Eukene Franco: "Euskal-amerikar euskaldunentzat euskaraz jakitea ez da derrigorrezkoa, ez euskalduntzat identifikatzeko, ez euskal-amerikar komunitatean parte hartzeko"

2023ko martxoaren 29a

Eukene Franco: "Euskal-amerikar euskaldunentzat euskaraz jakitea ez da derrigorrezkoa, ez euskalduntzat identifikatzeko, ez euskal-amerikar komunitatean parte hartzeko"

Eukene Franco Landa (Getxo, 1997), Euskal Ikasketak egin zituen UPV/EHUn, Gasteizen (2015-2019). Ondoren, unibertsitate berean, Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterra egin zuen eta 2020az geroztik doktoretza egiten dabil Ikasketa Literario, kultural eta linguistikoetan (PhD in Literary, Cultural and Linguistic Studies, University of Miami, Miami, AEB).

Hizkuntzalaritza ikasi zenuen UPV/EHUn eta egun tesia egiten ari zara Miamiko Unibertsitatean.

Txikitatik asko gustatu izan zait hizkuntzen funtzionamendua, baina batez ere aldakortasuna. Bi hizkuntzalarirekin hazteko zortea (edo kondena) izan dut, beraz, txikitatik entzun izan dut zelan aldatzen zen gure gaztelera besteengandik, zein ezberdina zen gure arbasoen euskara amak (eta gero guk) ikasitako batuarekiko eta abar. Egia da Batxilergoko azken urtean ez nekiela ziur zer egin, alde artistikoa ere badaukadalako, eta gainera, Batxiler Zientifikoa egin nuelako. Hortaz, Euskal Ikasketen, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzearen edo Geologiaren artean ibili nintzen zalantzan. Oso ezberdinak haien artean, baina azkenean Euskal Ikasketetara jo nuen. Gradu hori aukeratzearen sakoneko arrazoia, tamalez, frustrazio pertsonaletik dator. Nire familiak euskararekiko maitasuna transmititu didan arren, erdaraz egin dugu beti etxean. Bestetik, herriko gazteen gehiengoak euskaraz dakien arren, oso gutxik egiten dugu euskaraz egunerokoan. Hizkuntza eta herriarekiko maitasun hori ez da ondo konbinatzen benetan daukagun errealitate erdaldunarekin, eta errealitate txar hori aldatu nahia izan zen Euskal Ikasketak egitera bultzatu ninduena. Karrerako hirugarren kurtsoan, Getxoko 98 gazteri galdeketa bat egin nien, euskara batuaren, bizkaiera batuaren eta Getxoko aldaeren gainean zituzten jarrerak batzeko. Topatu nuena izan zen oso profil psikosozial berezikoak garela, nahiz eta euskaldunak izan, ez garelako guztiz euskaldunak sentitzen, lotsak, aurreiritziak eta konplexuak direla eta. Are interesgarriago: ikusi nuen sentimendu hau ohikoa dela komunitate gutxitu askotan.

Euskal Hizkuntzalaritzako masterra egiten nengoela, atzerrira joatea erabaki nuen, doktoretza egitera. UPV/EHUn oso ikasle zoriontsua izan naizen arren, banuen gogoa beste testuinguruak ezagutzeko, nire lana aberasteko helburuarekin. AEBko programak besterik ez nuen baloratu, han bekarekin hartzen zaituztelako, eta jada euskal hizkuntzalariak hara joateko tradizioa zegoelako. Unibertsitate bila nengoela, irakasle euskaldun bat (nire egungo tutorea eta, bide batez, nire aitaren ikasle ohia), Ager Gondra, Miamiko Unibertsitatean zegoela jakin nuen. Hizkuntza-aldakortasuna aztertzen duenez, unibertsitate horretan ere eskaera egin nuen, eta azkenik, huraxe aukeratu nuen. Jatorriz, Euskal Herriko elebidunak besterik ez zen nire aztergaia, baina han nengoela, hizkuntza-ideologiak aztertzen dituen beste irakasle batek, Andrew Lynchek, Boiseko diaspora ere ikerketan sar nezan iradoki zidan, eta horrelaxe sortu zen proiektua.

