"Euskal Herrian, ekofeminismoa marrazteko eta gorpuzteko dago, eta horrek ariketa, lan eta jardute kolektibo baten ondorioa izan behar du"
2023ko ekainaren 29a
UEUren Udako Ikastaroetan "Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian" jardunaldia egingo da ekainaren 29an. Gasteizen egingo da jardunaldia eta haren antolaketaz eta dinamizazioaz arduratu dira Marta Barba Gassó (1988, L’Hospitalet del Llobregat) eta Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain,1972). Barba, Soziologian lizentziatua da (UPV/EHU, 2012) eta Ikasketa Feministak eta Generokoetan doktorea (UPV/EHU, 2021). Begiristain, Ekonomian doktorea da (UPV/EHU) eta Elikadura Sistemetan eta Agroekologian ikertzailea.
Ekofeminismoaren gaia landuko duzue jardunaldian. Zertaz ari gara ekofeminismoaz ari garenean?
Ekofeminismoaz baino areago, ekofeminismoez hitz egiten dugu; izan ere, ez dago definizio bakar eta bateraturik. Edonola, guri gustatzen zaigu aipatzea ekofeminismoa dela praktika bat, mugimendu bat eta mundua ikusteko era bat, zeinetan azterketa bateratu bat egiten den, alde batetik, genero-zapalkuntza eta heteropatriarkatuarena, eta lurraren suntsipenarena, bestetik. Mugimendu feministaren eta mugimendu ekologistaren arteko elkarrizketa moduan ere ikus daiteke, eta badu hortik zerbait. Edonola ere, gaur egungo krisi sistemikoari begiratzeko eta horren aurrean ekiteko modu eta proposamen integral bat.
Ekofeminismoaren gaineko ezezagutza eta aurreiritziak daudela diozu. Zeintzuk?
Ekofeminismoek badute ibilbide luzea bezain gorabeheratsua, 70eko hamarkadan Françoise d’Eaubonnek terminoa lehenengo aldiz erabili zuenetik. Edonola, hein handi batean Mendebaldean sortutako eta elikatutako terminoa da, eta, horrek, moduren batean, Mendebaldeko pentsamolde modernoaren parte izatea dakar. Bestalde, maiz leporatu zaio “emakumeak”, “natura” eta horien arteko harremana biologizatzea edo esentzializatzea. Aitzitik, testu eta praktika ekofeministetan arakatzean, hortik pentsatu baino gutxiago duela konturatzen zara. Gauzak horrela, iruditzen zaigu Euskal Herrian presentzia gutxi izan duela ikuspegi horrek izen horrekin eta, beraz, ez dagoela gure kulturara, izaerara, egiteko moduetara egokitua. Hortik jardunaldia antolatzeko grina.
Euskal Herrian ekofeminismoak izan duen ibilbidea marraztu nahi duzue, praktika horiek bildu eta ezagutzera eman. Zergatik?
Nahiz eta gurean izen horrekin identifikatu diren praktika, kolektibo edo/eta borroka asko ez izan, batzuk egon badira, eta esanguratsua da zergatik ez zaien aitortzarik eman edo zergatik ez diren ezagunak egin. Beraz, alde horretatik, memoria eta historia zabaltzeko ariketa izango da hori. Bestetik, iruditzen zaigu agian izen horrekin identifikatuak izan ez diren zenbait praktika eta mugimendu nahi dugun ekofeminismoaren definizioan sartuko liratekeela, eta horietan ere arakatu nahi dugu. Ez soilik memoria-ariketa bat egiteko, baizik eta erreferente propioak izateko, etorkizunari begira ere nondik begiratu eta nondik abiatu badugulako.
Zeintzuk dira ekofeminismoak dituen erronka nagusiak?
Beharbada egun gizakiok munduan dugun erronka nagusia bera du ekofeminismoak: nola sortu bizitza bizigarriak bizi ororentzat? Hau da, nola sortu bizimodu bat (batzuk, hobe esanda), gizaki denontzat bizigarri eta bidezko izango direnak eta bestelako izaki eta biziei bizigarriak izaten jarraitzen utziko dietenak.
Erronka horiei kolektiboki erantzun nahi zaie. Talde-lanari, gogoeta kolektiboari... garrantzia eman nahi diezue jardunaldian?
Esan bezala, iruditzen zaigu gurean, Euskal Herrian, marrazteko eta gorpuzteko dagoela, eta horrek ariketa, lan eta jardute kolektibo baten ondorioa izan behar duela deritzogu. Ez da pare bat adituk kontatu behar duten zerbait. Zentzu horretan, jardunaldi hau bide honetako mugarri txiki bat gehiago balitz bezala irudikatzen dugu. Edo hori izatea nahi genuke, behintzat.
Bertso-afari tematikoa ere antolatu duzue.
Bai, hala da, bai. Ekofeminismoetan fabulazioak, zientzia-fikzioak, arteak berak, pisua izan dute eta badute. Mundu hau eraldatu nahi badugu, errotik gainera, nahi ditugun munduak irudikatu behar ditugu, horietarako bideari ekiteko, fabulazioa izan da orain arte, eta bada, ekofeminismoan garatu den bide bat. Gaur egungo krisi ekosozialaren aurrean bi paradigma nagusitu ohi dira: munduaren amaieraren paradigma apokaliptikoa, edo sistema iraunarazi nahi duen irtenbide teknologikoak proposatzen digun paradigma. "Joko" horretatik (batzuetan interesatua) kanpo kokatzen diren beste aukerei bide eman nahi diete ekofeminismoek eta horretarako baliatzen dute artea eta fabulazioa. Gurean ere dimentsio hori txertatu nahi izan dugu, guretik, eta iruditu zaigu bertso-saio bat modu interesgarri, egoki eta polita izan daitekeela horretarako. Bestalde, jardunaldian landutako guztia digeritzeko eta era informalago batez elikatzeko modua ere izan daitekeela pentsatu dugu.
Nori dago zuzenduta?
Bertso-afaria irekia izango da, Gasteizko Hala Bedi tabernan, eta edozeinek eman dezake izena. Zentzu horretan, jardunaldian landutakoa bertan egon garenongandik harago zabaltzeko aukera ere izan daiteke. Ekofeminismoa kalera eta hiriaren erdigunera eramateko saiakeratxo bat.
Nabarmentzeko zerbait?
Azken hilabeteetan, ekofeminismoen inguruan egiten gabiltzan hausnarketan, deigarria egin zaigu inork ez duela bere burua "jakitun" ikusten; berdin jardunaldi hau antolatzean ahotsak ekarri nahian ibili garenean. Beraz, oso eskertuta gaude prozesu guztian kide eta parte-hartzaileek emandako konfiantzagatik, eta konfiantza eta babes horretatik ere bizi nahi dugu jardunaldia. Animatuta gaude jardunaldiarekin; topagunea sortzeko, eta Euskal Herrian ekofeminismoen bide kolektiboari ekarpena egiteko aukera baliagarria izan dadin.