Elena Casiriain Iturriria: "Muga politikoak eri dira, Bidasoan ibiltzea aski da horren ulertzeko"
2024ko ekainaren 26a

"Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide" jardunaldia antolatu dute elkarlanean Iratzarrek, Udalbiltzak eta UEUk Udako Ikastaroen barruan. Bertan parte hartuko du Elena Casiriain Iturriria (Ortzaize, Baxe-Nafarroa, 1995) Antropologian doktoregaiak.
Apurtutako pitxerraren metafora planteatu zuen Monzonek.
Nik uste dut metafora horrek dakarren karga sinbolikoa biziki barneratua dugula euskaldunok, biziki diskurtso ezkorrak ditugula eta gibelamendu baten hartzeko beharra dugula, irudi berriak elikatzeko, transmititzeko, erakasteko jendarte bezala.
Zer da baina muga? Kontzeptua bera misterio bat dela esaten entzun zaitugu. Zergatik?
Enetzat muga misterio bat da, eta horrek nau ekarri naizen lekura, erran nahi baitu ikerketa baten eramaitera kontzeptu horren inguruan. Muga bat etengabe idekitzen eta hesten da, ez da bat ala bestea. Prozesu bat da azkenean, ez gauza finko bat, egiten eta berregiten duguna etengabe. Mugak beharrezkoak ditugu, estrukturak behar ditugulako. Gauzak bereizteko, identifikatzeko baliagarriak zaizkigu. Muga misterio bat dela erraiten dudanean, idekiduraren eta hestearen arteko dinamika hori dut aipatzen, eta misterio bat gelditzen da enetako dinamika hori nola sanoa izaiten ahal den, jakin noiz ideki eta noiz hetsi manera jasangarrian. Eta hor ez ditut baitezpada aipatzen muga politikoak, estatuen nazioak definitzen dituztenak, edozein motatako mugentzat balio du, pertsona bakoitza definitzen duenetik hasita.
Orain, muga aipatzen badugu estatu-nazioak definitzeko marraztu den linea arbitrario bezala, gaur egun argi da ez direla muga sano eta desiragarriak, idekidura eta hesteek, ezberdintasunak, hierarkiak eta injustiziak sortzen dituztelako: ez dira mugak denei berdin idekitzen edo hesten. Eta prozesu horietan, uste dut giro iluna dakarrela muga politiko batek gaurko munduan, xuxen sekulan jakiten ez dugun parte ilun bat biziarazten dugulako, preseski misteriotsua.
Muga politiko baten presentziak duen eragina ikertzen ari zara. Zer diote emaitzek?
Emaitzak emaitea zaila zait. Nahiago dut ikerketa egin galderak pausatzeko. Ondoren, kolektiboki erabakiko dugu, erantzunen dugu zein jendarte nahi dugun. Enetzat, ikerketa hor da distantzia baten hartzeko gure jendarte-joerei buruz eta dinamika sozialak argitan jartzeko, hobeki gureganatzeko erronkak. Egia erran, galdera onak pausatzea ez da gauza erraza eta naizen puntuan, ez naiz oraindik gai horren egiteko.
Hala ere, gogoeta-pista batzuk partekatzen ahal ditut. Mugari buruz, zer erran? Muga performatiboa da: aski da aipatzea, izaiteko, oraintxe egiten ari naizen bezala. Eta berriz erranik, honek balio du edozein muga motarentzat.
Ene ikerketan interesatzen zitzaidan begiratzea hainbeste aipatzen dugun “muga politiko” horren gibelean zer den. Biztanleen ikuspegitik hartuz, zer, noiz eta nola aipatzen dugun muga, kontuan hartuz aipatzen ez ditugun uneak eta moldeak ere. Ene abiapuntua izan da mugaldeetara hurbiltzea, erran nahi baitu Espainia eta Frantzia bereizten dituen mugatik hurbil diren herrietako joerei begiratzea, ulertzen saiatzeko zein diren gaurko bizi-eremuak eta ohartzeko “muga” hori erreferente bezala agertzen den edo ez. Ez dut helburutzat agerraraztea bai edo bai muga.
Ohartu naiz aski fite gaur kontraerran batean hartuak garela: Schengen espazioa ideki denetik, diogu mugarik ez dela gehiago, kontrola sistematizatuaren bukaera aipatzeko (hau ere galdekatzen ahal delarik lekuen arabera). Alta, biztanle gehienek diote harremanak ttipituz joan direla mugaldeetan, iparraldea eta hegoaldea deitzen ditugun lurraldeak beti eta urrunago ikusten ditugu elkarrengandik. Hau ere bere ñabardurekin hartzekoa da, baina orokorki biltzen den diskurtsoa hau da.
