Hizkuntzalari Euskaldunen VII. Topaketa. KOMUNIKAZIOAK bidaltzeko deialdia zabalik!
2024ko martxoaren 12a
Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak bi urtez behin egiten dira, UEUko Hizkuntzalaritza sailak antolatuta. Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa, eta izenburu hauxe izango du: Hizkuntzalari Euskaldunen VII. Topaketa: hizkuntzaren ikerketa gaur egun. Gainerako topaketa bakoiti guztiek bezala, oraingo honek ere plaza bat eskaini nahi die hizkuntza aztergai dutenei beren lanak jendaurrean aurkezteko.
Hizkuntza ikergai dugunok heterogeneoak gara formazioz, eta asko ditugu lan- eta ikerketa-eremuak: hizkuntzalaritza orokorra, filologia, soziolinguistika, neurolinguistika, hizkuntzalaritza konputazionala, lexikografia, terminologia, itzulpengintza… Arlo horietako guztietako ikertzaileak biltzea da topaketa honen helburua, elkarri kontatzeko, besteak beste, zertan ari garen, zein proiektu darabilgun esku artean edota zein tesi lantzen ari diren hizkuntza-zientzietako doktoregaiak.
Topaketa ekainaren 27an izango da Iruñean, Katakraken. Borja Ariztimuño ikertzaileak emango dio hasiera, eta, ondoren, parte hartzen duten ikertzaileen komunikazio laburrak etorriko dira, bakoitza galdera-erantzunetarako bere tartearekin.
Komunikazioak bidaltzeko deialdia
Topaketan komunikazioa aurkeztu nahi dutenek dokumentu bat bidali beharko dute hizkuntzalaritza@ueu.org posta elektronikora, apirilaren 12a baino lehen, honako hauekin:
Komunikazioaren izenburua
Egileen izen-deiturak
Harremanetarako posta elektronikoa
Komunikazioaren laburpena, orrialde batekoa gehienez (erreferentziak kontuan izan gabe)
Jakinarazpena maiatzaren 10ean bidaliko da, eta harekin batera zehaztuko da ahozko komunikazioaren iraupena ere.
Argitalpena
Topaketan aurkeztutako lanak liburu batean argitaratzeko aukera egongo da. Kontuan hartu, dena dela, ahozko komunikazioa onartzeak ez duela derrigor esan nahi idatzizko artikulua ere onartutzat emango denik zuzenean; argitalpenak ere bere berrikuspen-prozedura izango du.
Ahozko komunikazioen inguruko jakinarazpena bidaltzearekin batera zehaztuko da idatzizko lanak zer ezaugarrirekin bidali behar diren, eta noizko zehazki (gutxi gorabehera, uztailaren hasierarako).
Data garrantzitsuak
Komunikazio-proposamenak bidaltzeko azken eguna: apirilaren 8a
Jakinarazpena: maiatzaren 10ean
Topaketa: ekainaren 27an
Idatzizko lanak bidaltzeko epea: zehazteke (uztailaren hasiera inguruan)