Eñaut Aiartzaguena Bravo: "Inguru naturalak izugarrizko gai pila eskaintzen dizkigu gure akuarela-margoetarako"

2024ko urtarrilaren 10a

Eñaut Aiartzaguena Bravo: "Inguru naturalak izugarrizko gai pila eskaintzen dizkigu gure akuarela-margoetarako"

Akuarelak aire zabalean liburua argitaratu berri du UEUrekin Eñaut Aiartzaguena Bravok (Iurreta, 1988). Irudigilea da bera eta komikigintza, proiektu pedagogikoak eta akuarela-ilustrazioak lantzen ditu. Arte Ederretan lizentziatua hainbat argitalpenetan egin izan ditu kolaborazioak, hala nola Argia (Xapoketan, 2019; Hizki Pizti, 2023), Hik hasi (2017-2023), Aizu (2020-2023) edo Txikipedia (2021-2023). 2021. urtetik, akuarela-margoetan espezializatuta, marrazketa- eta pintura-tailerrak ematen ere jardun du, haur, gazte nahiz helduentzat. Liburuaren gainean hitz egiteko izan gara berarekin.

Akuarela teknikan trebatzeko oinarrizko ezagutzak bildu dituzu liburuan. Nola sortu da ideia?

Urte batzuk daramatzat irudigintzaren munduan, marrazkilari eta hezitzaile gisa. Normalean haurrak izaten dira marrazketa- eta pintura-ikastaroetara animatzen direnak, baina helduak ere gerturatu izan dira tarteka. Akuarela teknikan espezializatzen hasi nintzenean arlo honen inguruko ezagutza biltzen hasi nintzen, eta urteak joan ahala, ezagutza horiek transmititzeko grina ere piztu zait. Haurrentzat, barneratzeko zailegiak dira kontzeptu teoriko batzuk; helduentzat, aldiz, praktikari eta huts egiteari beldurra kentzea da zaila. Gauzak horrela, UEUri helduentzako akuarela-ikastaro teoriko-praktiko bat egiteko proposamena luzatu nion eta baiezkoa jasotzearekin batera hasi nintzen ordura arteko apunte guztiak txukuntzen. Azkenean, ikastarorako, liburu-formatuko dokumentu bat neukan esku artean. Gai honen inguruko edukirik, euskaraz, apenas dagoela kontuan hartuta, liburua argitaratzeko laguntza bila jo nuen UEUko atea eta berehala jarri zuten martxan makineria UEUko langileek.

Akuarela teknikak, teknika zailaren fama du.

Pinturan, ohikoagoa da tenpera edo olio-pinturen antzeko teknikak erabiltzea. Teknika horiek pintura-kapak bata bestearekin estaltzeko aukera ematen digute, teknika opakoak direla esaten dugu. Modu horretan aurretik egindako akatsen bat estali eta erraz zuzendu dezakegu. Akuarela, teknika gardena da ordea. Pigmentu- eta ur-proportzioaren arabera gardentasun hori aldatzen den arren, ez da erraza aurrez egindako orban bat guztiz estaltzea, azpian dagoena kolore ilunagoa bada. Horra teknikaren zailtasunetako bat.

Horretaz gainera, akuarelaz margotzeko behar-beharrezkoa da ura erabiltzea. Papera nahiz pintzelaren hezetasun-mailaren arabera emaitza bat edo beste lortuko dugu gure marrazkirako, baina jakina, hezetasun-maila horiek ezagutu eta gure probetxurako erabili ahal izateak esperientzia eskatzen du. Horra teknika zailaren famaren beste arrazoi bat.

Ez nuke esango, hala ere, teknika zaila denik. Kontzeptu batzuk ulertu beharra dago lehenengo, eta horiekin lan egin. Akuarelan ez dugu kolore zuririk izaten kolore-nahasketetarako, adibidez, eta horrek gure eskemak aztoratu ditzake. Hala ere, paperaren zuria aprobetxatzen ikasten denean, berehala lortzen ditugu nahi ditugun kolore horiek.

Gida praktikoa izatea nahi izan duzu. Zer aurkituko du bertan irakurleak?

Aurrez esan bezala, liburuan azaltzen diren kontzeptu batzuk teorikoegiak izan daitezke haurrentzat, eta helduek liburu bat erraz irakur dezaketen arren, kosta egiten zaie pintzel bat eskutan hartzea. Horregatik saiatu naiz gida praktiko bat osatzen. Nik egindako akuarela-margoen irudiekin azalpen teorikoak arindu eta ariketa praktiko batzuk ere proposatzen ditut liburuan.

Akuarelaren munduan sartzeko beldurrak uxatu eta pintzelak eskutan hartzera animatuko ditu liburu honek irakurleak. Hortik aurrera nork bere bidea urratu dezala.

Aire zabalean margotzera egokitutako gida da. Zertan eragiten du aire zabalean aritzeak?

Inguru naturalak izugarrizko gai pila eskaintzen dizkigu gure akuarela-margoetarako. Erronka erantsi bat ere bada. Argi dago, etxean, estudioan edo antzeko espazioren batean margotzea erosoagoa izan daitekeela, baina naturan, zuzenean aritzeak, sormen-prozesuarekiko kontzientzia gehiago hartzen lagunduko digu. Denbora bat pasa eta gero, aire zabalean egindako akuarela bat hartzean errazago gogoratuko dugu non margotu genuen, zergatik eta margotzen ari ginen artean zer gertatu zitzaigun ere. Aire zabalean, geure buruarekiko eta inguruarekiko arretatsuago jokatzen dugu eta hori gure akuarela-lanetan ere islatzen dela esango nuke.

Akuarelek natura beste begi batzuekin behatzen irakatsi dizutela diozu. Zergatik?

Aipatu dudan bezala, aire zabalean aritzean, sortze-prozesuarekiko kontzientzia gehiago hartzen dugu eta horrek gure ingurua behatzeko dugun modua aldatzen du. Gure bizimodu azkarrak, askotan, begirada ere azkartzen digu eta ez dugu arreta gauza jakin batean denbora luzez mantentzen. Margolan bat egiten ari bazara, ordea, ez duzu arreta jarri beste erremediorik. Arreta jarri eta mantendu behar izate horrek gure inguru zabalean ditugun altxor bereziak deskubritzen joateko patxada emango digu eta horregatik bakarrik merezi du.

Nori dago zuzenduta?

Arte plastikoetan eskarmentua izan zein ez, liburu ulergarria egiten saiatu naiz. Lehen ere aipatu dudan moduan, ohikoa da haurtzaroan pintzel eta margo artean aritzea, baina adin batetik aurrera ez diogu aukera horri denborarik eskaintzen. Liburu honek dinamika hori apurtzea du helburu. Hala, liburua hartzen duen norbanako oro animatu nahi nuke pintzela eskutan hartu eta, bizi guztian pintatzen aritu den artista baten mailara egun batetik bestera heltzeko inolako aspiraziorik gabe, bere margolanak egin eta bideaz gozatzera.

Jakintza-arloak