Ane Portillo Blanco: "STEM hezkuntzak arazo nagusi bat dauka gaur egun: interpretazio- eta material-aniztasuna"
2024ko azaroaren 14a

Txiotesia7 lehiaketan parte hartu zuen bere ikerlana labur azalduz Ane Portillo Blancok (1997, Berango). Biokimika eta Biologia Molekularreko ikasketak egin zituen eta gero Irakaskuntza Masterra. Bere ikerketa sakonago ezagutzeko egon gara berarekin.
Biokimikako ikasketak egin zenituen, baina hezkuntzaren munduan murgildu zinen gero.
Txikitatik nahiko argi izan ditut bi gauza: zientziak gustatzen zitzaizkidala eta irakaskuntzara lotuta egongo zela nire etorkizuna. Beti zientzietako irakasgaiak aukeratu ditut eta Batxilergoan Biokimika zer zen deskubritu nuenean, horren inguruan gehiago jakin nahi nuela erabaki nuen. Hala ere, nahiz eta gradua asko gustatu, amaitu bezain laster Irakaskuntza Masterrera jo nuen.
Graduan zehar ez digute inoiz irakaskuntzako irteeraren inguruan ezer komentatu eta nik ez nuen ezagutzen EHUn hezkuntza-ikerketa egin zitekeenik. Beraz, mundu berri bat zabaldu zitzaidan hezkuntza-ikerketa existitzen dela ikusi nuenean masterrean, eta horretan nabil orain. Irakaskuntzaren inguruko perspektiba guztiz ezberdina da ikerketaren ikuspuntutik aztertzen denean eta esperientzia polita izaten ari da.
STEAM hezkuntzaren inguruan ikertu duzu. Zer da STEAM hezkuntza? Nola sortu zen aukera?
Galdera ona eta erantzuteko konplikatu xamarra. Ikerketa-taldean STEM edo STEAM hezkuntzaren inguruan doktoretza-tesia egitea erabaki genuen, gaur egun hartu duen indarra eta horren inguruan dagoen nahasmendua dela eta. Izan ere, STEM hezkuntzaren moda oso garrantzitsua da momentu honetan eta ikerketan oinarritutako material-sorkuntzaren beharra ikusi genuen.
STEM hezkuntzak arazo nagusi bat dauka gaur egun: interpretazio- eta material-aniztasuna. Hau da, maila teorikoan STEM hezkuntza zer den zehaztasunez azaltzea zaila da, marko teoriko asko baitaude. Modu berean, horrek material oso ezberdinak sortzea ekarri du, eta horiek ebaluatzea eta konparatzea ez da lan erraza.
Hala ere, hitz gutxitan STEM hezkuntza zer den azaldu beharko banu, ondokoa esango nuke: Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako diziplinak elkartzea bilatzen duen hezkuntza-ikuspuntua edo metodologia da. Bizitza errealeko arazo batetik hasita, gutxienez bi diziplina integratzea bilatzen du eta bereziki garrantzia ematen dio talde-lanari, azterketari eta diseinuari. STEAMen inguruan hitz egiten badugu, ordea, artea ere gehitzen dugu ekuazioan, baina ikerketako esperientzian oinarrituta, STEM hezkuntzan artearen integrazio duinak ikerketa eta garapen asko eskatzen du oraindik. Egia esan, azken hori oso eztabaida sakona da eta nire iritzia asko aldatu da azken lau urteetan. Ni erosoago nago STEM erabiltzen STEAM erabili ordez, baina bi akronimoen esanahi erreala hezkuntzan berdina da: diziplinartekotasuna ikasgelan bultzatzea.
Zer trataera dute egun zientzia eta teknologiako irakasgaiek DBHn?
Zientzia eta teknologiako irakasgaien trataera nahiko aldatu da azken belaunaldietan eta, nahiz eta oraindik hobetzeko ibilbide luzea egon, irakaskuntza tradizionala gainditzeko ahalegin handiak egiten saiatzen ari dira irakasle asko. Noski, zenbat eta maila altuagoan egon, betiko azterketak gainditzera bideratu egiten da prozesua eta berrikuntzatik aldendu egiten dira klaseak. Duela hainbat urte identifikatu zen ikasle askok motibazio eta interes falta dutela irakasgai horiekiko eta hori aldatzeko asmoz irakaskuntza-ikaskuntza metodoak aldatzen eta berritzen ari dira. Ikasleek sentitu izan dute ikasten den hori guztia ez dela erabilgarria haien bizitzarako. Horregatik, errealitatean oinarritutako agertokiak eta arazoak erabiltzeko saiakera egiten ari da hezkuntzan, lantzen den hori aplikagarria dela erakutsi ahal izateko eta ikasleen interes eta motibazioa igotzeko.
