Ana Trajcheva: "Kimika berdea lehenetsiz, etorkizun iraunkorragoa sor dezakegu guretzat eta etorkizuneko belaunaldientzat"

2023ko maiatzaren 31a

Ana Trajcheva: "Kimika berdea lehenetsiz, etorkizun iraunkorragoa sor dezakegu guretzat eta etorkizuneko belaunaldientzat"

Ana Trajcheva (Blatec, Mazedonia, 1994) Materialen eta Nanomaterialen Ingeniaritzan da lizentziatua eta Polimeroen Materialetan masterduna (Mazedonia, Skopje, Teknologia eta Metalurgia Fakultatea). Egun, doktoregoko ikaslea da UPV/EHUko Polimerizazio Prozesuen POLYMAT taldean.

Kimikari izateko ametsak Ipar Mazedoniatik Euskal Herrira ekarri zaitu?

Zientzia txikitatik izan da nire pasioa! Kimikarekiko grina, bereziki, institutuetako lehiaketa batean parte hartu nuenean piztu zitzaidan. Lehiaketa horretan paperezko ontzi birziklatu bat zuen bio-xaboi bat sortu nuen eta hain gustuko izan nuen, ezen nire karrera-hautaketan inpaktu handia izan zuen.

Skopjeko (Mazedonia) Teknologia eta Metalurgia Fakultatean, Materialen eta Nanomaterialen Ingeniaritzako lizentziatura eta Polimeroen Materialetako masterra lortu nituen. NATOko SPS G5244 proiektuan parte hartzea nire masterraren esperientzia nabarmenena izan zen. Proiektu horretan hainbat herrialdek parte hartu zuten: nire fakultateak Mazedonian, POLYMATek Donostian, ICPFek Pragan eta IESMek Freibergen. Proiektu horri esker POLYMATen praktikak egin ahal izan nituen gero. Radmila Tomovska irakaslearekin lan egin nuen POLYMATen Polimerizazio Prozesuen taldean. Radmila Ikerbasqueko ikertzailea ere bada, eta Institutu hori, pertsona harrigarri guztiak eta hiri txundigarri hau betiko nire bihotzean eramango ditut. Horregatik itzuli behar izan dut hona nire doktoretza egitera!

Txiotesian ezagutu zintugun, euskaraz. Nolako esperientzia izan zen? (nola izan zenuen ekimenaren berri, nolakoa izan zen esperientzia, euskaraz egitearen berezitasuna...)

Nire irakaslea, Radmila Tomovska, izan zen Txiotesiari buruz hitz egin zidana. Esan behar dut nire euskara-maila ez dela oso ona, hizkuntza zaila da. Baina, nork daki? Horrek egiten du hizkuntza hau hain eder eta bakarra! Ez du beste hizkuntza baten antzik. Niri buruz jakin behar duzue erronkak oso gustuko ditudala. Beraz, euskalduna ez naizen arren, Euskal Herriko kulturarengana eta jendearengana hurbiltzeko aukera bikaina iruditu zitzaidan.

Konposatu Organiko Lurrunkorrak (KOL) murrizteko estrategiak ikertzen ari zara. Zeintzuk dira baina KOL hauek?

Egunero erabil ditzakegun estaldurak eta itsasgarriak uretan oinarritutako polimero-dispertsioetatik lortzen dira, eta horiek Konposatu Organiko Lurrunkorrak (KOL) sortzen dituzte. Bereziki nik lan egiten dudan polimero-sistemetan, konposatu organiko lurrunkorrak erreakzionatu ez duten monomeroetatik datoz (hondar-monomeroak, metil metakrilato-MMA eta butil akrilato-BA). Baita erreakzioan lortzen diren disolbatzaileen (butanol, BuOH) albo-produktuetatik ere.

Zein da eragiten duten kaltea?

KOL hauek ez dira onak beren toxikotasunagatik eta beren usain gogorrarengatik. Gainera, atmosferara iristen direnean, nitrogeno oxidoekin eta eguzki-izpiekin erreakzionatu eta ozonoa sortzen dute. Ozono hori oso kaltegarria da eta klima-aldaketari laguntzen dio.

