Ander Altuna: "Ikastaroan idatzi formal-jasoetarako gaiak landuko ditugu"

2023ko urriaren 27a

Ander Altuna: "Ikastaroan idatzi formal-jasoetarako gaiak landuko ditugu"

"Euskara idatziaren ezaugarriak: zuzentasuna, egokitasuna eta ulergarritasuna" ikastaroa emango du Ander Altuna Gabiolak (Bilbo,1964) UEUren Ikasgela Birtualetik. Euskal Filologiako (UPV/EHU) ikasketak ditu berak eta egun, UEUko argitalpenen hizkuntza-zuzentzailea da. Ikastaroaren gainean hitz egiteko izan gara berarekin.

Testu asko sortzen ditugu gure egunerokotasunean, batzuk espezializatuak. Hauen zuzentasunari garrantzia ematen zaio?

Nik uste dut baietz. Euskararen estandarizazioan eta modernizazioan egindako urratsak aintzat hartuta, esan dezakegu corpus-plangintza nahikoa landuta eta bideratuta dagoela Euskal Herrian. Horrek esan nahi du euskara batu estandarra nahiko ondo definituta daukagula eta eredu hori erabil dezakegula administrazioan, hezkuntzan, unibertsitatean, kazetaritzan, literaturan... Euskara batua sortzeko lehenengo ahaleginetatik hona estandarraren gramatika eta hiztegia finkatuta dauzkagu.

Testuen zuzentasuna, egokitasunaeta ulergarritasuna... nola lortu?

Euskaltzaindiak finkatu ditu euskara batuaren lexikoa, morfologia, sintaxia eta erabilerari dagozkion arau eta aholkuak. Orain guri dagokigu eredu horren arabera idaztea.

Zuzenak euskara zuzena esan nahi du, hau da, euskara batuan (Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak aintzat hartuta) idatzita egotea eta gramatika zuzena izatea (izenaren eta aditzaren morfologia, joskera...).

Egokia, batez ere lexiko egokia (dagokion mailakoa) bermatzea eta terminologia zaintzea (komunitate zientifikoan adostutako terminoak erabiltzea).

Ulergarritasuna da testua irakurri ahala, lehengo irakurraldian, eragozpenik gabe ulertzea. Atal honetan, batik bat, estiloari erreparatzen zaio, hainbat estilo-zuzenketa ulergarritasunaren mesederako izan baitaitezke.

Online ikastaroa izango da. Zein izango da dinamika?

Azalpen laburrak eta ariketak tartekatuko ditugu, ikasgela birtualak eskaintzen dizkigun baliabideak erabilita. Gainera, gaur egun euskara lantzeko sarean ditugun baliabideak hobeto ezagutzen eta erabiltzen saiatuko gara.

Nori dago zuzenduta?

Oro har, euskaraz idatzi behar duenari. Kontuan izan behar da ikastaroan euskara batu estandarraren ezaugarrietara moldatuko garela, beraz, idatzi formal-jasoetarako gaiak landuko ditugu.

Zerda ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Zalantzak non argitu eta argibideak non topatu daitezkeen erakutsiz, norbera gai izatea zuzen idazteko.

Jakintza-arloak