Elorri Arkotxa: "Klase herrikoiek ez zuten frantsesa ikasteko garrantzia bat-batean asimilatu, ez eta euskara alde batera utzi ere"
2023ko apirilaren 18a
Elorri Arkotxak (1991) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Musikologiako ikasketak egin ondoren (2014), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetan Masterra egin zuen (2017). 2019an doktorego-tesia egiteko NUPen dirulaguntza jaso zuen eta ordutik ari da bere ikerketa garatzen. 2022an Nantes Université-n sei hilabeteko egonaldi bat egiteko aukera izan zuen, bai eta Bordeleko Science Po-ren Centre Émile Durkheim-en hilabete bateko egonaldia ere. 2022ko UEUren Udako Ikastaroen barnean antolatu zen Historialari Euskaldunen Nazioarteko VI. Topaketan aurkeztu zituen bere ikerketaren nondik norakoak: Kultura nagusia, kultura herrikoia eta sen ona. XIX. mendearen bukaeran Ipar Euskal Herriko landa komunitatearen baitan gertatu ziren eraldaketa kulturalak azaltzeko proposamen metodologiko bat. Hauek Kondaira Historiako aldizkarian jaso dira orain.
XIX. mendearen bukaeran Zuberoako komunitate landatarreko eraldaketa kulturalak azaltzeko proposamena garatu duzu. Nola sortu zen gaia ikertzeko ideia?
Zuberoan kultura immaterialaren esparruan gertatu ziren transformazioak “beheko ikuspuntutik” azaldu nahi nituen, ingelesez “history from below” deitu ohi dena. Masterreko tesinan Frantziako Hirugarren Errepublikako nazionalismoak Ipar Euskal Herrian izan zuen eragina ikertzen aritu nintzen, eskolaren eta zerbitzu militarraren bitartez bereziki. Orduan konturatu nintzen historiografia-mailan hutsune bat zegoela, ez bainuen aurkitu XIX. mendearen bukaerak berekin ekarri zituen transformazioak klase herrikoien ikuspegitik jorratzen zituen lanik. Jadanik Eugen Weberren klasikoa den La fin des terroirs lana irakurrita nuen eta nolabait ildo horri jarraikiz Iparraldeko kasuan sakontzeko grina sortu zitzaidan.
Zerk egin zuen berezi sasoi hartako Zuberoa?
Hasiera batean Ipar Euskal Herria ikertu nahi nuen bere osotasunean, baina emeki-emeki aurkitutako iturriek, gutunak bereziki, arreta Zuberoan jartzera eraman ninduten. Mugako eskualde bat zen heinean, Zuberoa kulturalki biziki aberatsa zen, esate baterako, lau hizkuntza hitz egiten ziren: euskara, bearnesa, frantsesa eta gaztelania. Hizkuntza bakoitzak bere erabilera-eremu bereizia zuen, eta praktikan gainezarpenak ere gertatzen ziren.
Estatu frantsesean kultura bik egiten zuten topo. Zeintzuk?
Esateko modu bat da. Nire metodologia garatzeko bi kontzeptu nagusi erabili izan ditut: kultura nagusia eta kultura herrikoia. Lehena kultura ofizialarekin edo James R. Lehningek “French culture” deritzonarekin lotzen dut; bigarrena, aldiz, Zuberoako landa-eremuko klase herrikoien kultura “tradizionalarekin”. Baliabide metodologikoak direla azpimarratu nahi dut, ikerketa ahalik eta argiena izan dadin, baina ez ditut estamentu bereiziak eta bata besteari kontrajarriak balira bezala jorratzen. Funtsean gizarte-klaseak errealitateaz jabetzeko modu propioak baina aldakorrak dira.
Kultura nagusian eta kultura herrikoian estatuak, lekuko eliteak eta populazio landatarrak bete zuten rola definitu duzu.
Nire kezka nagusia klase herrikoiei dagozkien autonomia eta rol aktiboa eskaintzea zen. Horregatik, kultura nagusiaren eta kultura herrikoiaren arteko dinamika “negoziazio” moduan aztertzen saiatu naiz, “inposizioa/asimilazioa” binomiotik urrunduz. Kasurako, ezin da ukatu estatu frantsesak, estatu-nazioaren konfigurazioa hartzen ari zen heinean, hizkuntza bakar bat nabarmendu behar zuela, frantsesa, alegia. Zentzu horretan, frantsesaren inposizioa, modu batean edo bestean, ezinbestekotzat jo zuten eliteek. Baina inposizio hori ez zen lineala izan, klase herrikoiek ez zuten frantsesa ikasteko garrantzia bat-batean asimilatu, ez eta euskara alde batera utzi ere, berehalako hartan bederen. Ñabardura eta faktore asko zeuden tartean eta horiek kontuan hartzen saiatu naiz.
Landa-komunitateko eraldaketa kulturalak azaltzeko sen ona kontzeptua ere erabili duzu. Zertan datza?
Sen ona, Clifford Geertzek definitu zuen moduan, pentsamendu-sistema bat da, hortaz, testuinguru historiko eta kultural jakin batean sortzen eta bere mugak aurkitzen dituen sinesmen, balio eta aurreiritzien hautaketa moduko bat da. Kontzeptu aproposa da klase herrikoiei berezko autonomia eskaintzeko, horren bitartez haien estrategiak eta baliabideak azaldu baitaitezke.
Proposamen metodologikoarekin garai hartan gertatu ziren eraldaketa kulturalak azaltzea lortu duzu? Bada guztiz lotu gabe geratu den zerbait?
Ezin diet erabateko erantzuna eman galdera horiei! Ikerketa ez dut oraindik amaitu eta maiz gertatzen den bezala hasiera batean nuen ideia denboran zehar aldatzen joan da. Nire iturri nagusia gutunak direnez geroz kultura osatzen duten elementu asko aztertu gabe gelditu zaizkit, kontuan hartuz, gainera, kultura immaterialera mugatu dudala nire ikerketa. Halere, kontzeptu horiek guztiek arestian aipatu dudan kezka nagusia nahi nuen moduan analizatzen lagundu nautela esan dezaket, hots, klase herrikoiak subjektu aktibo gisa aztertzen.
Historialari Euskaldunen Topaketan aurkeztu zenituen ikerketaren nondik norakoak. Orain Kondairan jasota daude. Zer ekarpen egiten dute horrelako plataformek?
Biziki garrantzitsuak dira, produkzio zientifikoa euskaraz argitaratzea ahalbidetzen baitute. Historialari Euskaldunen Topaketan ingelesak akademia-munduan duen izugarrizko eraginaz hausnartzen egon ginen, hain zuzen. Gaur egun norberak bere burua eta bere lana ezagutzera emateko argitalpenak ingelesez egitea derrigorrezkoa da. Zentzu horretan, Historialari Euskaldunen Topaketa, Kondaira, IkerGazte eta abar plataforma subalternoak direla esango nuke, zientzia (zentzu orokorrean hartuta) ingelesa ez den hizkuntza batean egiteko parada eskaintzen digutelako, euskaran, gure hizkuntzan!