Andoni Olariaga: “Ez bageunde etengabeko bilaketara kondenaturik, gizakia automata bat litzateke”
2019ko azaroaren 19a
UEUk Andoni Olariaga Azkarate filosofian doktorearen “Erlatibismoaren egiak. Konstruktibismoa, egia-ostea, postmodernismoa eta beste mamu batzuk” liburua aurkeztu du Iruñeko Katakrak liburudendan.
“Badirudi erlatibismoa dela egungo gaitz nagusien erantzulea”...
Erlatibismoaren mamua beti agertzen da krisi garaietan. Krisiak izan daitezke mota askotakoak, baina batik bat, gizartearen elkarbizitza sostengatzen duten printzipio politiko, territorial, sozial, mitologiko eta kulturaletan arrakala bat irekitzen denean sortzen dira. Orduan erlatibismoa jotzen da printzipio horiek apurtzearen erruduntzat. Hau ez da zerbait berria, historiako krisi handi guztietan agertzen den fenomenoa da, antzinako Greziatik hasi eta gaur egungo Europako zibilizazio krisira. Gaurko postmodernoak Greziar garaiko sofistak dira; anakronismoak albo batera utziz, eta desberdintasun kultural eta politikoak kontuan hartuz, beti ere. Sokrates eta Sofistak agertzen direnean Atenasen krisi politiko baten erdigunean, garaiko ziurtasunak ezbaian jarriko dituzte: azken batean, polisaren sorreraren testuinguru horretan, pentsamendu grekoa aldatu egiten da, naturaren filosofia batetik hizkuntzaren filosofia batera jauzi eginez. Horrek esan nahi du, talka bat dagoela mentalitate zahar baten eta berri baten artean; krisi kultural eta filosofiko bat eragingo duena. Finean, mundu tradizionala puskatzen zaio Atenasi: balioak, tradizioak, sinesmenak zalantzan jartzen zaizkio; izan ere, mundua izaki jainkozkoz ikusi eta ordenatzera ohitua dagoen gizarte bat da; eta sofisten eta Sokratesen eraginez, hori puskatuko da. Erlatibismoa da krisiaren erantzule? Erlatibismoa efektua da gehiago, gizakiaren kritikotasun eta sortzaile joera horrek sortzen dituen etengabeko prozesu solidifikatzaile eta apurtzaileen (iraultzaile) artean gertatzen dena.
Zein da gure garaiko krisia? Garai likidoetan bizi garela esaten da, berriz ere; eta, Greziarekin paralelismoa eginez, gure bizitza arautzen zuten hainbat printzipio ezbaian jarri direlako esaten da hori; baina hori baino gehiago da: modernitatearen aparretan gaude oraindik. Zer esan nahi du horrek? Bi mila urteko kulturaren zama bat dugu; egiaren, ongiaren, ziurtasunaren bila joan den kultura baten zama. Modernitatearen bukaerak ekarri duena da bilaketa hori antzua dela; eta, aldiz, egiaren, ongiaren, ziurtasunen eraikuntzen analisia egitea dela gure garaiko izpiritu berria. Zergatik? Konturatu garelako ez dagoela inongo “egia nagusi” atzemangarririk. Horrek, noski, izugarrizko ziurgabetasuna ekartzen dio gizarteari; orain arte ziurtzat zituen balioetan arrakalak sortzen dizkiolako: familia normatiboa, antolaera politikoa, balio tradizionalak…
Horren guztiaren artean, erlatibismoak zer paper jokatzen du? Nik uste modu sinple batean esan daitekeela; erlatibismoa mugimenduaren sintoma da, autokritikarena, zalantzan jartzearena, aurrera begiratzearena; inpultso hori izendatzeko modu bat dela esango nuke.
Balio absolutuen nostalgiaren kulturan bizi omen gara...
Hala da. Hori lotua dago aurretik esan dudanarekin: krisi kultural eta politiko handietan, “erlatibismoa” (zalantza, kritika) agertzearekin batera, erreakzio bat ere egoten da; iraganeko balio absolutuetara atxikitzearena (begiratu Alardea, adibide sinple bat jartzearren). Orain arte mundua modu batean ordenatu duenak, ez du goizetik gauera onartuko bere ordena modua erlatiboa dela, eta badaudela beste modu posible eta legitimo batzuk familia ulertzeko, sexualitatea ulertzeko, nazioa ulertzeko, eta abar. Zer egiten du? Bere burua babestu. Ez da kasualitatea ultraeskuinak erlatibismoaren kontsentsu edo diktaduraz hitz egitea orain; horrela egiten du eliza katolikoak krisi bat dagoen bakoitzean, erlatibismoari errua bota. Bushek AEBtako presidente zenean, balio aldaketaren aurrean, erlatibismoari egozten zion aurrekoa; Sarkozyk 68ko maiatzeko erreboltari erlatibismo morala oinordetzan utzi izana leporatzen zion; espainiar erresumako eliza katolikoa beti dabil erlatibismoaren kontra… Mila adibide jarri daitezke. Atzean dagoena da, botere kultural eta sinboliko bat mantentzeko hori ezbaian jartzen duten posizioak erlatibistatzat jotzen direla, norberarena batere erlatiboa ez dela ziurtatzeko.
