Goretti Soroa Martinez: "Emakumeon osasun mentala ez da apenas ikertu genero-ikuspegitik"

2024ko apirilaren 11

Goretti Soroa Martinez: "Emakumeon osasun mentala ez da apenas ikertu genero-ikuspegitik"

Goretti Soroa Martinez (Elduain, 1983) Psikologian lizentziatua da eta Haur eta Gazteen Psikologian eta Psikologian ditu masterrak, baita Haurtzaro eta nerabezaroan ikuspegi sistemikotik esku hartzeko estrategietan ere. Adimen Emozionalean goi-mailako teknikari-ikasketak ere eginak ditu, eta, egun, EHUko ikertzaile eta irakaslea da. Uztaro aldizkarian argitaratu ditu "Emakumeak eta alkohol-kontsumoa: estigmaren kalteak" ikerlanaren nondik norakoak. Berarekin izan gara.

Alkoholarekin arazoak dituzten emakumeetan jarri duzu fokua. Zergatik?

Bi arrazoi nagusik eraman gaituzte emakumeen alkohol-kontsumoa ikertzera. Batetik, azken urteotan emakume kopuruak gorakada garrantzitsua izan duelako. Bestetik, alkohol-kontsumoak osasun mentalean duen eragin negatiboa nabarmena izan arren, gizonekin alderatuta, emakumeok tratamendua oso gutxi bilatzen dugulako. Beraz, alkoholarekin arazoak dituzten emakumeen egoera larria da eta sakonki aztertu nahi genuen haien errealitatea, nolabait, irtenbideak ezagutarazten hasteko.

Emakume horien osasuna ez da asko ikertu genero-ikuspegi batetik. Zertan du eragina generoak?

Emakumeon osasun mentala ez da apenas ikertu genero-ikuspegitik. Zehazki, 80-90eko hamarkadetan hasi zen sufrimendu psikologikoa genero-determinatzaileen arabera ikertzen. Mabel Burín izan zen aitzindaririk ezagunena, zeinak adierazten zuen sexuen arteko botere-harremanek eta gizarte-mailan ezarritako genero-arauek gaixotu egiten gaituztela eta sufrimendurako arrisku-faktoreak direla. Sexu/genero sistema bitarra bere horretan, prozesu sozial psikopatologizatzailea da, zeinak norbanakoaren adierazpen askea eta askotarikoa mugatzen duen.

Alkoholismoa adibidetzat jarriz, emakumeek alkoholaren ondoriozko arazo fisiko eta psikologiko gehiago pairatzeko arriskua handiagoa da, baita mendekotasunean eta suizidio-arriskuan erortzekoa ere. Gainera, emakume alkoholikoek euskarri familiar eta sozial gutxiago izaten dute, eta arazo familiar, laboral eta ekonomiko gehiago. Azkenik, emakumeek oso proportzio txikian erabiltzen dituzte tratamendu-zerbitzuak, zigor soziala gogorragoa baita.

Estigmak eragin negatiboa du emakume hauetan. Zertan?

Gaur egungo gizartean emakume alkoholikoen egoera latza da; izan ere, zigor bikoitza jasaten dute gizartearen begietan bi arau-hauste egin dituztelako: emakume kontsumitzailea izatearena eta rol femeninoak haustearena. Honenbestez, gizonekin alderatuz, zailtasun gehigarriak dituzte alkoholismotik atera eta osatzeko. Eta barneratutako estigma alkohol-kontsumoan berrerortzearekin lotuta dago.

Estigma motak kontuan hartzea garrantzitsua da prebentzio-programak diseinatzekoan.

Hiru estigma bereiz daitezke: estigma soziala (publikoa), hautemandako estigma eta barneratutako estigma (autoestigma). Hirurek eragin-maila handia dute emakumeen tratamenduaren erabilera-tasa baxu eta berantiarrean. Hortaz, estigmak tratamendu-bilaketa atzeratzea eragiten du, arazoa ezkutatuz eta, honenbestez, alkoholarekin loturiko osasun-arazoek okerrera eginez.

Oso garrantzitsua da alor ezberdinetako profesionalak (langile sozialak, psikologoak, medikuak…) gai honetan jakinaren gainean egotea eta haien aurreiritzi eta sinesmenak lantzea. Horrela, emakumeak paira dezakeen estigmari dagokion garrantzia eman dakion eta hura murriztea helburu eta lehentasun izan dadin. Horrela, tratamenduaren erabilera sustatu eta berrerorketak ekiditeaz gain, autoestigmak pertsonarengan dituen ondorio negatiboak txikitzen lagunduko da.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Etorkizunari begira interesgarria litzateke berrikuspen honetako aldagaiez gain, emakumeen alkoholismoarekiko estigma sozialarekin eta autoestigmarekin lotutako osasun mentaleko hainbat aldagai genero-ikuspegitik aztertzea, hala nola autoestimua, autoeraginkortasuna, komorbilitate psikopatologikoa, etab. Ikerketa motari dagokionez, lan honetan soilik ikerketa kuantitatiboetatik eratorritako emaitzak bildu dira. Aberasgarria litzateke emakumeen esperientziaz hitz egiten duten ikerketa kualitatiboak ere aintzat hartzea (adib. elkarrizketa bidez).

Funtsezkoa iruditzen zait “anti-estigma estrategiak” sustatzea ere, alkoholismoaren inguruko irudi eta pertzepzio soziala aldatuz joateko. Baita emakume hauen behar eta berezitasunetara egokituko diren esku-hartze espezifikoak diseinatzea ere (adib. emakumez osatutako komunitate terapeutikoak).

Emakume alkoholikoen estigmaren ondorioak aztertu dituen euskarazko lehen berrikuspena izan da zurea.

Bai. Emakume alkoholikoen estigmaren ondorioak aztertu dituen euskarazko lehen berrikuspena da, zeinak, zehazki, azken 15 urteetako argitalpenak barne hartu dituen. Oso garrantzitsua iruditzen zait alkoholarekin arazoak dituzten emakumeen problematika hau erakustea, denon artean modu egoki eta eraginkorrean erantzun ahal izateko.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

UZTARO aldizkaria bezalako plataformak ezinbestekoak dira osasun mentalaren arloan euskaraz egiten diren ikerketen emaitzak euskal herriko komunitate profesional eta zientifikoari helarazteko.

Jakintza-arloak