Eñaut Etxebarri Coello: "Kartel, liburu, aldizkari eta disko-azaletan egindako errotuluetan, altxor ugari topatu ditut"
2024ko abenduaren 11

Txiotesia lehiaketan parte hartu zuen Eñaut Etxebarri Coellok(Bilbo, 1971) "Euskal grafia: nortasun kolektiboa, hiri-paisaia eta iraganaren berreskuratzea" ekarpenarekin. Karmelo ikastolan ikasi zuen eta Txurdinagako Gabriel Aresti institutuan ondoren. Arte Ederretan lizentziatu zen gero (EHU) ikus-entzunezko espezializazioan. Diseinatzaile grafikoa da eta 2015ean Artefakto diseinu-estudioa sortu zuen lankide batekin batera. Ordutik, nortasun grafikoan eta diseinu editorialean aritzen dira. 2019tik, gainera, irakasle elkartua da Euskal Herriko Unibertsitatean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Sailean. Bere ikerlana hobeto ezagutzeko izan gara berarekin.
Arte Ederretako ikasketak egin zenituen, eta ikerkuntzaren mundurako saltoa gero. Zergatik Arte Ederrak? Zergatik ikerketa?
Galdera onak dira, baina ez dakit erantzuteko gai izango naizen. Arte Ederrak izan ziren nire lehen hautua, Arkitektura bigarren… Txikitatik denok atsegin dugu margotzea, baina, hazten goazela, alboratu egiten dugu afizio hori. Nik, ez: beti izan dut lapitza eskuan, edonon, edonoiz, marrazteko prest. Aldi berean, eta ez dakit zergatik, bisuala den edozerk arreta eman izan dit beti: zinea, telebista, komikigintza… eta, noski, diseinu grafikoa. Munduari so egiteko era bat dela uste dut: inguruko edozeren formari, koloreari, mugimenduari… arreta jarri eta "disko gogorrean" gordetzea, batek daki zertarako.
Behin Arte Ederretan, nire lehenengo aukera Diseinua egitea izan zen, baina, klase batzuetara joan ostean, ez nion usain onik hartu, eta Ikus-entunezkoak aukeratu nuen. Eta ez naiz batere damutzen.
Ikerketari dagokionez, uste dut normala dela interesgarri zaizkigun gauzei buruz gehiago jakitearen grina izatea. "Zergatik da hauxe horrela?", "Nondik dator beste hura?" edo "Zerk eragin du hori?" gisako galderak arruntak direla uste dut, eta horiei erantzuna aurkitzeko grinaren ondorioa da ikerketa.
"Euskal grafia: nortasun kolektiboa, hiri-paisaia eta iraganaren berreskuratzea" izan da zure tesiaren ikergaia. Nola sortu zen aukera?
Euskal grafia edo "euskal letra"ren kontua aspalditik interesatzen zait. Materiala batzen nengoela, konturatu naiz duela 20 urte ateratako argazkiak nituela, euskal grafia erabiltzen zuten errotulu, liburu-azal edo pegatinenak. Gainera, arestian aipatu ditudan galdera horietako batzuk izan ditut urte luzez buruan biraka: "Zergatik dago horren hedatuta?", "Zein da jatorria?", eta, bereziki, "Zergatik dira hain itsusiak gaur egun erabiltzen diren euskal tipografia gehientsuenak?". Behin unibertsitatean eskolak ematen hasita, galdera horiek erantzuteko unea heldu zitzaidala iruditu zitzaidan.
Nora jo duzu tipografia horien bila? Zein izan da zure lagina?
Literatura oso gutxi dago gai horren inguruan, eta idatzi diren hainbat gauza ez dira batere zehatzak. Dena den, badira mugarri batzuk: Louis Colasek La Tombe Basque argitaratu zuen, 1923an; liburu horretan, hainbat herritako hilarri, ateburu eta idazkun batu zituen, argazki eta marrazkietan bilduak. Huraxe izan zen, hain zuzen ere, ondoren sortuko ziren euskal grafien iturri nagusia. Badira beste lan batzuk, hala nola Arquitectura popular y grafía vasca (Pablo eta John Zabalo anaiak, 1947) edo Arte Popular Vasco (Luis Peña Santiago, 1970), esaterako, euskal grafiaren inguruko bildumak egin zituztenak.
Edozelan ere, irudi zehatza izateko modu bakarra, gure historian zehar argitaratutako ekoizpen grafikoa biltzea izan da. Labayru Fundazioaren bibliotekan ordu luzez aritu naiz, hango funtsetan igerian. Bilduma itzela dute, eta oso baliagarria izan zait han aurkitutako materiala, baita bertakoek eskainitako laguntza ere. Eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, Igone Etxebarria zuzendariari eta Idoia Guenagari.
Zergatik hedatu da horrenbeste "Euskal letra"? Zer eragin du horrek?
