Enara San Juan Manso: "Komedia latindarrean arrotzak ziren gaiak eta pertsonaiak txertatu zituen Rosvitak bere teatro-lanetan"

2024ko urriaren 31

Enara San Juan Manso: "Komedia latindarrean arrotzak ziren gaiak eta pertsonaiak txertatu zituen Rosvitak bere teatro-lanetan"

Rosvita. Teatro-lanak liburua argitaratu berri du UEUrekin eta EHUrekin koedizioan Enara San Juan Mansok (Bilbo, 1984). Filologia Klasikoa ikasi zuen (EHU) eta latindar filologiaren alorrean lortu zuen doktore-titulua (EHU). Tesia egin bitartean, Euskal Filologia ere ikasi zuen (EHU). Harekin izan gara liburuaren gainean hitz egiteko.

Nor da Rosvita?

X. mendean Gandersheimeko abadia batean (Saxonia Beherean) bizi izan zen elizemakume bat da Rosvita. Haren bizitzari buruz ez daukagu datu askorik; Rosvitak berak bere lanetan aipatzen duena baino ez. Ez dakigu zehazki noiz jaio zen, ezta noiz hil zen ere, baina badakigu Gandersheimen bi maistra izan zituela gutxienez, eta, besteak beste, autore klasiko latindarren testuak irakurri eta ikasi zituela.

Badirudi Gandersheimeko abadian, lekaime edo moja erregularrak ez ezik, pobrezia-botorik egiten ez zuten elizemakumeak ere bizi zirela, nolabaiteko askatasuna zeukatenak, eta litekeena da elizemakume horietako bat izatea Rosvita. Gandersheimeko abadiak lotura estua izan zuen otondar dinastiarekin; abadiako hainbat abadesa otondarren leinukoak izan ziren, eta badirudi, nola edo hala, Rosvitak nolabaiteko harremana izan zuela otondarrekin, Oton I.aren balentriei buruzko lan bat idazteraino.

Zein izan zen egin zuen ekarpena?

Rosvitak zortzi legenda hagiografiko eta bi historia-lan idatzi zituen (Oton I.ari buruzko lanaz gain, baita Gandersheimeko abadiaren historiari buruzko beste bat ere); horrez gain, sei teatro-lan ere idatzi zituen, eta, aditu askoren ustez, teatro-lanak dira Rosvitak literaturari egindako ekarpenik originalena.

Rosvitaren garaian, Terentzioren komediak ziren―Virgilioren lanen atzetik, jakina― gehien irakurtzen ziren testu klasiko latindarrak. Rosvitak ez zuen begi onez ikusten irakurle kristauek halako testuak irakurtzea, haren ustez Terentzioren komediek entzun ere egin beharko ez genituzkeen gauzen berri ematen zutelako (maitaleen hitz gozo eta arriskutsuak, emakume lizunen lotsagabekeriak…). Hortaz, Rosvitak Terentzioren komediak ordezteko beste teatro-lan batzuk jarri nahi izan zituen mahai gainean, irakurle kristauentzat egokiagoak zirenak; alegia, santu eta martirien bizitzak elkarrizketa-eran.

Bere lanetan emakumearen irudi literarioa aldatzen saiatu zela diozu.

Bai, hori nabarmendu dute zenbait adituk. Izan ere, komedia latindarrean arrotzak ziren gaiak eta pertsonaiak txertatu zituen Rosvitak bere teatro-lanetan: Rosvitaren lan guztietan, kastitatea goraipatzen da, eta lanotako pertsonaia-eredu nagusia emakume kristau garbia da; prostitutak agertu, agertzen dira Rosvitaren teatro-lanetan, baina guztiak konbertitzen dira kristautasunera, eta penitentziaren bidez garbitzen dituzte beren bekatuak. Hortaz, Rosvitaren idazlanetan, beti gailentzen dira emakume kristau garbiak, amaieran zerua irabaztera heltzen direnak. Nolanahi ere, emakume horiek, kristauak eta garbiak ez ezik, argiak eta ausartak ere badira, eta zenbaitetan barre eta guzti egiten diete haiek menderatzen saiatzen diren gizon ankerrei. Emakumearen irudi hori urrun dago Terentzioren komedietan gailentzen den iruditik.

Nola sortu zen Rosvitaz idazteko ideia?

Terentzioren testuari Erdi Aroan egindako glosa- edo ohar-bilduma bati buruz egin nuen doktore-tesia. Erdi Aroan, latina ikasteko, Terentzioren komediak irakurtzen zituzten monasterioetako eskoletan, eta, testu horiek azaltzeko, oharrak idazten zituzten eskuizkribuetako orri-bazterretan. Nire egitekoa izan zen horietako batzuk aztertzea eta argitaratzea, eta, horretarako, Terentzioren Erdi Aroko irakurleei buruzko lanak irakurri behar izan nituen. Nire gaia ez zegoen zuzenean lotuta Rosvitaren idazlanekin, baina tesia egin nuenetik zeharka begiratu izan diot Rosvitari. Filologia Klasikoa ikasten dugunok emakumeek idatzitako oso testu gutxi irakurtzen ditugu eskoletan, eta emakume batek idatzitako lanek beti ematen dizute atentzioa. Duela hamar urte baino gehiago aurkeztu nuen tesia, baina, urte askoren ondoren, Rosvitaren testuari heltzeko aukera eta gogoa izan nuen. Hasierako asmoa ez zen teatro-lan guztiak itzultzea, baizik eta bakarra, baina, lehenengoa itzuli ostean, bigarrenari ekin nion… eta azkenean guztiak itzuli nituen.

Nori dago zuzenduta?

Ba, jakin-mina daukan edonori. Argi dago Rosvitaren helburuak eta interesak, oro har, urrun samar daudela gaur egungo irakurle gehienok dauzkagunetatik, baina esango nuke literaturaren historia maite duen edonori interesatu ahal zaizkiola haren lanak.

Nabarmentzeko zerbait?

Ba, adibidez, teatro-lanen atariko gisa, Rosvitak idatzitako bi testu heldu zaizkigula: hitzaurre bat eta liburuaren “zenbait babesle jakintsuri” idatzitako gutun bat. Bertan, Rosvitak bere emakume-identitatearen kontzientzia adierazten du, eta umiltasunaren toposari heltzen dio jakintsu horien aurrean bere buruaz hitz egiteko. Besteak beste, testu horietan esaten du ezjakin bat baino ez dela eta bere emakumezko talentua mugatua dela, baina bere teatro-lanetan, ordea, bere jakintza erakusten saiatzen da; Erdi Aroan, hezkuntza zazpi arte edo jakintza-arloren irakaskuntzan oinarrituta zegoen, eta Rosvitak arte horietako biri buruzko pasarteak txertatu zituen bere azken bi teatro-lanetan; hain zuzen, musikari eta aritmetikari buruzkoak. Horiek irakurtzea interesgarria izan daiteke Erdi Aroko eskoletan zer ikasten zuten jakiteko.


Jakintza-arloak