Euskal-amerikarrentzat euskalduna izatea zer den ikertzen diharduzu. Zehazki, Idahoko euskal-amerikarren komunitatean. Zergatik Idahon?

Disertazioak bi gai aztertzen ditu: batetik, euskara bera eta subjektuen ekoizpena; eta bestetik, hizkuntza-ideologiak. Hizkuntza-ideologien artean, euskalduntasuna, euskararekiko jarrerak, iritziak... aztertzen ditut.

Idahon Estatu Batuetako euskal diasporarik handienetakoa dago, ez bada handiena. XIX. mendearen erdialdean euskaldun askok emigratu zuten Ameriketako mendebaldera meatzaritzanaritzera, gold rush zela eta. Tradizioak aurrera egin zuen, oraingoan artzaintzan ibiltzera. Batzuk bueltatu ziren, baina askok hantxe jarraitu zutenberen bizitza mikro euskal herrixkak sortuz. Gaur egun, (U.S. Census-aren arabera) euskaldunen ondorengoen gehiengoa Kalifornian, Idahon eta Nevadan dago, hurrenezhurren. Beraz, oso interesgarria da ikustea bat-batean, Estatu Batuetan, euskaraz egiten duten hiriak. Boisen, adibidez, Boise State University-n euskal minorra egiteko aukera dago, eta horretaz gain, Euskal Museoa, Euskal Etxea, Cenarrusa Elkartea eta Oinkari DantzaTaldearen elkartea ere badaude hirian. Jatetxe euskaldunez beteta dago, hileko herri-afariak egiten dituzte... Nahiz eta AEB erdian egon, nolabait, Euskal Herriko ohiturekin oso konektatuta mantentzea lortu dute. Honek guztiak oso inguru berezia sortu du hango euskalduntasuna aztertzeko. Jaiotzez amerikarrak diren arren, oso euskaldunak sentitzen direlako, hizkuntza mantendu edo ikasten dutelako... Idahon, edo mendebaldean, oro har, mundu guztiak daki nortzuk diren euskaldunak. Gaur egun, Boisen, 16.000 euskaldun edo euskal-amerikar daudela estimatzen da, euskaldun kontzentraziorik handiena duen hiria.

Euskal kultura eta euskara bizirik mantendu du bertako etorkinen komunitateak. Ez da horrela beste komunitate batzuetan?

Hasieran, euskaldunak Ameriketako beste leku askotara emigratu zuten, adibidez, Argentinara, Txilera, Oregonera, edota Wyomingera. Dena den, komunitate guztiak ez ziren hainbeste garatu. Boisen (Idaho), Renon (Nevada) eta Bakersfielden (Kalifornia) euskaldunek haien habia eraiki zuten. Euskaldunak joan ahala, euskal ostatuak eta artzaintzan eta meatzaritzan aritzeko dendak sortuz joan ziren, etorri berriei instalatzen laguntzen zietenak. Poliki-poliki komunitateak haziz joan ziren hiru epizentro horietan. Hala ere, XX. mendearen erdian, dinamika aldatu zen: etorritako euskaldunak jada amerikar gizartean moldatzen ziren, euren negozio propioa sortu zuten, eta artzaintzan aritzeko etorkinen kopuruak behera egin zuen. Ostatu eta denda espezializatuen beharrik ez zegoenez, poliki-poliki nukleo hauek desagertzen joan ziren, Boise, Reno eta Bakersfieldekoa izan ezik. Horiek oraindik bizirauten dute, sare handi bat osatuz.

