Amaia Rojo Sierra: "Sevillan euskal merkatariek nahiko komunitate trinkoa osatu zuten"

2024ko urtarrilaren 24a

Amaia Rojo Sierra: "Sevillan euskal merkatariek nahiko komunitate trinkoa osatu zuten"

Amaia Rojo Sierra (1996, Donostia) Historian graduatua da (EHU, 2014-2018) eta "Europa eta mundu atlantikoa: boterea, kultura eta gizartea" masterra egin zuen unibertsitate berean. Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko Irakaskuntza Masterra ere badu eta, egun, Europa eta mundu atlantikoa ikerketa-taldean dabil doktoretza egiten, EHUko finantzaketarekin. Berarekin izan gara doktorego-tesiaz hitz egiteko.

Historia ikasi zenuen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Derrigorrezko Hezkuntzan eta Batxilergoan Historia ikasgaia urtero egoteak asko lagundu zuen. Ikasgaia bera asko gustatzen zitzaidan, ikasten disfrutatzen nuen eta horretan jarraitzea nahiko naturala izan zen. Agian, Filosofia edoArtearen Historia ikasgaiak gehiago jorratu izan banitu, beste zerbait aukeratuko nukeen. Nire kasuan, momentuko aukeraketa bat izan zen, sakontasunik ez duena. Ikerketa-mundurako jauzia, ordea, asko pentsatutakoa izan zen. Eta kostata lortutakoa ere. Baina bueno, gradu-amaierako lana egin nuenean konturatu nintzen tankera horretako lanak gustatzen zitzaizkidala eta horrekin jarraitu nahi nuen.

Sevillan XVI. mendean euskal merkatari, nabigatzaile eta negozio-gizonek ehundutako sare sozioekonomikoak aztertu dituzu. Nola sortu da aukera?

Masterreko lanari tiraka ikerketak honaino eraman nau. Gainera, azken batean historia historialarien iraganeko gertaera batzuen interpretazioak dira, horregatik, gure gizarteko koiunturak garrantzi handia du, eta testuinguru horretan, sare sozialak gure egunerokotasunaren parte dira. Lehen, ekintzak edo pertsona solteak ikertzeko joera handiagoa zegoen, eta orain norbanako batzuen interakzioen garrantzia ikertzeko bideak ugaritu egin dira. Eta nire tutoreei esker, hor kokatzen naiz ni. Sevillan euskal merkatariek nahiko komunitate trinkoa osatu zuten eta talde horri heltzeko haien artean sortutako harremanez baliatzen naiz.

Leku estrategikoa zen Sevilla? Zergatik?

XVI. mendean, Sevilla Europa atlantikoko merkataritza-hiri garrantzitsuenetakoa zelako eta are gehiago Amerikaren aurkikuntzaren testuinguruan. Izan ere, historiografian askotan erabiltzen den bezala, Sevilla "Ameriketako atea" zen. Bertatik antolatu, erregulatu, pasatu eta ateratzen ziren hara joaten zirenak konkista, merkataritza, kolonizazio edo misioak egitera. Sevillako populazioa, beraz, leku askotatik etorritako pertsonez osatuta zegoen, eta euskal merkatarientzat negozioak egiteko eta aberasteko leku oso aproposa zen.

Zer esparrutako negozio-gizonak batu ziren bertan?

Esan bezala, Sevillako biztanleria oso plurala zen garai hartan, baita negozioak egitera joaten zirenen artean ere: burgostarrak, genovarrak, portugaldarrak, valentziarrak, euskaldunak, etab. Euskaldun merkatarien taldea ere heterogeneoa zen: jatorri, familia posizio eta jardun desberdinak zituzten. Hori bai, helburuetan homogeneoak ziren; helburua, aberastea zen.

Horien arteko harreman-sareak dira ikertu dituzunak. Nola egin duzu atzera?

Zorionez, dokumentazio asko dugu. Batzuetan, dokumentazioak ez du askorako balio, baina gehienetan beti atera daiteke zerbait. Gainera, historiografiak landu duen gaia ere bada, hortaz, batetik eta bestetik tiraka lortu daitezke gauzak. Baina noski, ez beti nahi ditudanak.

Zer-nolakoak ziren harreman-sare horiek?

Funtsean, tesian aurkeztu nahi dudana da XVI. mendean merkataritzara dedikatzen ziren euskaldun ia gehienek talde bateratu bat osatu zutela haien interesak modu kolektiboan defendatzeko. Komunitate horretako merkatariak elkarren artean oso erlazionatua zeuden bai negozioak egiteko (konfiantzazko gizonak ziren heinean), eta batzuetan, elkarren artean ezkontzeko joera ere bazen. Hori noski, ez zen beti gertatzen, eta esan bezala, merkatariak arrakasta ekonomikoa bilatzen zuen momentutik, aberastasunaren bidea baliatuko zuen bai negozioetarako baita ezkontzak adosteko ere.

Haien hazkundean giltzarri izan ziren. Zer da haiei esker lortu zutena?

Ikus dezakegu haien arteko harremanak funtsezkoak izan zirela askoren hazkunde eta arrakastarako. Azken batean, gertuko baten igoerak ingurukoen igoera ere bermatuko zuen. Kontratazio Etxeko ofizialen artean euskaldun asko zegoen eta ezin gara harritu urte horietan Kontratazio Etxeari egindako zerbitzuetan izen euskaldunak agertzen direnean.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Oso ondo pasa nuen. Hasieran kosta egin zitzaidan sintesi-lan hori egitea, baina asko gustatu zitzaidan gaia memegintzara eraman ahal izatea. Horri esker, nire lagunek ere tesia ulertu zutela esango nuke.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Erronka handiena tesia entregatzea, gero gerokoak.

Jakintza-arloak