Ane Ortiz: "Gazteen berebiziko prozesuetan bidelagun izan nahi dugu, eta teknologien debekua ez da konponbidea"
2023ko martxoaren 2a
"Pornografiaren aurrean nola esku hartu. IKTen erabilera nerabeen eta gazteen sexualitateen arretan" ikastaroa antolatu du UEUk Iruñean martxoaren 18an eta 25ean. Bertan arituko dira irakasle Ana Ramirez de Ocáriz eta Ane Ortiz Ballesteros. Ramirez de Ocáriz Soziologian lizentziatua da, Sexologian du masterra eta EMAIZE sexologia zentroan dihardu lanean. Ortiz, sexologoa da, Lehen Hezkuntzako irakaslea eta sare sozialetan eta berdintasunean aditua. EMAIZE-ko kidea ere bada. Berarekin izan gara.
Pornografiaren kontsumoa gero eta goiztiarragoa da. Zer dakar horrek?
Gutxi dira gai hau jorratzen duten ikerketak. Azkena, 2020an Save the Children erakundeak argitaratutakoa da: Sexu-(DES)informazioa: pornografia eta nerabezaroa. Bertan, nerabeek pornografia lehen aldiz batez beste 12 urterekin ikusten dutela jasotzen da, eta 10etik ia 7k sexu-eduki horiek maiz kontsumitzen dituztela.
Baina Lehen Hezkuntzako ikasleekin ditugun eguneroko esku-hartzeetan, 12 urteak baino lehenago kontsumitzen delako seinaleak aurkitzen ditugu. Hala ere, kontsumitzaile aktibo eta pasiboen arteko bereizketa egitea ezinbestekoa dugu. Izan ere, ez da gauza bera zuk aktiboki eduki mota hauek bilatzea edo beste batek mugikor batean, adibidez, bideo pornografiko bat erakustea, edo Interneten ibiltzea eta bat-batean horrelako edukiarekin topo egitea. Normalean, kontsumoa hain goiz egiten denean modu pasiboan izaten da.
Eta honek guztiak zer dakar? Alde batetik, errealitatetik urrun dauden gorputz-eredu hegemonikoen indartzea. Nesken kasuan, bular handiak, ipurdi handiak, ilerik gabekoak… Eta mutilen kasuan, tamaina handiko zakilak, indartsuak eta abar. Bestalde, gizartean dagoen eredu erotikoa ere sendotzen da. Eredu gaztea, heterosexuala, hierarkietan oinarritutakoa, koitozentrikoa, komunikaziorik gabekoa eta antisorgailurik gabekoa.
Honek guztiak txikitatik gure erotika eta harremanak izateko modua mugatzea dakar, sexualitateak eskaintzen duen osotasuna albo batera utziz.
Nerabeen identitatearen eraikuntzan baliabide digitalek zenbateko garrantzia dute?
Erabatekoa. Interneten nerabeek pentsatzen eta sentitzen dutenari buruz hitz egiteko leku bat aurkitzen dute. Bertan, beren nortasunaren ezaugarriak erakusten dituzte, saretik kanpo gainerakoei ezkutatzen dizkietenak, eta, batez ere, aukera desberdinekin esperimentatzen dute, entseatu eta probatu egiten dute. Eta Interneti egunero eskaintzen dizkioten orduen kopurua kontuan hartuta, haien nortasuna eraikitzeko moduan eragin handia du.
Baina hau guztia ez da hain erraza; izan ere, askotan ez dira diren edo izan nahiko luketen bezala agertzen, baizik eta inkontzienteki bilatzen, esperimentatzen eta probatzen dute. Zerbait egiten edo esaten dute modu batean, eta ez badu funtzionatzen edo espero duten erreakzioa gertatzen ez bada, forma hori aldatzen dute. Ikasi egiten dute. Horrela ikasten dugu denok bizitzan zehar hainbestetan: proba, akatsa eta proba berria eginez.
Gainera, gure identitatea konparazioaren bitartez eraikitzen dugu. Eta egun, gure lagunak, gure erreferenteak, gure idoloak sare sozialetan daude. Arazoa da sare sozialetan editatuta dagoen errealitatea nagusi dela, eta plano analogikoan bizi duguna sareetan ikusten dugun erakusleihoekin konparatuz gero beti galtzen aterako dela.