Zer egiten du Espainiar estatuak bere lurraldearen batasuna krisian dagoenean? Bere burua are gehiago gotortu. Ez du inongo erlatibotasunik onartzen, bere konstituzioaren bigarren legeak esaten duen bezala, konstituzioa Espainiaren batasunean oinarritzen baita, hain zuzen. Hori da Espainiaren erresumaren balio absolutuen nostalgia gorena: hau ez da eztabaidagarria; beraz, tautologia batekin legez babestuko dut. Zergatik da Espainiaren batasuna haien legalitatearen oinarri? Haatik, esplikazioa zirkularra da. Ez dago gauza erlijioso (zentzu txarrean) eta absolutuagorik fundamentu hori baino; kontsentsu sozialean oinarritu ordez, dogma batean oinarritzen da haien arkitektura politiko, sozial eta kultural osoa.
Baina zergatik ez da hori horrela ikusten? Hemen badagoelako kontaketa edo errelato faltsu bat: ilustrazioak ekarri duela separazio bat erlijioaren eta arrazoiaren artean. Ez. Propietate erlijiosoak desplazatu egin ziren; eta estatura, naziora, giza eskubideetara… pasatu dira. Balio oso absolutu eta eztabaidaezinetan, alegia, erlijiosotan, dagoen kultura batean bizi gara. Horri nola egiten zaio aurre? Erlatibismoarekin, bere zentzu zabalenean.
Erlatibismoa zer den, baina batez ere, zer ez den, zedarritzen ahalegindu zara. Zein helbururekin?
Erlatibismoaren gaiak niretzako interes zehatz bat du; ez hainbeste hitz edo kontzeptuagatik beragatik, baizik eta hitzaren atzean ezkutatzen diren eztabaidengatik. Ondokoa esatera ausartuko naiz: erlatibismoaren auzia da gizakiaren tragedia nagusietako bat. Tragedia hori positibotzat hartu daiteke, edo gure burua engainatzen saiatu eta arazoa ezabatzen dugula pentsatu. Orduan, nik uste, auzi honetan gure burua engainatzeko mekanismoak garatzen ditugula; eta horietako bat da, auzi konplexu eta saihestezin batzuei hitz bat jarri, hori desitxuratu, gure barnetik kanpo atera, eta beste norbaiten arazotzat jotzea. Erlatibismoa hori izaten da, beste norbaitek sortutako arazoa: “Nik ziur dakit bizitzaren zentzua, balioak, interpretazioa, zein diren”.
Greziar garaitik modernitatera egiaren bilaketa zen ezagutzaren motorra eta izpiritua; orain egien sorreraren analisia egiten da. Hori da postmodernitatea deitzen zaiona, besterik ez. Erlatibismoaren analisiaren asmoa ez da besterik fenomeno horren erroak esplikatzea baino.
Zer da erlatibismoa, beraz? Zer ez da?
Erlatibismoa, auzi filosofiko bat da, lehenik. Batetik, gauzak erlazioan neurtzen direla; alegia, bere baitan gauza, interpretazio, sentimendu, ekintza… batek ez duela balio edo neurririk, beste zerbaitekin neurtzen ez bada. Alegia, zentzuak, balioak, interpretazioak sare erlazio konplexu batean hartzen dutela zentzua; eta hor, gainera, hizkuntzak jokatzen duela paper zentrala. Horri, beste hitz batzuekin, konstruktibismoa deitzen zaio. Bestetik, erlatibismoa ere bada absolutu guztiak erlatiboak direlako posizioa; erlatiboak ez du esan nahi, balio gutxikoagoa izatea, edo artifizial hutsa izatea (faltsuarekin lotzen dena). Esan nahi du, gure munduarekiko ikuspegia, gure balio moralak, gure tradizioak, gure usteak, erabaki eta uste erlatibo askoren erlauntza baten gainean eraikiak daudela.
Erlatibismoaren bertute bat da, kritikotasuna ireki eta arrazionaltasunaren mugak irekitzen dituela. Hori izan da nire lanaren helburuetako bat: erakustea, orain arte arrazionaltasunaren mugak ulertu diren modu hertsia baino zabalagoak direla. Besteak beste, kontraesanak (adibidez, gertaera bati buruz gauza bera eta kontrakoa defendatu ahal izatea) arrazionalak direla defendatzea.
Etengabeko bilaketara “kondenaturik” gaude. Hori zure epilogoa...
Hori da gure tragikomedia. Ez bageunde etengabeko bilaketara kondenaturik, gizakia automata bat litzateke; ez legoke askatasunik, ez legoke sorkuntzarik, eta liburu sakratu bat genuke gauzek zer zentzu, balio eta interpretazio duten esango ligukeena. Horri jarraitu, eta kito. De facto, gizakiak halako liburuak sortu ditu historikoki. Zeri erantzuten diote? Kondena horri erantzun bat eman nahia da, espazioan eta denboran gizakiak bizitzari zentzu bat ematea, besterik ez; bilakaera eta aldaketari aldaketari gabeko zentzu finko bat ezartzearekin. Hori, ordea, ulertu daiteke bi modutan: liburu horiek esplikazio partzial, tenporal eta kultural baten espresio dira; edo bizitzaren “egia” agerian jartzen dute. Bigarren hori ez dagoenaren kontzientzia izatea, hori da gure kondena; eta, aldi berean, askatasunerako baldintza. Horretaz kontziente izateak gizarte bezala ditugun konflikto asko beste modu batera kudeatzen lagunduko liguke.