Estitxu Txurruka: "Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa altu mantentzeko populazioaren jarraipen estua egin behar da"
2023ko ekainaren 7a

Estitxu Txurruka (Getxo, 1986), Biologian lizentziatua da (UPV/EHU). Ozeanografia eta Itsas Ingurunearen Kudeaketan egin zuen Masterra (UB), eta Ekologia jakintza-arloan doktorea da (UPV/EHU).
Fisikako ikasketak hasi zenituen baina Biologiarekin jarraitzea erabaki zenuen. Zergatik aldaketa?
Astronomia asko gustatu zait betidanik, hori dela eta, Astrofisika egiteko asmotan Fisikan sartu nintzen. Hala ere, karrera gero eta abstraktuagoa zela ikusi eta nire beste zaletasunera saltoa egiteko erabakia hartu nuen, Biologiara alegia.
Bizkaiko Golkoko antxoa europarraren populazioa izan duzu ikergai. Nola sortu zen aukera?
Bartzelonan “Oceanografía y Gestión del Medio Marino” masterra egin eta hona bueltatu nintzenean, animalia-fisiologiako laborategian sartu nintzen zer egin pentsatu bitartean (doktorego-tesia edo lan-mundura saltoegin). Bertan, antxoen proiektu bat zuten eta hori aprobetxatzea erabaki nuen eta horrela sortu zen aukera.
Duela urte batzuk biomasaren jaitsiera gertatu zen, arrantza debekatzeko beharra izan arte.
Zenbait urtetan zehar, erreklutamendu oso baxuak egon ziren, hots, heldu-fasera igaro ziren antxoa jubenilen kopurua oso baxua izan zen. Horren arrazoia zein izan zen oraindik ez dago argi. Hala ere, sasoi hartan zegoen antxoaren biomasa kontuan hartu gabe, modu exhaustiboan, hau da, burugabeki, arrantzatu ziren populazioaren biziraupena kinka larrian jarri arte. Horrek ez zuen antxoaren biomasa errekuperatzeko aukerarik ematen eta, beraz, espeziea desagertu baino lehen, haren arrantza debekatzea erabaki zen.
Populazioaren dinamika aztertzeko tamaina eta pisua hartu izan dira kontuan, baina horrek mugak dituela diozu.
Bai. Izan ere, aldagai bi horiek ez dute sakoneko egoera biologikoari buruzko informazio guztiz fidagarririk ematen. Hau da, aurki dezakegu antxoa handi eta pisutsu bat baina energiatan urri dagoena. Horrekin zera esan nahi da: haren dentsitate energetikoa baxua dela eta, beraz, bere ur-portzentajea altua dela. Aldiz, biologikoki egokiagoa da kontrako kasua, hots, dentsitate energetiko altua izatea. Baina egoera hori detektatzeko, analisi biokimikoak egin behar dira, ez pisu biziak ez eta tamainak ez baitute egoera hori bermatzen.
Zer beste aldagai hartu dituzu zuk kontuan?
Antxoa-indibiduoen materia organikoaren kantitatea, zehazkiago adierazita, proteinen, lipidoen eta karbohidratoen edukiak, edukiok zer organotan dauden kontuan hartuta: konpartimentu somatikoan (muskulu eta gibela) edota germinalean (ugal-aparatua).
Txiotesian egin zenigun galdera doakizu bueltan: "Antxoa gazteek zer dute nahiago: harrapariengandik ihes egiteko hazi, eta ondoren erreserbak metatu lehen neguari aurre egiteko, ala biak aldi berean?".
6,3 cm-raino lehentasuna hazteari ematen zaio eta behin tamaina hori gaindituta, erreserba energetikoak metatzen hazten dira.
Zein da Bizkaiko Golkoko antxoaren egoera?
Biomasari dagokionez, oso ona. Dena den, komenigarria izango litzateke arestian komentatutako aleen dentsitate energetikoa egokia den begiratzea baita ugal-aparatuaren garapena egokiro gertatzen ari den ere, azken hori uraren tenperaturaren eta janariaren eskuragarritasunaren menpe baitago.
Biomasaren galera ekiditeko zer da egokiagoa, antxoa handienak ala txikienak arrantzatzea?
Biomasa-maila altuak mantentzeko, urte batetik besterako erreklutamendu egokia ziurtatu behar da, eta hori ez dago gure esku. Hori dela eta, urtez urteko kudeaketa egoki bat egin behar da, populazioaren egoeraren jarraipen estu bat kontuan izanda.
Aurten martxoan zabaldu da antxoaren kanpaina, oso goiz. Zer iritzi duzu honen inguruan?
Antxoen errunaldiauraren tenperatura 14 °C baino altuagoa denean hasten da. Gainera, erruten hasten diren lehenengoak, antxoa handi eta zaharrenak dira, eta horiek dira, hain zuzen, kalitate biologiko altuena duten arrautzak erruten dituztenak. Aurten, antxoaren kanpaina zabaldu zenean, uraren tenperatura atalase hori baino beherago zegoenez, arrantzatzen hasi ziren antxoak artean errun gabe zeuden, eta horrek baliteke datorren urteko erreklutamendua neurri batean konprometitu izana.
Txiotesian parte hartu zenuen, zer-nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia polita bezain aberasgarria izan da, tesia 6 txiotan laburbiltzea erronka handia baita.
Zer erronka dituzu eskuartean?
Nire arloan gehiago ikasten jarraitu ahal izatea eta horretarako proiektuak lortzea, eta zientziaren dibulgazioan aritzeko denbora gehiago izatea.