Eider Goiburu Moreno: "Pedagogia feministek proposatutako irizpideek aukera berriak irekitzen dizkigute"
2024ko urtarrilaren 22a
"Pedagogia Feministen hastapenak" ikastaroa emango du Eider Goiburu Morenok (Orio, 1980) UEUren udaberriko eskaintzaren barruan. Bera, Pedagogian doktorea da, gizarte-psikologoa, sexu-hezitzailea, irakaslea, ikertzailea, formatzailea eta aholkularia sexu-heziketa, hezkidetza eta pedagogia feministetan. UEUk eskaintzen duen Bigarren Hezkuntzako Irakasle Masterrean ere irakaslea da. Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.
Pedagogia feministetan jarriko duzu fokua. Zergatik?
Pauso handiak eman dira gizarte osoan mugimendu feministari esker eta hezkuntzan hezkidetzaren aldeko irakasle eta hezitzaileek egindakoari esker. Aldi berean, hezkuntza-arloan gaudenok argi ikusten dugu jarrera antifeministak azaleratu eta indartu direla azken urteetan. Horrek indartzea eragin du hezkidetzatik proposatzen ditugun ekimenekiko jarrera boikotatzaileak. Horregatik, hezkidetzaren bueltan gauden eragile askok krisi-momentuan gaudela identifikatzen dugu. Krisiek, beldurra ematen duten arren, aukera berriak irekitzen dituzte, ekimenak, moduak, edukiak birpentsatzeko aukera.
Pedagogia feministek proposatutako irizpideek aukera berriak irekitzen dizkigute. Botere-desoreka anitzen arteko harremanak aztertzen ditu hezkuntzarako eta gizarte-eraldaketarako begirada eskaintzen du.
Pedagogia feministen oinarriak ezagutzea izango da helburua. Nola?
Ikastaro hau hastapen-ikastaro bat da. Bere helburua pedagogia feministen printzipioetara gerturatzea izango da. Baina gerturatze hori ez da maila teorikoan soilik izango, bakoitzak ditugun posizio sozialetatik abiatuta, pribilegio eta zapalkuntzei buruzko kontzientzia hartzeko ariketak egitea proposatuko dugu.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Pedagogia feministen erronka nagusia eraldaketa soziala da. Boterearen eta kontzientziaren inguruko hipotesietan oinarritzen da. Hortaz, zapalkuntzaren existentzia onartzen du, baita horrekin amaitzeko aukera ere.
Pedagogia feministetatik hezkuntzak funtzio sozial, etiko eta politikoa duela ulertzen dugu. Ondorioz, ezinbestekoa da guztiok eroso sentitzeko identitate sozial ezberdinak aitortzea, baita horien artean sor daitezkeen botere-harremanak identifikatzea ere.
Botere-harreman horiei aurre egiteko, ezinbestekotzat jotzen dugu hezkuntzan ere zaintza erdigunean jartzea. Horrek berekin dakar pertsonak osotasunean ikustea, haien alderdi fisiko, kognitibo, emozional eta soziala kontuan izanik.
Ikastaro parte-hartzailea eta aktiboa izango da. Zein izango da metodologia?
Koherentziaz, pedagogia feministak hartuko dira oinarritzat, partaideen aurre-ezagutzetatik abiatuko gara, hausnarketa pertsonalak bultzatuko ditugu eta talde-eztabaiden bitartez ezagutza kolektiboak eraikiko ditugu.
Nori dago zuzenduta?
Hezkuntzak funtzio sozial, etiko eta politikoa duela pentsatzen duen pertsona orori. Bereziki, hezkuntza formal zein ez-formalean lanean dauden irakasle eta hezitzaileei, udaletako hezkuntza-teknikariei, ikastetxeetako hezkidetza-arduradunei eta abar. Laburbilduz, interesa duen orok hartu dezake parte.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Helburuak dira pedagogia feministei buruzko oinarri teorikoa eskaintzea, irakasleon pribilegio, zapalkuntza eta begiradei buruzko hausnarketa bultzatzea eta pedagogia feministetan oinarritutako esperientzien erreferentziak eskaintzea.