Pandemiak areagotu egin du garrantzi hori?
Bizi izan dugun une ezohikoak geldiezina zen digitalizazio prozesua bizkortu egin du. Pandemia baino lehen, gazteek beren sozializazioren zati handi bat plano digitalean ematen zuten. Baina itxialdian, beren identitatearen garapenerako ezinbestekoak diren ekintzak, hala nola lagunekin egotea, elkarbanatzea, disfrutatzea, ikastea, ligatzea... plano digitalean baino ezin izan zituzten egin. Ondorioz, baliabide digitalak ezinbestekoak bilakatu dira gazteen identitatearen eraikuntzan. Hala ere, plano analogikoak ezinbesteko garrantzia izaten jarraitzen du gazte eta nerabeen garapenean.
Arriskuetatik eta beldurretik begiratzen diegu baliabide horiei, baina gauza onak ere asko dituzte. Eta ez al da komeni hori ere azpimarratzea?
Sexualitatearen lanketarekin gertatu izan ohi den bezala, gehienetan arriskuetatik eta beldurretatik hurbildu gara gaira. Gure esperientziatik, badakigu horrek ez duela funtzionatzen. Izan ere, zerbaiten miserietatik ezin da ezer positiboa eraiki. Gainera, sare sozialek gazteen bizitzetan espazio garrantzitsua betetzen dutela jakinda, ikuspegi horretatik gerturatzea ez da oso eraginkorra. Beraz, baliabide digitalen gauza onak azpimarratzea ezinbestekoa da: bat-bateko komunikazioa, saretzea ahalbidetzea, aniztasunaren erakusleiho izatea, informazio eta inspirazio iturri handia...
Arriskuak hala ere, hor daude. Zelakoak? Nahiko baliabide al dituzte zenbait egoera identifikatzeko eta aurre egiteko?
Arriskuak desberdinak izan daitezke. Pribatutasunarekin lotutakoak, identitatearen ordezpenarekin lotutakoak, ziberjazarpenarekin harremana dutenak... Hau horrela, honekin lotutako egoerak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko, gazteek, helduok baino askoz baliabide gehiago dituztela esango nuke.
Hala ere, kontuan izan behar dugu plano digitala plano analogikoaren isla dela, baina irizpide biderkatzaileekin. Plano analogikoan gertatzen dena plano digitalean erreproduzitzen da, baina beste ezaugarri batzuekin. Eta honetan, gure gizarteak oraindik gauza anitz ditu lantzeke: enpatia, elkartasuna, elkarzaintza, aniztasuna balio gisa ikustea… Hau plano analogikoan lantzen dugun arte, ezin izango dugu plano digitalean ere barneratu.
Harremanen kontsumoa aipatu duzu elkarrizketaren batean. Kapitalismoa gure intimitatean sartzen ari dela. Zelan?
Gizartean dugun eredu honetan, dena azkar eta bat-batean da. Ez daukagu prozesuez gozatzeko denborarik. Baumanek esaten duen moduan, harremanak gero eta likidoagoak dira eta bizimodu hau harremanetara islatzen ari da: aplikazio baten bitartez, aukeratu, geratu eta harremana kontsumitu.
Ez da ahaztu behar kapitalismoa sistema ekonomikoa dela, baina baita kulturala ere, balioz eta ideologiaz betea. Isaac Rocak dioen moduan, orain ekintzaile emozionalak gara eta maitasunari kalkulu ekonomiko bera aplikatzen diogu, enpresarien gauza bera bilatuz: galerak minimizatzea eta irabaziak handitzea.
Zein da ikastaroaren azken helburua?
Garrantzizkoari eta ez premiazkoari balioa ematea. Gazteen bidelagun izan nahi dugu haien berebiziko prozesuetan: haien burua ezagutzen maila guztietan, beren burua onartzen eta beren erotika adierazten. Horregatik, teknologien debekua ez da konponbidea. Horiek erabiliz, teknologien erabilera seguruan eta arduratsuan heziko ditugu. Era berean, funtsezkoa da aniztasunarekiko errespetuan heztea eta indarkeriarik gabeko harremanak sustatzea.
Prozesu hau errazteko banakako zein taldeko hausnarketak bideratuko dira, eta oinarrizko gakoak emateaz gain, erabilgarriak diren baliabide interesgarriak elkarbanatuko dira.