Euskal kultura eta euskara bizirik mantentzea lortu duten euskal-amerikarren balioen sistema ikertzea izan duzu helburu. Nola identifikatu dituzu?

Jatorriz, haien euskara aztertzea nuen helburu, eta komunitatearen inguruan egindako galderak nire kuriositate pertsonaletan oinarrituta zeuden. Hala ere, elkarrizketekin hasi bezain laster ikusi nuen hango egoera oso berezia zela. Elkarrizketetan, haien familiaren jatorriaz, eguneroko bizitzaz, komunitateaz, euskal kulturaz eta hizkuntzaz galdetu nien, eta haiek esaten zidatena kategorietan klasifikatu nuen. Adibidez, askotan agertu zen kategoria izan zen “norbera besteengandik ezberdintzea”, eta nik uste horrek dena azaltzen duela. Boiseko euskal komunitatean argi daukate haiek ez dutela beste amerikarren profil bera, eta ez direla ez espainol ezta frantsesen ondorengoak ere. Horrek arreta eman zidan. Batzuetan, euskal etorkinek gaztelera edo frantsesa transmititzea erabakitzen zutelako, haien etorkizunerako baliagarriagoa suertatuko zitzaielakoan. Beste askok, ordea, haien seme-alabei esaten zieten, gaztelera edo frantsesa ikasi baino lehen, euskara ondo ikasi beharko zutela, bestela, ez legokeelako zer eginik. Beraz, imajinatu ideologia horrekin hazi den hiri bat. Bestetik, hiriko askok euskara-klaseetara, euskal dantzetara edota mus-txapelketara joaten dira (beste ariketa batzuen artean). Ohikoa da, haien bizitzaren parte da. Hainbestekoa omen da giroa, non amerikar asko ere apuntatzen diren, nahiz eta euskal arbasorik ez izan.

Momentuz, analisi pilotua besterik ez dut egin. Zoomen bidez egin nituen elkarrizketa hauek. Hain interesgarriak izan zirenez, martxoan, aurrez aurre joango naiz Boisera bi astez. Euskal Museoko ekitaldietan eta hileko herri-afarira joango naiz, beraz, lehenengo pertsonan bizi ahal izango dut haiek kontatutako guztia!

Zeintzuk dira identifikatu dituzun balioak?

1) Komunitatea edo familia: Balio hau oso esanguratsua da, oro har, mugimenduan egon diren komunitateetan. Euskal Herriko parte-hartzaile batzuek esan zuten hasieran oso komunitate itxia iruditu zitzaiela, baina ekintzetan parte hartzen hasi bezain laster berehala taldean sartu zirela. Beste hiztun batek kontatu zuen, nola bere aitak, euskaldun batekin ezkondua, jatorriz beste hiri batekoa, koadrila euskalduna egin zuen Boisen, behin jubilatu eta gero. Bisitan joaten den guztietan, egunero musean aritzen denez, oinarrizko euskara ikasi du oso nagusitan. Beraz, euskalduntasuna Boiseko askok komunitatearekinedo familiarekin lotzen dute; gertutasun hori da haiek bereizten dituena.

2) Boiseko aldaera: Boiseko aldaerak beste ondare-hizkuntzetan ikusitako ezaugarriak dauzka. Boisen bizkaierazko hizkerak, gipuzkera eta euskara batua elkarrekin bizi dira, baina, horretaz gain, ingelesa eta gaztelera ere hantxe daude. Hortaz, hizkeren arteko mailakatze bat gertatzeaz gain, honek guztiak, gehi etorkinen hizkuntza izateak, aldaera berezi bat sortu du Boisen. Parte-hartzaile batek bataiatu bezala: Euskinglish. Fenomeno honek ahoskera bereziak (/phaɭa/), kode-aldaketak (ez da ikastola… I don’t know, like, grade school bezela), maileguak (Do you have any dirus?) eta hitz barruko hizkuntza-aldaketak dakartza (cookie-xe). Hitz gutxitan, aldaera berezi honekboisetarrak beste euskaldunengandik, diasporakoak zein Euskal Herrikoak, bereizten ditu.

