Beloke Alea Arrate: "Kontabilitate Soziala lizitazio askotan aplikatuta ikustea gustatuko litzaidake"
2024ko martxoaren 20a

Beloke Alea Arrate (Getxo, 1994) 2017an Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea gradu bikoitzeko ikasketak bukatu ondoren (Deustuko Unibertsitatean), Lantegi Batuak erakundean hasi zuen bere ibilbide profesionala, Zuzendaritzako ondoko gisa. Aldi berean, abokatutza-masterra egin zuen (UDIMAn). Gaur egun, lanpostu horretan dihardu eta ikerketarekin uztartzen du. Doktoretzako 3. urtea gauzatzen ari da Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresa Zuzenbidea programaren barruan. Haren ikerketak kontratazio publikoan balio soziala kontuan hartzearen bideragarritasun juridikoa aztertzea du helburu, Administrazio Zuzenbidearen eta Lehiaren Zuzenbidearen ikuspegia kontuan izanda. Bere ikerketa hobeto ezagutzeko izan gara berarekin.
Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea ikasi zenituen eta ikerketaren bideari ekin zenion gero. Zergatik?
Gradu bikoitza amaitu eta gero, Lantegi Batuak erakundean hasi nintzen lanean. Lantegi Batuak desgaitasuna, bereziki adimen- edo garapen-desgaitasuna, duten pertsonei lan-aukerak sortzen dizkien erakundea da. Gaur egun, 3.200 pertsonak baino gehiagok osatzen dute eta Bizkaiko eskualde guztietan dihardu, zentro- eta zerbitzu-sare zabal bati esker. Ikerketa-proiektu hau hasteko aukera lanean sortu zitzaidan eta aprobetxatu behar nuela pentsatu nuen nire garapen pertsonal eta profesionalari begira.
Kontabilitate Soziala izan duzu aztergai. Nola sortu zen aukera?
Lantegi Batuak-ek hamar urte baino gehiago daramatza Kontabilitate Soziala ("stakeholder accounting") aplikatzen, unibertsitateekin elkarlanean. Izan ere, tresna hori UPV/EHUk eta Deustuko Unibertsitateak garatu zuten, erakundeek sortutako balioa neurtzeko. Azken finean, erakunde batek bere interes-talde guztiei transferitzen dien balioa moneta unitatetan (eurotan) kalkulatzea ahalbidetzen du; hau da, Gizarte-balio Integratua.
Horrez gain, Lantegi Batuak-en kasuan, lan-aukerak sortzeko, industriaren eta zerbitzuen arloan irtenbideak eskaintzen ditu. Zehazki, sektore publikoari hainbat zerbitzu ematen dizkion erakundea da (garbiketa, lorezaintza, dokumentuen kudeaketa…). Kontratazio arduratsua sustatzeko kontzientziazio horrek, aurrekoari gehituta, ikerketa-proiektu hau ekarri zuen.
Zein da normalean kontratazio publikoak esleitzeko erabiltzen den irizpidea?
Nahiz eta egungo Sektore Publikoko Kontratuen Legeak irizpide sozialak txertatzen laguntzen duen, praktikan, kontratu asko eskaintzarik merkeenari esleitzen zaizkio. Horregatik, eta egoera hori saihesteko, legeak ezartzen duenez, kontratuak kalitate-prezio erlazio onenean oinarrituta esleitu behar direla kontuan hartu behar da. Kontratazio publikoa gizarte-, ingurumen-, berrikuntza- eta garapen-politika publikoak garatzeko baliabide bat da, baita ETEak (Enpresa Txiki eta Ertainak) eta gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko bidea ere. Hortaz, ez da soilik sektore publikoa ondasunez, obraz edo zerbitzuez hornitzeko bitarteko bat.
Zer da Kontabilitate Sozialak egin dezakeen ekarpena? Zer abantaila eskaintzen ditu?
Aurrekoaren ildotik, kontratuetan kalitate-prezio erlazio onena lortzeko, beharrezkoa da inpaktu- eta balio-neurketak sartzea. Horregatik, Kontabilitate Soziala erabiltzea proposatzen da. Tresna honek kontratu baten alderdi sozialak ebaluatzeko aukera ematen du, balio edo itzulkin sozialari dagokionez, esleipen-irizpide gehigarri gisa.
Kontratu batek sortutako enplegua edo kontratuaren xede den jardueraren ondorioz Administraziora izandako itzulkina (zerga moduan) ebaluatzeko aukera ematen du, besteak beste. Kalitatea faktore erabakigarria da sektore publikoko kontratuen kudeaketarako eta efizientziarako, eta gizarte-arloko irizpideak erabiltzeak, kalitate handiagoa dakarrenez, eskaintzak modu hobeago batean ebaluatzea ahalbidetzen du.
Zeintzuk dira oztopo nagusiak? Eta erronkak?
Kontabilitate Sozialak garapen ekonomiko handia du (hari buruzko ikerketak, logikoa den bezala, ikuspegi ekonomikotik egin dira); hala eta guztiz ere, nire ikerketa ikuspegi juridikotik gauzatzen da. Alde horretatik, kontratazio publikoan Kontabilitate Sozialaren aplikazioaren azterketa osoak epaimahaien balorazioa ere eskatzen du, unea iristen denean.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia aberasgarria izan zen niretzat. Mota honetako ekimenak oinarrizkoak dira gure ikerketen helburuak, aurrerapenak eta emaitzak modu erraz eta interesgarrian helarazteko. Zalantzarik gabe, proiektuak ulergarriagoak egiteko modu bat dira.
Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?
Lehenik eta behin, eta niri dagokidanez, tesia bukatzea eta defendatzea da epe laburrean dudan erronka eta, aldi berean, gustatuko litzaidake Kontabilitate Soziala lizitazio askotan aplikatuta ikustea. Ikerketa honek aplikazio praktikoaren zentzu argia du eta hori da, nire ustez, erronkarik garrantzitsuena. Hori ikustea oso pozgarria izango litzateke.