Amaia Arroyo Sagasta: "Teknologia digitalak ikasprozesuetan integratzeko adibide eta ideia praktikoak behar ditugu"

2023ko azaroaren 9a

Amaia Arroyo Sagasta: "Teknologia digitalak ikasprozesuetan integratzeko adibide eta ideia praktikoak behar ditugu"

Teknopedagogia praktikoa. Teknologia digitalak hezkuntzan integratzeko ereduak eta diseinu didaktiko digitala liburua argitaratu berri du Amaia Arroyo Sagastak (Aretxabaleta, 1983) UEUrekin. Bera, Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea da eta Hezkuntza Bereziko irakaslea. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) irakaslea eta ikertzaileada eta KoLaborategian STEM eta Digitalizazioa arloko ikerketaren koordinatzailea. Haren ikerlerroak honakoa hauek dira: konpetentzia digitala hezkuntzan, ikaskuntza-inguruneak eta -ekosistemak, diseinu teknopedagogikoa eta hezkuntza-berrikuntzaren ikuspegi kritikoa, ikuspegi etikoa aintzat hartuta. Liburuaren gainean hitz egiteko izan gara berarekin.

Digitalizazioak eraldaketa pedagogikoa bultzatu du hezkuntzan.

Ez nuke baieztapen horrekin bat egingo. Alde batetik, zintzoak bagara eta atzera begiratzen badugu, ez dugu asmatu teknologia digitalak ikasprozesuetan modu egokian integratzen. Historikoki eta oro har, azpiegituraz hornitu ditugu ikastetxeak eta irakasleak galduta sentitu izan dira. Beste aldetik, teknologiak berak (tresnak) ez du zertan eraldaketa ekarri. Egia da praktika “berritzaileen” suspertzaile izan daitekeela, baina nire ustez ez da inoiz bere horretan eraldaketaren faktore bakarra izango.

Teknologiak ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuetan aplikatzeko gakoak eta estrategiak behar-beharrezkoak direla diozu.

Bai, horixe da erronka. Azken finean, tresnek bere horretan ez dakarte ezer. Hezkuntzako profesional gisa, irakasleok adituak gara estrategia didaktiko-metodologikoetan, ikasprozesuak sustatzeko, elikatzeko eta ikasteko testuinguruak diseinatzeko. Horretarako guztirako baliabide egokienak aukeratzen eta baliatzen jakin behar dugu eta teknologiaren kasuan ere estrategia hori izan beharko litzateke. Gertatu ohi dena da teknologiak itsutu egiten gaituela, liluratzeraino edo gorrotatzeraino. Itsutasun horretatik irteteko behar-beharrezkoak dira gako eta estrategia horiek. Horri beste kontu bat gehituko nioke: tresnak berez ez direla neutroak. Horregatik, ikuspegi kritikoa ere garatzea behar-beharrezkoa da.

... eta irakasleen formazioan jarri duzu fokua. Zein da erronka?

Bizi dugun garaian, ezin gelditu irakasleen konpetentzia digitala aipatu gabe. Egia da esfortzu handia egiten ari dela bai formazioan bai zertifikazioan. Baina nik bi alderditan bereiziko nuke erronka: alde batetik, alfabetizazio teknologikoa (teknologia bera ulertzea, nola funtzionatzen duen, oinarrizko jakintzak badira ere) eta ikuspegi teknopedagogiko kritikoa (teknologia digitala hezkuntzan integratzeko orduan hautu pertinenteak eta batez ere pedagogikoak egiteko). Bi horien konbinaziotik etorri beharko litzateke irakasleen konpetentzia digitalaren formazioa, bai hasierako formazioan bai etengabeko prestakuntzan. Uste dut bi plano horietan aritzeak ikasleen (eta etorkizuneko gizartearen oinarrizko konpetentzia digitalean) kalitatezko inpaktua izateko aukerak handituko lituzkeela.

Baina nola integratu teknologia digitalak? Horren gaineko zertzeladak emango dituzu liburuan.

Integrazioa konplexua da eta ez dago formula magiko eta orokorrik. Hezkuntzan lanean aritzeak esan nahi du ez ditugula bi testuinguru berdin eta, horregatik, liburuan integrazioa lantzeko hainbat ereduren inguruko azalpenak, gakoak eta adibideak landu ditut. Uste dut irakasleok eskertzen ditugula eredu kontzeptual eta teorikoen azalpen praktikoak eta horixe izan da asmoa.

Liburu praktikoa dela diozu. Zer aurkituko du irakurleak?

Liburuaren izenburuan “praktikoa” adjektiboa erabili dut horregatik: teknologia digitalak ikasprozesuetan integratzeko adibide eta ideia praktikoak behar ditugulako, akademian egin den lan teorikoa oinarri hartuta, baina ikasgela eta ikastetxeetatik gertuagoko errealitatean erabilgarriak direnak. Adibidez, diseinu didaktikoak egiten ditugunean (ikasegoerak, proiektuak, proposamenak…) teknologia digitala eta konpetentzia digitalaren lanketa modu pertinentean lantzen ari ote garen ikusteko kontrol-zerrenda bat proposatzen dut.

Nori zuzenduta dago?

Teknologia digitala ikasprozesuetan integratzeaz kezkatuta dagoen irakasle ororentzat egokia izan daiteke, teoriaz gain azalpen praktikoen bila dabilena. Baina egia da oso erabilgarria ikusten dudala hasierako formazioan: Hezkuntza Graduetako ikasleentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan irakasle aritzeko gaitzen duen unibertsitateko masterreko ikasleentzat.

Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?

Proiektu pertsonal gisa baloratzen dut liburua, nire eskarmentua, ikerlerroak eta interesak biltzen dituena. Argi nuen gaiaren bueltan ekarpena egin nahi niola euskal hezkuntza-komunitateari. Horrez gain, teknologiaren integrazioa hezkuntzan “demonizatzen” ari den honetan, uste dut baliabide erabilgarria izan daitekeela ikuspegi teknopedagogiko kritikoa garatzen laguntzeko, jarrera polarizatuak hurbildu eta eztabaida eraikitzaile bat sortzeko. Horretarako formularik egokiena liburu praktikoa, erabilerraza, garbia eta multimodala iruditu zitzaidan (eta ez oso pisutsua!). Uste dut irakurtzeko aitzakiak alde batera uzteko moduko arrazoiak izan daitezkeela horiek eta, gainera, sarean elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko gonbita botatzen dut, hezkuntza-teknologiaren lema hezkuntzako partaideok gida dezagun aldarrikapen gisa.

Jakintza-arloak