3) Biziberritzea: Oso interesgarria da ikustea nola nahiz eta belaunaldi gazteak etxeko euskara galduz joan diren, gero nagusitan ber-ikasten duten. Azken hogei urteetan, etxetik euskaldunak direnek (zein ez)HaurHezkuntzako ikastolara joateko aukera izan dute; hala ere, askok euskara galdu zuten eskola amerikarrera igaro bezain laster. Harrigarria izan zen ikustea parte-hartzaile guztiek euskarazko klase formalak jaso dituztela, eta guztiak egonda zirela barnetegiren batean. Beraz, euskara mantentzeko zein biziberritzeko asmoa badago. Herrian, euskara galdu duten askok nagusitan berrartu dute, berreskuratzeko asmoz. Galera hau etengabean errepika ez dadin, eskola euskalduna irekitzeko proiektua abian da, ahalik eta hezkuntza euskaldunena eskaini ahal izateko. Beraz, harrigarria izan da ikustea komunitateak euskara biziberritzeko egunero egiten dituen esfortzuak.

4) Harrotasuna: Etorkineninguruan egindako ikerketek erakusten dutenez, joera dago etorkinen ondorengoek haien ondare linguistiko eta kulturalarekiko lotsa sentitzea. Hala ere, espero genukeenarenkontra, euskaldunen ondorengoak, euskal-amerikarrak lotsa edo konplexua sentitubarik, harrotasunez betetzen dira haien jatorri euskaldunaz hitz egiterakoan. Kontuan izanda, gainera, euskaldunak komunitategutxitubatekoak direla, eta ez dela neoliberalismoak edo merkatuak baloratuko lukeen hizkuntza, askoz gehiago harritzen du euskarari eta kulturari eskainitako dedikazioak. Hiztun batzuek adierazi zuten bazirela euskaldunakizannahi zuten amerikarrak!

5) Besteengandiko bereizketa: Azkenik,baliohonek aurreko guztiak batzen dituela esango nuke. Parte-hartzaile guztiak bat datoz haien identitate bereizgarrian. Haientzat, ez dira ez amerikar arruntak, ez espainolak edo frantsesak, euskal-amerikarrak baizik. Identitate bitar hori, mugako identitatea, da txikitatik definitu dituena. Harrotasun handiz adierazten dute gaineko amerikarrek euskaldunak zer diren badakitela, eta auzo oso bat daukatela eurentzat Boisen. Pentsa genezake, besteengandik bereizteko etahaienondarea zaintzeko grina izan dela, hein batean bada ere, komunitateak bizirautekosustatzaile nagusia.

Euskarak paper garrantzitsua bete du?

Komunitate osoan nagusiak dira euskaraz hitz egiten dutenak. 50 urte baino beherakoen artean, aldakortasun handia dago. Kasu batzuetan, familiek euskara ez transmititzea erabaki zutelako, baina beste askotan, nahiz eta transmititu, eskola ingelesez hasterakoan, ingelesera pasa eta euskara alde batera uzten dutelako. Beraz, oso euskaldun sentitzen den komunitatea nahitaez ez da euskalduna. Detaile garrantzitsua da nik bakarrik elkarrizketatu ditudala euskal-amerikar euskaldunak, eta hala ere, eurek adierazi zuten euskaraz jakitea ez dela derrigorrezkoa, ez euskalduntzat identifikatzeko, ez euskal-amerikar komunitatean parte hartzeko. Haietako batek esanda, “Boisen euskaraz egiten bada, guk nahi dugulako da”. Hau da, bizitza, oro har, ingelesez egin dezakete, eta egiten dute; dena den, badaude arnasgune batzuk non euskaraz egitea normalizatuago dagoen: euskal dantza-entrenamenduetan, mus-txapelketetan, herriko afarian... Beraz, egungo Euskal Herriko euskaldunen hizkuntza-ideologiei alderatuz, guretzat euskalduntzat pertzibitzeko euskara zentrala den bitartean, diasporan hautazkoa da. Nik nire aitita-amamen belaunaldiarekin alderatzen dut. Haien familiako hizkuntza euskara zen arren, bai hirira emigratu zutelako, debekuengatik edo lotsagatik, euskararen transmisioa gelditu egin zen; hala ere, oso euskaldunak sentitzen ziren, eta ezin kontrakorik esan.

