"Emakumeak hitanotik aldentzeko aldagai garrantzitsuenetarikoa generoa bera izan da"

2023ko ekainaren 15a

"Emakumeak hitanotik aldentzeko aldagai garrantzitsuenetarikoa generoa bera izan da"
Onintza Legorburu eta Garbiñe Bereziartua

"Hizkuntza hautuen eta generoaren arteko gurutzaketa arnasguneetan" jardunaldia egingo da gaur Tolosan UEUren Udako Ikastaroetan. UEUk eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu dute Galtzaundiren laguntzarekin eta, "Hitanoa eta generoa nola gurutzatzen dira arnasguneetan?" mahai-inguruan parte hartuko dute Onintza Legorburu Larreak (Antzuola, 1993) eta Garbiñe Bereziartua Etxeberriak (Azpeitia, 1977). Legorburu Gizarte Langintza eta Antropologian graduatua da, eta EMUNeko aholkularia eta ikertzailea. Bereziartua pedagogoa da, eta UPV/EHUko irakaslea eta ikertzailea.

Hizkuntza hautuan generoak duen garrantzia jarriko duzue mahai gainean. Oraindik ere asko ikertu ez den arloa da?

Bai, hala da. Gainera, euskararen eta generoaren inguruan ikerketa asko egin ez bada, hitanoaren eta generoaren inguruan oraindik gutxiago egin da.

"Hitanoa eta generoa nola gurutzatzen dira arnasguneetan?" mahai-inguruan parte hartuko duzue. Nola gurutzatzen dira bi aldagai horiek?

Batetik, hitanoak berak barnebiltzen du generoaren marka hori; eta horrek bere horretan eztabaidarako bide ematen du.

Bestetik, horren erabileran ere pisu nabarmena eduki du eta oraindik ere dauka generoak. Hitzaldian hor kokatuko dugu emakumea hitanotik aldentzea eta noketaren galera.

Genero-ikuspuntutik helduko diegu bi fenomenoei eta arnasguneetan nola egikaritzen diren mahaigaineratuko dugu.

Euskararen biziberritze-prozesuan garrantzitsua da generoaren aldagaia kontuan hartzea?

Euskaratik baino areago, gure kasuan, hitanotik abiatu gara. Baina iruditzen zaigu batekoak balio lezakeela besterako.

Generoaren aldagaia kontuan hartzea oso garrantzitsua da, hizkuntzarekin lotutako alderdi askorekin baitauka lotura. Gure esparrutik hitz eginda, emakumeak hitanotik aldentzeko aldagai garrantzitsuenetarikoa generoa bera izan da eta, hortaz, galera horretan hainbesteko pisua eduki izan badu generoak, biziberritzeko estrategietan nola ez hartu kontuan.

Zer da jardunaldiarekin lortzea gustatuko litzaizukeena?

Arnasguneez eta generoaz ari garelarik, interesgarria iruditzen zaigu hitanoa ere elkarrizketa horretan sartzea. Hortaz, hiru aldagai horien arteko elkarrizketa sortzea nahiko genuke.


Jakintza-arloak