Euskaldun bezala, galdera hau funtsezkoa da, nola ez. Erronka batzuk agertzen dira aski argiki, galderatzat hartzen ahal ditugunak eta jendarte bezala landu edo erabaki beharko liratekeenak. Hauetariko bat terminologiaren ingurukoa da: lurraldeak aipatzean, izendatzean, erabiltzen dugun hiztegiak eragin handia du gure mugen biziarazten. Izendatuz jartzen ditugu muga batzuk azkenean. “Iparralde” eta “hegoalde” hitzak erabiliz, ez ote dugu “muga politiko” baten presentzia baieztatzen? “Beste aldea” erabiltzen dugularik, zeren beste aldea dugu izendatzen eta nolako lurraldearen irudia emaiten dugu erran molde horrekin? Manera berean, mapen bidez errepresentatuz ere mugaren irudi biziki fetxoa eraiki dugu, linea mugiezin bat bezala idurikatzen dugu. Hauek burutan, euskaldun bezala, zein lurralde irudikatu eta izendatu nahi ote dugu? Horren arabera, hautu batzuk egiten ahal ditugula uste dut.
Horrez gain, “muga” eta “mugaz gaindiko” hitzak erabiliz, muga politiko bat biziarazten eta onartzen dugu azkenean, gainditua izaiteko, muga batek izan behar duelako lehenik. “Mugaz gaindikoa” egin behar dela entzuten dugu maiz gaur egun, bai instituzioetan, bai biztanleengandik. Gutizia bat bada, iraganaren nostalgia bat ere bai. Iduritzen zaigu sekulan baino zailtasun handiagoak ditugula honen gainditzeko. Horren gibelean zer dugu aipatzen? Euskaldun egitearen zailtasuna ote da? “Mugaz gaindikoa” egitea euskaldun egitearen gauza bera egitea ote da? Egia erran, dudak ditut “mugaz gaindikoarekin”, muga bat azpimarratzen dela erranik. Zer bilatzen dugu zuzen “mugaz gaindiko” kooperazioak egiten ditugularik? Uste dut funtsezko galderak direla gaur.
Mugak definitzen gaitu?
Muga bat eraikuntza soziala da eta hori ez dugu burutik galdu behar. Edozein muga, izan politikoa, soziala, sinbolikoa... Muga bat ez da naturala, inoiz ez. Harremanean eraikitzen eta moldatzen dugu. Nortasunak egiten dira mugetan, “beste” deitzen diegun horietatik bereizten garen lekuetan. Egia erran, muga bat ezartzeko, erran nahi du horren gibelean “beste” deitzen dugun zerbait edo norbait badela. Bestela, ez genuke jartzen dugun muga horren beharrik.
Muga hartuta estatu-nazioen linea arbitrario hori bezala, definitzen ote gaitu? Ene ikuspegitik, galdera airean gelditzen da. Estatu-nazioen proiektua hau da, argi da, haien helburua mugak, definizio-lekuak izaitea da. Horretarako politiko gisa definitzen ditugu. Eta mugaz gaindikoa egiten duten instituzio anitzen diskurtsoa ere bai: mugaz gaindikoa oinarritzen da anitzetan “beste” batekin elkarlanean, elkarren ezagutzan eta kulturartekotasunean, mugak definitzen gaituela emantzat hartuta. Euskaldun bezala, gure proiektua zein ote da?
Muga politikoa azkenean guk egiten dugu partez, gure definitzeko erabiltzen ahal dugu, horren beharra baldin badugu, baina uste dut gaitasuna ere badugula definizio-funtzio horren kentzeko. Egia erran, ikuspegi askean sinesten dut. Muga politikoak egiten duena eta nola eraikitzen dugun begiratuz, kontzeptu horretatik askatzeko gaitasuna gureganatzen dugu, erran nahi baitu ez dugula baitezpada naturaltzat hartzen, mugiezin eta emana den errealitate bat bezala eta, horrekin, posibilitateak idekitzen zaizkigu beste molde batez pentsatzeko eta erabakitzeko.
Zerbait nabarmentzerik nahi?
Azken ohar bat egin nahiko nuke mundu-mailako egoera aipatuz. Muga politikoei begiratzen baldin badiegu, estatu-nazioak definitzeko eta mugatzeko erabiltzen diren horiek, espazioaren ordenatzeko tresnak dira. Mundializazioaren garaian, mugimendua, zirkulazioa, abiadura dira heldu zaizkigunak. Alta, sekulan baino muga gehiago ditugu gaur egun, eta zinezko muga bortitzak. Mugak ez dira desagertu eta ez dira “berriz heldu” batzuek dioten bezala, nik uste dut ez direla inoiz desagertu. Anne-Laure Amilhat Szary frantses geografoak idatzi du 1991tik hona, 27.000 kilometroz gora muga gehiago formatu direla eta sekulan baino pareta gehiago ditugula munduan zehar. Muga politikoak eri dira, Bidasoan ibiltzea aski da horren ulertzeko. Hor ere erronka nagusi bat dugu jendarte bezala: muga jasangarri eta desiragarriak posible ote dira? Galdera horrekin idekitzen diren gogoeta guziak zalantzan uzten ditut hemen.