Bestetik, aipatu beharrekoa da, nahiz eta Boiseko komunitatean euskara zentrala ez izan euskalduna izateko, elkarrizketatutako guztiak klaseetara edota barnetegira joan direla; gazteenak, Boiseko ikastolara ere bai. Horretaz gain, lanean dabiltza euskal eskola ere sortzeko, ikastolan Haur Hezkuntzako urteak besterik ez delako eskaintzen. Hortaz, Haur Hezkuntza eta unibertsitatearen arteko tarte horretan, dena da ingelesez, eta hor euskara mantentzeko aukera galtzen da.

Euskal kultura eta euskara diasporan mantentzeko gakoak atzeman dira?

Bai, Boisen euskaren alde egiten duten elkarte asko daude: Euskal Museoa, Euskal Etxea, Cenarrusa Elkartea eta Oinkari Dantzari Taldea esango nuke direla nagusiak. Euskal Museoan eta Euskal Etxean euskara-klaseak eskaintzen dira, ikastola ere elkarte horiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzen da, eta unibertsitateak euskara-klaseak ere baditu, euskal kulturaren minorraren parte dena. Horretaz gain, euskal eskola egiteko proiektua abian da. Euskarazko klaseak ez ezik, euskara komunitatearen egunerokoaren parte ere bada. Adibidez, sagardotegiko afariak, hileko afariak, dantza-emanaldiak, mus-txapelketak… eta horrelako ekitaldiak antolatzen dituztenean, kartela elebidunean dago; ez euskaraz eta ingelesez, baizik eta kode aldizkatuan. Adibidez, “Come and “txotx” with us” esaten zuen kartela ikusi nuen, beste askoren artean. Leku askotan, adibidez, Euskal Museoan, Gernika tabernan eta bestelako jatetxeetan badaude euskaraz dakiten langileak. Nolabait, ingelesak nagusitasuna duen arren, euskara ere herriko hizkuntza dela esango nuke.

Balioak aztertuta, euskal identitate berri bat sortzen ari dela zenioen Txiotesian. Zer da gaur egun euskal-amerikar batentzat euskaldun izatea?

Ba oso kuriosoa iruditu zitzaidan ikustea haientzat garrantzitsuena komunitatea zela. Egoera eta arrazoi historikoak direla eta, hainbatek hizkuntza galdu du; hala ere, oso konektatuta daude kulturarekiko. Euskal Herriko herri txikietan bezala, oso ohikoa omen da Euskal Etxera jaistea zerbait hartzera eta topatzen zarenarekin ibiltzea. Belaunaldien arteko lotura hori mantentzen da, eta batzen dituena komunitate-sentimendua da, hain zuzen. Beraz, diasporan sortzen ari den identitate hau euskalduntasuna bizitzeko beste era bat da, egoera konkretu honek ekarria. Komunitateko ekintzetan edota dantza, txistu eta abarreko taldeetan parte hartzen duzun bitartean, euskalduntzat har zaitzakete. Identitatea “performatzeko” beste modu bat, haien arbasoek egindako esfortzuari ohore egiteko modu bat. Ezagututako boisetar guztiek esaten didate Boise ezberdina dela, ez dagoela beste hiri antzekorik. Euskal Herriko ikuspuntutik, pentsa genezake, beste barik, hizkuntza galdu dela eta hori dela daukatena. Baina erne, ekitaldi eta talde horietan egotea eta euskalduntasuna performatzeko espazio horiek existitzea da hain zuzen euskarara hurbiltzen dituena.