Argi dagoena da teoriaren transmisio hutsa eta betiko buruketen ebazpen amaigabea desagertu behar dela eta bide horretan aurrerapausoak egiten gabiltza.
DBHrako zenbait STEAM proiektu diseinatu dituzu.
Tesiaren helburua ikerketan oinarritutako STEM hezkuntzako materialak sortzea eta horien erabilera ikertzea denez, bi proiektu diseinatu ditut Bigarren Hezkuntzarako (DBH 3-4). Lehenak biologia eta fisika ditu ardatz nagusi eta “Nola goza dezakegu eguzkiaz modu osasuntsu batean?” deitzen da. Bigarrenak fisika eta robotika elkartzen ditu “Kotxe autonomo bat sortzen” izeneko proiektuaren bidez.
Proiektuen funtzionamendu erreala ikusi nahi izan duzu.
Testuinguru ezberdinetan aplikatzen dira sortutako proiektuak, ikastalde ezberdinetan, irakasle ezberdinekin… eta gertatutako guztia ebaluatzen da: ikasleek zer ikasi duten, zer jarduera atera den ondo edo txarto, zeintzuk izan diren zailtasunak (ikasleentzat eta irakasleentzat) eta abar. Horretan oinarrituta gure lehenengo diseinua berregiten da, akats horiek konpontzeko asmoz, eta berriro ere aplikatu egiten da beste talde batzuetan. Sekuentziak diseinatzeko jarraitzen den ikerketa-prozesua zein inplementazio-, ebaluazio- eta birdiseinu-zikloak “Diseinuan Oinarritutako Ikerketa” (Design Based Research, DBR) izeneko teknika baten parte dira, eta hezkuntza-ikerketako arlo askotan erabiltzen da.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Nire doktoretza-proiektuko emaitzetan nik bi bloke bereizten ditut: maila teorikoan STEM hezkuntzaren inguruan egindako lana eta proiektuen inplementazioan gertatutakoa. Lehen atalean ikerketa-talde ezberdinek dituzten azalpen teorikoak konparatu ostean, adostasunak non dauden aurkitzea lortu dugu eta hori izugarri erabilgarria iruditzen zait STEM hezkuntza nondik doan fidagarritasun handiagoz azaltzeko. Bestetik, proiektuen inplementazioa askotarikoa izan da eta esperientzia interesgarria izan da oso: irakasgai eta maila ezberdinetan, irakasle kopuru ezberdinekin, ikas-taldeen tamaina oso desberdinekin eta iraupen ezberdinetan aplikatu dira bi proiektuak. Hala ere, garrantzitsuena izan da lehenengo diseinuak moldatzen joan garela ikasleen eta irakasleen beharretara doitzeko, eta lehenengo inplementazio-ziklotik bigarrenera hobekuntza nabarmena egon dela partaideen esperientziari dagokionez. Momentuz, bigarren inplementazio-zikloko emaitzak aztertu gabe ditudanez, esan dezakedan gauza bakarra da irakasleen esperientzia positiboa izan dela eta asko eskertu dutela STEM proiektu bat aurrera eramateko materiala eta laguntza izatea.
Zer ekarpen egitea gustatuko litzaizuke?
Nire helburu bakarra etorkizunean ikasgeletan erabil daitekeen materiala sortzea da. Irakasleei laguntzeko eta ikasleen ikas-prozesua nolabait hobetzeko.
Txiotesian parte hartu zenuen, baita Ikerl(h)ari bideopodcastean ere... Zientzia-dibulgazioari zer garrantzi ematen diozu?
Niretzat oso garrantzitsua da egiten dugun lana zabaltzea, bestela unibertsitate, laborategi eta bulegoetara mugatua geratzen dela sentitzen dut. Sortzen dugun ezagutza horrek gizartearentzat eskuragarri egon behar duela aldezten dut eta hori egiteko hainbat medio ditugu (Twitter, podcastak, aldizkariak…). Gainera, asko gozatzen dut dibulgazioa egiten eta gauzak nola azaldu prestatzen. Azken finean, ikerketa-mundua askotan nahiko serioa da eta dibulgazioan murgiltzeak “fantasia” gehitzen dio gure lanari.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Erronka pertsonal nagusia tesia bukatzea da. Aurreko galderetan komentatu bezala, inplementazio-aniztasunak emaitzen analisia konplikatzen du eta hori doktoretzako azken lanean nola islatu erronka bat izaten ari da. Bestalde, begirada pixka bat urrunduz gero, erronka nagusia egindako lanaren erabilera bultzatzea litzateke. Hau da, eskoletara ikerketa-taldean sortzen diren material berriak helaraztea, egindako guztia tesia amaitzearekin batera baztertuta ez geratzeko.
UEUREN EGITASMO HAUETAN ERE PARTE HARTU DU