Konposatu hauek kontrolatzeko estrategiak ikertzen diharduzu. Horretarako erradiazio ultramoreak konposatu hauetan duen eragina aztertu duzu. Zer diote emaitzek?

Erradiazio ultramorea erabiltzen dugu konposatu organiko lurrunkorrak (KOL) uretan oinarritutako polimero akrilikoetatik kentzeko. Ideia hau hautatu dugu izpi ultramoreak dituzten 200 nm-ko uhin-luzerako fotoiek C=C loturak apurtzeko nahiko energia dutelako. Era berean, apurtze horren ostean sortzen diren erradikalak gero konbinatu eta toxikoak ez diren produktuak eratzen dituzte.

Ikusi da teknika honek funtzionatu egin duela eta 30 minutuko erradiazioa izan eta gero, ia metil metakrilato guztia eta butil akrilatoaren % 80 kendu dituela. Erradiazioak foto-oxidazioa eragiten du eta horrek film horiak eratu zituen eta film horien ur-xurgapena % 10-15 handitu. Baina pisu molekularrak, partikulen tamaina eta propietate termikoak ez ziren aldatu.

Prozesua optimizatu behar bada ere, abantaila argiak ikusi dira. Etorkizunean baliozko estrategia izan daiteke hondar-monomeroak kentzeko eta emultsioaren bitartez eratzen diren polimeroek ingurumena errespetatzeko.

Konposatu Organiko Lurrunkorrak murrizteko zer beste bide frogatuko (frogatu) duzu?

Bai, orain hasi gera beste estrategia bi erabiltzen, potentzial handia dutenak. Lehenengoan, dioxido titanioa erabiltzen dugu konposatu organiko lurrunkorren xurgatzaile fisiko eta kimiko bezala. Bigarrenean, tiol monomeroak aztertzen ditugu iniziaziorik gabe erradikalak sortzeko abilidadea dutelako, eta erradikal horiek hondar-monomeroekin erreakzionatzen dute.

Ikerketaren zein fasetan zaude orain?

Nire doktoregoko hirugarren urtea hasi dut, beraz orain nire helburu nagusia da frogatzea konposatu organiko lurrunkorrak eliminatzeko estrategia guztien potentzial handiena.

Zer da ikerketarekin lortzea gustatuko litzaizukeena?

Industrian aplika daitezkeen KOLak kentzeko estrategia eraginkorrak eta ekonomikoki onargarriak garatu nahi ditut. Esan behar dut emultsio-polimerizazioaren arloan aditu handiz osatutako talde batean lan egiten dudala. Aukera asko ditugu eskura, besteak beste, industriekin zuzenean lankidetzan aritzeko, nazioarteko eta nazioko proiektuetan parte hartzeko, konferentziak bisitatzeko eta gure hazkunde profesionalean eta akademikoan laguntzen duten ikastaroetara joateko. Beraz, ikerketa sakona egiteaz gain, nire helburua ahalik eta ezagutza gehien lortzea eta aukera guztiak aprobetxatzea da, eta hori nire etorkizuneko karreran onuragarria izango dela uste dut.

Kimika berdearen aldeko estrategiak areagotzea garrantzitsua da?

Bai, oso garrantzitsua da. Kimika berdearen aldeko estrategiak areagotzeko industriaren, gobernuen eta pertsona guztien laguntza behar da hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzeko. Kimika berdea lehenetsiz, etorkizun iraunkorragoa sor dezakegu guretzat eta etorkizuneko belaunaldientzat.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Erronka batzuk ditut KOLak kentzeko erabiltzen ditudan estrategiak optimizatzeko, baina horiek gainditzeko ahalegin guztiak egiten ari naiz. Gainera, nire etorkizunerako helburuetako bat da praktikak “ILP Lotura Industrialeko Programa”ren parte diren enpresetako batean egitea. Programa hori nire proiektua eta nire taldeko beste asko finantzatzen ari da. Oraindik ez dakit non eta noiz egingo ditudan praktikak, baina nire estrategiak industrian ezartzeko aukerak poza ematen dit. Gainera, tesiaren defentsa arrakastatsu bat egiteko irrikan nago, eta gogotsu nago doktoregoaren ondoren zer datorren ikusteko.

Jakintza-arloak