AEBko beste euskal amerikarren komunitateekin partekatu dituzu emaitzak?

Oraindik ez. Oso ikerketa goiztiarra da, azaroan hasitakoa. Hala ere, kontaktuan nago Kaliforniako zenbait euskal-amerikarrekin, eta behin Boiseko egoera ondo aztertuta, haiekin elkartzea da nire asmoa. Egoera sozio-historikoa konpartitzen duten arren, badira ezberdintasunak. Nahiz eta Kalifornian, zenbaki absolutuetan, euskaldun gehiago egon, Boisen euskaldunen kontzentrazio handiagoa dago. Bestetik, Idahon eta Nevadan etorkin gehienak Gernika ingurukoak ziren; Kaliforniakoak, aldiz, Iparraldekoak. Beraz, lehenik, aldaera ezberdinak hitz egiten dituzte, batzuetan haien arteko komunikazioa zailtzen duena. Eta bigarrenik, denok dakigun bezala, Bizkaian euskara ofiziala den bitartean, Iparraldean ez da horrela. Beraz, Euskal Herrira udan joaten direnean, euskararekiko esperientzia ez da bera bi komunitateentzat. Hala ere, AEBko diasporen artean, konexio handia dago, ezagutzen dute elkar; beraz, galderari erantzunez, bai, etorkizunean haien ikuspuntuak parekatzeko asmoa badaukat.

Txiotesian parte hartu zenuen, zer-nolako esperientzia izan zen?

Oso esperientzia polita izan zen. Hasieran, izena ematerakoan, ez nuen ulertu hain dinamikoa izango zenik. Txioak argitaratu bezain laster, erantzun asko jaso nituen, jende asko interesatu zen proiektuagatik eta askok, gerora, lagundu izan didate Boiseko jende gehiagorekin konektatzen. Horretaz gain, beste proiektu interesgarri batzuk deskubritu nituen; batzuk nire arlokoak, ezagutzen ez nituenak. Asmoa gure ikerketak ezagutzera ematea bazen, nire aldetik, erabat bete zela esango nuke. Horretaz gain, Twitter euskaraz idatzitako proiektuez betetzea beti da oroigarri ona euskaraz gehiago txiokatu dezagun.

Zeintzuk dira epe laburrean dituzun erronkak?

Arestian aipatu bezala, oraintxe Boisera joango naiz, eta horrek definituko du ikerketa nora doan. Erronka nagusia profil askotariko euskaldunak topatzea izango da. Ahal bada, gustatuko litzaidake etxetik euskaldunak diren gazteekin hitz egin ahal izatea, horrek zehaztuko baitu zein den euskara hartzen dabilen noranzkoa. Bestetik, saiatuko naiz jatorriz etorritako artzain nagusiak elkarrizketatzen, eta hori bai izango dela erronka. Orokorrean, komunitatea gertutik ezagutzera noa, haiekin hitz egitera, haien ekitaldietan parte hartzera eta benetako giroa ikustera. Zorte handia izan dut orain arte, Boiseko jende askok lagundu didalako bertara noalako mezua zabaltzen eta besoak irekita eskaini didatelako afarietara joatea, dantza-entrenamenduetara, hitzaldi bat ematea… Ezin eskertuago egon.

Bigarren erronka, Euskal Herrira bueltatzea da, hango errealitateak ere batu eta alderatu ahal izateko. Helburua da herri (gehienbat) euskaldunetan zein erdaldunetan elkarrizketak lortzea, giroak duen eragina aztertzeko. Euskal Ikasketak egitera bultzatu ninduen frustrazioak leuntzea izango da hurrengo pausoa.

Jakintza-arloak