Enekoitz Etxezarreta: "Helburu nagusia trantsizio ekosozialaren gaiari merezi duen ikusgarritasuna ematea da"

2023ko ekainaren 30a

Enekoitz Etxezarreta: "Helburu nagusia trantsizio ekosozialaren gaiari merezi duen ikusgarritasuna ematea da"

UEUren 51. Udako Ikastaroen barruan, "Trantsizio ekosoziala ekonomia sozialaren bidetik: zer egin hezkuntzaren esparruan?" jardunaldia antolatu dute GEZKIk, EKOPOLek eta UEUk. GEZKIko Enekoitz Etxezarreta Etxarriren (Donostia, 1981) esanetan, "hezkuntza, ekonomia soziala eta trantsizio ekosoziala hirukoa bat eginda aztertuko zuen begirada baten falta" ikusi dute eta argi dute hezkuntzak funtzio estrategikoa betetzen duela, beste hainbat gaietan bezalaxe. Ekonomian doktorea da Etxezarreta eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziaduna.

Trantsizio ekosozialaz ari garenean, zertaz ari gara?

Trantsizioa bere sakoneko adieratik landu nahi genuke: orain ez gauden puntu batera eraman behar gintuzkeen igarobide moduan. Orain badirudi gure larre eta soro guztiak aerosorgailuz josi, eta egina dagoela trantsizioa. Trantsizio ekosozialarekin gure egungo ekoizpen- eta kontsumo-ereduen sakoneko berrikuspena egiteko premia azaleratu nahi dugu, eredu horiek inguruneak ezarritako muga biofisikoetara egokitzeaz gain, trantsizioa justizia sozialeko parametroetan gerta dadin. Eta bide horretan sinetsita gaude ekonomia sozialak izan baduela zeresana.

Zer tresna ematen ditu ekonomia sozialak?

Ekonomia soziala, historikoki, sistema kapitalistaren alternatiba izan da bi maila hauetan : enpresa-ereduaren bestelako antolaketan eta merkatu-harremanen eraldaketan. Ekonomia sozialeko enpresak lanaren burujabetzan oinarritzen diren neurrian, demokrazia-eskolak ere badira eta esperientzia indartsuak errentak eta erabakimenak birbanatzeari dagokionez; baita irabazi-asmoari mugak ezartzeko orduan ere. Ez hori bakarrik. Balio izan du merkatuak modu ez-eraginkorrean esleitzen dituen ondasunak eskema komunitarioen bitartez asetzeko, bizitzaren iraunkortasunerako funtsezkoak diren esparruetan: elikaduran, etxebizitzan, energian, gizarte-zerbitzuetan, hezkuntzan… Merkatuak ezarritako zenbait dogma eztabaidaezinen aurrean (irabazi-asmoa, lehia, kontsumo-gizartea, etab.), lankidetzan, elkarrekikotasunean eta nahikotasunean oinarrituriko praktika errealak gorpuztu ditu ekonomia sozialak. Egungo krisi ekosozial anitzek lotura zuzena dute merkatu-ekonomiak ezarritako logika suntsitzaileekin, eta horien aurrean, gure eguneroko kontsumo-ohituretan alternatibak planteatzen dituzten esperientzia eraldatzaileak ere geroz eta ugariagoak dira.

Ekonomia sozialari dagokionez, zein da Euskal Herriko argazkia?

Euskal Herriko ekonomia soziala zerbaitek bereizten badu mundu-mailan, hori haren izaera industriala da. Bestela esanda, lan elkartuko esperientziak dira gurean nagusi, eta bereziki esparru industrialean dute pisu esanguratsua, mundu-mailako esperientziarik esanguratsuenak kontsumo-kooperatibismoan izan diren bitartean. Hala ere, indargune izan dugun horixe bera izan daiteke orain agortze-bidean; izan ere, aurrean ditugun erronka ekosozial erraldoiek galdera berriak planteatzendizkiete gure esperientzia industrial horiei, eta bada zeregina berregokitze horietan ikuspegi ekosoziala txertatzeko. Horri ere erantzuten laguntzeko bokazioz antolatu dugu jardunaldia.

Zergatik jarri duzue begirada hezkuntzan?

Gure esparruan ohikoagoak izaten dira ekonomia sozialak hainbat jarduera produktibotan aurkezten dituen eredu alternatiboei buruzko jardunaldiak. Honako jardunaldi hau pentsatzeko egin genituen hastapenetako gogoeta kolektibo horietan, ordea, guztiok bat egin genuen hezkuntzaren garrantzia nabarmentzerakoan. Alde batetik, hutsune bat ikusten genuelako; hezkuntza, ekonomia soziala eta trantsizio ekosoziala hirukoa bat eginda aztertuko zuen begirada baten falta. Bestalde, hezkuntzak funtzio estrategikoa betetzen duenez, beste hainbat gaietan bezalaxe, belaunaldi berriak trantsizio ekosozialaren betaurrekoak jantzita irten daitezen hezkuntza-esparrutik; hortik aurrera izango dituzten lanetan eta bizitzan presente izan dezaten begirada hori.

Nola landuko duzue gaia?

Jardunaldian hiru ariketa mota bildu nahi izan ditugu, elkarren osagarri: lehenik, bi hitzaldi inspiratzaile izango ditugu, Joseba Azkarraga (EHU-Ekopol) eta Charo Moranen (Garúa kooperatiba) eskutik, gaiaren kokapen teorikoan laguntzeko. Ondoren, Euskal Herriko zenbait hezkuntza-esparrutan egun abian diren ekimen batzuk partekatzeko mahai-ingurua antolatu dugu, besteak beste, bertan izango ditugu unibertsitate-mailan, Lanbide Heziketan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan landuriko zenbait esperientzia. Hamaiketakoaren ostean, taldea bi tailerretan banatuko dugu. Tailer bakoitzean esperientzia interesgarri baten lanketa sakonagoa egitea da asmoa, parte-hartzaile bakoitzak hori bere esparrura nola eraman lezakeen pentsatzen laguntzeko.

Zein da azken helburua?

Helburu nagusia trantsizio ekosozialaren gaiari merezi duen ikusgarritasuna ematea da, kontuan izanda momentu honetan hezkuntzaren esparruan sakoneko eztabaidak daudela. Etorkizuneko hezkuntzak nolakoa izan behar duen herri bezala pentsatzen ari baldin bagara, nahi genuke jardunaldi honek trantsizioaren ikuspegia begien bistatik ez galtzen laguntzea. Beharrezko trantsizioen gaiari aurrez aurre begiratzen orain asmatzen ez badugu, auskalo nola begiratu beharko diogun gero, trantsizioak eskuen artean lehertzen zaizkigunean. Zentzu horretan, eraldaketa horiek hezkuntzaren esparruan ekonomia sozialaren logiketatik nola landu daitezkeen aletxoa jartzen asmatuko bagenu, pozik geundeke gu behintzat.

Jakintza-arloak