Eduardo Apodaka Ostaikoetxea: "Filosofiaren historia nolakoa, subjektuarena halakoa"

2024ko irailaren 9a

Eduardo Apodaka Ostaikoetxea: "Filosofiaren historia nolakoa, subjektuarena halakoa"

Subjekturen zainak eta adarrak liburua argitaratu berri du UEUrekin Eduardo Apodaka Ostaikoetxeak (Bilbo, 1965). Filosofian lizentziatu eta Soziologian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Bertan egiten du lan Gizarte Psikologia arloan eta jakintza-arlo horretatik ikertu eta landu ditu hainbat gai: identitate pertsonala eta sozialak, gaurko gizarteen psikologizazioa, boterearen legitimazioa, euskal identitatea eta abar. Lan horien emaitza dira argitaratu dituen liburu eta artikuluak, besteak beste: Komunikazioaren Gizarte Psikologia (UEU, 2004), El poder en busca de autoridad (Educa, 2009), Norberaren autonomia krisian (Pamiela, 2012), Identitatea eta anomalia (Pamiela, 2015). Gaizka Arangurenek koordinatu zuen Euskal Herria Ardatz (UEU, 2007) liburuan ere parte hartu zuen Eugenio Arraiza eta Joxe Manuel Odriozolarekin batera. Berarekin izan gara.

Subjektuaren zainak eta adarrak liburua argitaratu berri duzu UEUrekin. Nola sortu da ideia?

Juan San Martin bekan hiru lagunek aurkeztu genuen proiektu bat izan da liburuaren jatorria. Joseba Gabilondo eta Mitxelko Uranga dira beste biak, haien ideia izan zen bekan batera aurkeztea eta haiek animatu ninduten parte hartzera. Proiektuan Modernitateari kritika egin nahi genion oraingo ikuspegitik, hau da, Isabelle Stengers-ek esango zuen moduan, oraingo “hondamendien aro honetatik”. Bakoitzak nondik ekin eta zer jorratuko zuen proposatu behar genuen, nik subjektuari buruzko filosofien kritika egitea proposatu nuen, aurretiaz gaia landuta nuelako eta materia asko nituelako prestatuta subjektu neoliberalaren erro historiko-filosofikoei buruz.

Subjektuaz jardun duten eta diharduten filosofia nagusiak aurkeztu nahi izan dituzu. Zeintzuk?

Filosofia modernoari askotan jartzen zaion etiketa da: subjektuaren filosofia omen da modernoa, klasikoa, berriz, substantziarena. Etiketa horiekin esan nahi da Modernitatean galdera filosofiko nagusia ez dela izan “zer?” —zer den izatea, zer den egia, zer erreala, zer den jakintza, zer den ongia...—, galdera izan da “nor?”, nor den egiaren, ongiaren, errealaren eragilea. Baina, jakina, korronte eta iritzi asko izan dira, horregatik “filosofiak”. Filosofia moderno guztiak dira, beraz, subjektuarenak, eta horietan subjektua zeren sortzaile, arautzaile, egile edo gobernaria den erabaki nahi izan dute, bakoitzak bere modura. Liburuaren helburuak eta egiturak direla eta, nik nagusiki Hegel, Marx, Rousseau nabarmendu ditut, baina horiengandik Deleuze, Simondon, Braidotti, Haraway, Balibar, Žižek, Butler eta beste askorengana iritsi naiz. Haiek irakatsi ahal digute subjektua bestela ulertzen.

Nolakoa izan da subjektuaren bilakaera?

Filosofiaren historia nolakoa, subjektuarena halakoa. Eta ez dago filosofiaren historia bakarra. Žižekek bat kontatuko digu, Heidegerrek beste bat kontatu zigun bezala, Deleuzek beste bat... baina nik uste dut badela, niri interesatzen zaidan ildo kritikoan, adostasun bat: subjektua borroka-gune bat izan da, “nor da subjektu” zehaztea gehien-gehienetan nor den askatasunaren subjektua zehazteko borroka izan da. Nor den, bestela esan, bere buruaren subjektu, nor den eskubidedun. Eta, oso orokorrean hitz eginez gero, borroka hartan bi subjektu izan direla esan daiteke. Batetik subjektu burujabe, beregain eta berezkotasunez beterikoaren irudia eta, bestetik, ez-subjektuak, mendeko objektu gisa irudikatu diren beste guztiak. Liburuaren tesi nagusietako bat da ez-subjektu horiek bestelako subjektutasun bat sortu dutela. Gakoa, banakotasun hutsa da: subjektu burujabeak banako jaun hutsa delakoan menderatu nahi izan du “bere” mundua; ez-subjektuen subjektutasuna, berriz, elkartetik sortzen den eragintza eta sentiera da, elkarrekin eratzen den askatasuna eta mundu-sentiera.

Saiakera izateaz gain, dibulgazio eta kontsultarako liburu gisa pentsatuta dagoela diozu. Zer aurkituko du bertan irakurleak?

Esango nuke bi bide daudela liburua irakurtzeko. Bata, ohikoa, liburua saiakera bezala irakurtzea. Hor nik jorratu eta landu nahi izan ditudan tesiak daude: subjektutasunaren autonomia, transindibidualtasunaren ontologia, singulartasun askea... Beste bidean, gai horiek garatzeko jarraitu ditudan filosofoen lanak topatu ahal ditu irakurleak. Esaterako, bigarren atala Hegelen filosofiarako sarrera gisa irakurri ahal da, edo laugarrena, Marxenerako. Eta liburuaren bigarren partea, XX. eta XXI. mendeetako filosofia kritikoen kartografia edo gida modura erabil daiteke.

Nori dago zuzenduta?

Filosofian interesik duen edonorentzat eta, nola ez, gure garaiko erronken aurrean filosofia politiko kritikoak zer esan edo zer aldezten duen jakin nahi duenarentzat. Zehatzago esan, hondamendi eta kolapso globalen aro honetan, filosofia kritikoek diotenaren oinarri eta potentzialtasunak zein diren jakin gura duen edonorentzat. Gainera, esan bezala, hor dute irakurleek hainbat eta hainbat filosofo eta pentsalariren lanean sartzeko aukera bat euskaraz.

Nabarmentzeko zerbait?

Hasieran esan dudan moduan, nik subjektuaren gaia landu dut proiektu zabalago baten markoan, subjektutasuna eta subjektibotasuna bestela ulertzeko eta bizi-harremanak bestela eramateko hainbat ideia edo tesi ondorioztatu ditut lan horretatik. Hala ere, marko hori osatzen dute Joseba Gabilondok eta Mitxelko Urangak landu dituzten gaiek —hurrenez hurren, “apokalipsiaren historia politikoa” eta “mina eta boterea postegiaren garaian”—. Esango nuke elkar osatu eta zentzuz betetzen dutela, hortaz, espero dut laster euskal irakurleek eskura izango dituztela liburu horiek ere.

Jakintza-arloak