Erika Tarilonte Pérez: " Kontserbazio-zaharberritzea artea, historia, kimika, biologia eta beste diziplina batzuk batzen dituen esparru interesgarria da"

2025ko urtarrilaren 9a

Erika Tarilonte Pérez: " Kontserbazio-zaharberritzea artea, historia, kimika, biologia eta beste diziplina batzuk batzen dituen esparru interesgarria da"

Sei txiotan laburtu zuen bere tesia Erika Tarilonte Pérezek (Bilbo,1982) UEUk antolatutako Txiotesia lehiaketan "Orbegozo Fundazioaren euskal artearen bildumarako prebentziozko kontserbazio-plan bat" ekarpenarekin. EHUko Arte Ederretan lizentziatua da bera eta kontserbazioan eta zaharberritzean espezializatua (2004). Tesia egiten ari da egun eta bere ikerlana gehiago ezagutzeko izan gara berarekin.

Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua ikasi zenuen eta ikerketaren mundura bideratu zenuen gero zure ibilbidea. Zergatik?

Nire kasuan, ia 20 urte igaro dira ikasketak amaitu nituenetik ikerketaren munduari ekin arte, nahiz eta denbora horretan guztian beti aritu naizen kontserbazioarekin zerikusia duen zerbaitetan. Hainbat enpresatan eta baita modu autonomoan ere zaharberritzaile lan egin ondoren, doktoregoa egiteko aukera izan nuen FARMARTEM taldean. Izan ere, artearen kontserbazioa oso eremu zabala denez, hainbat ikuspegitatik hurbil gaitezke, eta ikerketa ere beharrezkoa da.

Orbegozo Fundazioaren euskal artearen bildumarako prebentziozko kontserbazio-plana izan duzu ikergai. Nola sortu da aukera?

Orbegozo Fundazioaren euskal arte garaikidearen bilduma oso garrantzitsua den arren, arduradunek jakin bazekiten kudeaketa- eta biltegiratze-mailan hobekuntzak behar zituztela. Bizitzak kasualitatez elkartu gintuen, alde biek elkar behar zuten une batean: Fundazioak zaharberritzaile bat, eta nik horrelako erronka bat. Planteatu zidatenean, oso lan interesgarria iruditu zitzaidan, guztiz beharrezkoa izateaz gain.

Euskal artista garaikideen artelanetan atzemandako substantzia bat izan duzu jomugan.

Bai, bildumak dituen 200 pintura baino gehiagoren kontserbazio-egoera aztertu genuenean, konturatu ginen artelanen ehuneko handi batek substantzia zurixkak zituela gainazalean, lausodura modukoak. Ez genekien zer izan zitezkeen, beraz, substantzia horien jatorriaren gaineko hainbat aukera genituen esku artean eta banan-banan baztertu behar izan genituen.

Zein izan da jatorria ikertzeko prozedura?

Lehenik eta behin, kontuan hartu genuen lausodurak artistek berek nahita eginak izatearen posibilitatea. Hala ere, azterketa artistiko bat egin ondoren baieztatu genuen, kasu batzuetan izan ezik, lausodura gehienak ez zirela jatorrizkoak. Hurrengo urratsa jatorri biologikoa baztertzea izan zen, pintura mikroorganismoentzako elikagaia izan daitekeelako. Beraz, EHUko Fungal and Bacterial Biomics ikerketa-taldearekin batera, laginketa aurrera eraman genuen. Ondorioa: onddoak bazeuden, baina ez ziren lausoduren eragileak. Une horretan, nire tesi-tutoreek, Itxaso Maguregui Olabarriak eta Oskar González Mendiak, zahartze-mekanismo fisiko-kimikoen ondorioz sortutako substantziak izan zitezkeelako hipotesia planteatu zuten... eta gakoa aurkitu zuten.

Argitu da misterioa?

Ikerketa luze baten eta analisi kimiko askoren ondoren, baietz esan dezakegu. Artelanetan hainbat substantzia identifikatu ditugu, haien artean xaboi metalikoak dira garrantzitsuenak. Oso arraroa badirudi ere pintura batean horrelako substantziak agertu izana, polikromiaren osagaien eta ingurumen-faktoreen arteko elkarreraginaren emaitzak dira. Prozesu horiek oso astiro gertatzen dira geruza piktorikoaren barruan, eta bakarrik ikusten ditugu azaleratzen direnean.

Badago substantzia hori ekiditeko edo garbitzeko modurik?

Galdera ona! Zalantzarik gabe hori izango da gure hurrengo erronka, zikintzen duten xaboi horiek garbitzeko metodologia bat ezartzea.

Ikerketaren zein fasetan zaude?

Tesia idazteko azken fasean nagoen arren, ikerketa ez da amaitu. Ondorioak artelan adierazgarri gutxi batzuetan egindako analisiaren emaitzetatik atera dira. Orain, beharrezkoa izango litzateke gainerako pinturetan gertatzen denaren hipotesia berrestea, hautemandako narriadura-mekanismoak errepikatzeko probetak egitea, horietan garbiketa-metodo desberdinak probatzea, etab.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Kontserbazio-zaharberritzea artea, historia, kimika, biologia eta beste diziplina batzuk batzen dituen oso esparru interesgarria da. Aldi berean, oso ezezaguna. Txiotesiak aukera eman zidan zaharberritzaileok egiten duguna zabaltzeko, ahalik eta jende gehien hurbil dadin mundu honetara. Maila pertsonalagoan, Txiotesiak hausnarketa-lan bat egitera behartu ninduen, oso lagungarria egindako ikerketa laburtzeko eta ideia garrantzitsuenak ateratzeko orduan.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Lehen aipatutako ikerketekin jarraitzeaz gain, erakusketa bat antolatu nahiko genuke bildumako artelanen aukeraketa batekin. Zumeta, Ortiz de Elgea, Juan Mieg eta beste hainbat euskal artistaren lehenengo pinturak dira, gerora euskal artearen historian funtsezko margolari eta abangoardien adierazgarri gisa finkatu zirenak. Azken finean, ikerketa honen guztiaren azken helburua da artelan horiek iraun egingo dutela ziurtatzea, gizarteak etorkizunean horietaz gozatzen jarrai dezan.

Jakintza-arloak