori dago zuzenduta?

Batez ere, Lehen Hezkuntzako irakasleei, baina DBHrako ere oso egokia iruditzen zait. Ikastetxe askotan ari dira elkarlanean, bizikidetza sustatuko duten proiektu sortzaileak eraikitzen eta ikastaro honek proiektua antolatzeko garaian lagungarriak diren koordenatu metodikoak emango dizkie, ibilbidean aurrera egiteko oso ondo etorriko zaizkien klabeak. Herrigintzan ari diren elkarte edota udal-teknikarientzat ere interesgarria izan daiteke, herritarrekin garatzeko pentsatuak diren proiektuak diseinatzeko erabilgarria.

Jakintza-arloak