Orain ikus dezakegun hedapena kaleetako errotuluetara mugatu daiteke, enpresa zein saltokietako izenetan, batez ere. Euskaltasuna adierazteko era bat izan daiteke, edo euskal komunitatearen parte garen adierazle… Euskal produktuekin—edo euskal sukaldaritzarekin— lotura azpimarratzeko ere erabiltzen da euskal letra delakoa. Kulturalki eta politikoki baliatu izan dute halakoetan, eta ditugun elementu bisual urrietako bat izatera iritsi da, nahiz eta gaur egungo adierazpenek, askotan, ez duten kalitate grafiko nabaririk.
Zorionez, bada azken urteetan revival bat, eta kalitatezko tipografiak agertu dira. Nabarmenena, eta adibide bat jartzearren, Juan Luis Blancok diseinatutako Harri tipografia.
Tipografia berriak ere aurkitu dituzu; gehienetan, anonimoak.
Bai, eta nire tesiaren giltzarrietako bat osatzen dute. Egia esan, ez dira, berez, tipografiak: inprentako edo ordenagailuko letra-motez ari garenean, ezaugarri komunak dituzten karaktereen multzo bat izendatzen dugu hitz horrekin. Karaktereen multzo horrek hizkiak, zenbakiak, puntuazio-markak eta hainbat sinbolo biltzen ditu, eta horien guztien arteko tarteak —eta beste hainbat ezaugarri— ere bai.
Kartel, liburu, aldizkari eta disko-azaletan egindako errotuluetan, altxor ugari topatu ditut. Izenburua edo egilearen izena idazteko espresuki marraztutako hizkiak dira, artista bakoitzak bere ekarpena eginez eta euskal grafia aberastuz egindakoak. Colasen liburu hartatik eratorrikoak dira denak, segur aski, baina askotariko bide estilistikoak urratu dituzte, esperimentazioan arituz, bakoitzak bere aletxoa jarriz…
Tipografia horiek guztiak biltzea eta ezagutaraztea da zure asmoa. Nola?
Teknika fotomekanikoek eta digitalek pobrezia grafikoa ekarri zioten euskal grafiari. Bitxia da kontua: beti pentsatzen dugu aurrerapen teknologikoek aberastasuna eta aukera berrien ugaltzea dakartela, baina, kasu honetan, zenbait tipografia sortu ziren, grafikoki —eta tipografikoki— behar bezain zainduak ez zirenak eta oso azkar hedatu zirenak. Jada ez zegoen marrazkilari edo margolari bati errotulua enkargatzeko beharrik: nahikoa zen eskuragarri zeuden tipografia berri horiek erabiltzea.
Paisaia urbanoa pobretzea ekarri du horrek guztiak: tabernen toldoei erreparatzen badiegu, esaterako, denek dute tipografia bera, ez dago aniztasunik.
Galderari erantzunez: lehenik eta behin, aurkitutako lanak ezagutzera eman nahi ditut. Artista handiak daude tartean: Oteiza, Basterretxea… baina baita ere Iñaki Landa, Jose Mari Pastor, Lander Gallastegi, Muro Urriza… Bigarrenik, haiek diseinatutako hizkiekin tipografiak diseinatzeko intentzioa dut, euskal grafiaren berezko aberastasuna eta aniztasuna erakusteko.
Tipografia berri bat diseinatzen ari zarela esan zenigun Txiotesian. Nola doa proiektua?
Pandemian hasi nuen proiektua, tesiarekin serioski hasi baino lehenago. Aspalditik izan dut tipografia-lanetan aritzeko interesa, eta, online ikastaro bat egin nuela aprobetxatuz, euskal kutsuko tipografia bat egitea erabaki nuen, nire ekarpentxoa egiteko. Hala, aspalditik marraztuta nituen bozetoei hautsa kendu, eta lanari ekin nion.
Uste dut proiektua nahiko aurreratua daukadala, baina esango nuke tipografia bat sortzeko prozesuaren parterik zailena bukaeran dagoela, eta azken orrazketaren zain daukat egindako guztia.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Erronka gisa hartu nuen. Ikasleei beti esaten diet askoz zailagoa dela zehatz eta labur idaztea, itzelezko adreilua idaztea baino, eta, neure buruari ere, gauza bera esan nion: "Gai izango al naiz tesia horren era labur eta sintetikoan azaltzeko"?. Egia esan, emaitzarekin nahiko pozik geratu nintzen.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Erronka bat dut, potoloa: tesia aurkeztea! Orain, urrun ikusten dut une hori, egia esan, baina helburua da ikasturte honen bukaerarako egitea. Ondoren? Ikusiko dugu: aipatu ditudan euskal grafia horiek tipografia bihurtu, antzeko lanetan ari direnekin elkarlanean aritu, erakusketa bat antolatu, agian…
Tesia abiapuntu gisa ikusten dut: tranpolin baten antzera erabili nahi dut, nire ibilbide grafikoarekin jarraitzeko. Badakit gauza txikia dela euskal grafiaren kontu hau, baina gure nortasunaren parte ere bada, eta nire lanak gure altxor hori zaintzen eta babesten lagunduko badu, nahikoa izango da niretzat.