Idoia Etxeberria: "Badirudi badagoela hitanoa biziberritzeko nahia, eta horregatik da garrantzitsua elkartzea"

2023ko urriaren 16a

Idoia Etxeberria: "Badirudi badagoela hitanoa biziberritzeko nahia, eta horregatik da garrantzitsua elkartzea"

Idoia Etxeberriak (Oñati, 1977) Euskal Filologia eta Kazetaritza ikasi zituen. Badihardugu Euskara Elkartean dabil lanean 2009tik, besteak beste Ahotsak.eus proiektuan eta hitanoa bultzatzen. Oñatiko Ingo Xonau egitasmoko koordinatzailea da eta Euskal Herriko I. Hika Topaketako antolatzaileetako bat.

Hitanoa bultzatzen ari diren eragileak batzea izango du helburu topaketak. Zergatik?

Azken urteotan hitanoa bultzatzeko egitasmo asko sortu dira, Euskal Herriko hainbat tokitan, baina kasu gehienetan ez dugu elkar ezagutzen. Bakoitza bere aldetik ari da lanean. Topaketaren helburua elkar ezagutzea da, bakoitza zergatik-zertan ari den jakiteko, indarrak batzeko eta elkarrekin zer eta nola egin dezakegun pentsatzeko.

Zein da hitanoaren egoeraren gaur egungo argazkia?

Ezin da esan hitanoaren egoera ona denik, orokorrean, eta nokarena bereziki kezkagarria da: emakumeei zuzendutako hitanoa gero eta gutxiago erabiltzen da, toki guztietan. Euskal Herriko probintzia eta eskualde guztietan ere egoera ez da bera: Gipuzkoan mantendu da ondoen, Iparraldean Zuberoan adinekoen artean, Bizkaiko kostaldean aspaldi desagertu zen... Euskararen arnasguneetan hitz egiten da gehien, baina ezer egiten ez bada, betiko galtzeko arriskua dago hor ere, transmisioan etena gertatu delako. Hori bai, badirudi badagoela hitanoa biziberritzeko nahia, han eta hemen, eta horregatik da garrantzitsua elkartzea.

Hitanoa bultzatzeko sortutako hainbat esperientziaekarriko dituzue. Zeintzuk?

Bi mahai-inguru antolatuko ditugu, hitanoa bultzatzeko hainbat esperientzia ezagutzeko bidea emango dutenak. Batean ikastetxeetan hika irakasteko sortu diren proiektu batzuetako arduradunak batuko ditugu: Markina-Xemeingo ikasmaterialaren egileak, Azpeiti eta Zumaiako materialaren sortzaileetako bat, Oztibarreko ikastolako irakasle bat (Nafarroa Beherekoa) eta Oñatiko Txantxiku ikastolako irakasle bat. Beste mahai-inguruan, berriz, hitanoa bultzatzen diharduten bost eragile elkartuko ditugu, hainbat tokitakoak, ikuspegi desberdinak lantzeko: hitanoaren egoera (Nafarroa, Bizkaia...), hitano estandarra, genero-ikuspegia eta ahalduntzea, nola bihurtu erreferentzia...

Lan-topaketa bat, abiapuntu bat...dela diozue.

Halaxe da, bai. Ez da halakorik egin orain arte. 60 bat eragile elkartuko gara, Euskal Herriko toki askotakoak. Elkar ezagutu, eta elkarrekin abian jartzeko. Horregatik abiapuntua. Eta lan-topaketa da ez delako hitzaldiak entzutera mugatuko. Parte-hartzaile guztiek izango dute iritziak emateko eta proposamenak egiteko aukera, arratsaldeko lan-mahaietan, talde txikietan. Ikusi nahi dugu ea posible den elkarlanean aritzea, eta hitanoa Euskal Herrian zehar era antolatuan zabaltzea. Aurrera begirako lan-ildo batzuk zehaztea da Topaketaren helburuetako bat. Topaketa gehiago egin beharko liratekeen ere aztertuko dugu, eta zer helburu izan ditzakegun.

Adituak baino arituak batu nahi dituzuela diozue. Nori dago zuzenduta?

Hitanoa bultzatzeko lanean ari diren eragileak batzea da erronka: euskara elkarteetako kideak, hikako irakasleak, udal-teknikariak, ikertzaileak... Ez dago hitanoari buruz asko jakin beharrik eta aditua izan beharrik. Garrantzitsuena lanerako prest egotea da, hitanoa biziberritzen saiatzen aritzea. Topaketa hau ez da hitanoa bultzatu behar den ala ez eztabaidatzeko. Ezta ere tokian tokiko hitanoaren kalitatea neurtzeko. Ekintza da ardatza: Zer ari gara egiten? Zer indargune eta zer ahulgune ditugu? Zer egin dezakegu elkarrekin hitanoa bultzatzeko? Nola saretu gaitezke? Nola parteka dezakegu gure jakintza? Nola batu indarrak? Badago ekimen iraunkor bateraturik planteatzerik?

Zerbait nabarmentzerik nahi?

Hitanoa bultzatzen ari garen eragileak ez gara asko, eta oso sakabanatuta gaude. Uste dut garrantzitsua dela elkar ezagutzea eta elkar animatzea. Bagarela sentitzea, ez gaudela bakarrik. Hori lortzea bakarrik ez da gutxi. Ilusioa baldin badago, sortuko dira elkarrekin lana egiteko aukerak. Gainera, bat eginda, erreferentzia bihurtu gaitezke beste batzuentzat.

Jakintza-arloak