Alejandro Garcia Domingo-Aldama: "TEDC2 proteinaren maila egokia izatea oso garrantzitsua da zelulak behar bezala funtziona dezan"
2024ko urriaren 23a
Alejandro García Domingo-Aldamak (Leioa, 1996) Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua egin zuen eta Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako Masterra gero. Egun, Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako Doktoregoa amaitzen ari da. Txiotesia7 lehiaketan parte hartu zuen, baita publikoaren saria eskuratu ere. Berarekin izan gara bere ikerketaz gehiago jakiteko.
Biokimika eta Biologia Molekularreko ikasketak egin zenituen eta ikerketan murgildu gero. Zergatik?
Institutuan nengoenean fenomeno biologikoen atzean zegoena interesatzen hasi zitzaidan, bereziki gizakiok izan ditzakegun gaixotasunen atzean. Horregatik, Biokimika eta Biologia Molekularra ikastea erabaki nuen eta aurrerago ikerketan murgiltzea.
TEDC2 proteinak zeluletan duen eragina aztertzen ari zara. Nola sortu zen aukera?
Nahiz eta minbizian parte hartzen duten gero eta proteina gehiago ezagutzen ditugun, oraindik batzuk ezezagunak dira. Piezak falta zaizkion puzzle bat bezalakoa da. Pieza guztiak ezagutzea funtsezkoa da minbizi-egoeran gure organismoari gertatzen zaionaren ikuspegi zehatza izateko, eta horrek terapia eta tratamendu zuzenagoak eta eraginkorragoak garatzen lagunduko luke. Minbiziarekin zerikusia duten proteina berriak identifikatzeko, analisi bioinformatiko bat egin genuen, minbizi-laginetan ezohiko kantitatean agertzen ziren proteinak identifikatzeko. Horrela, TEDC2 izeneko proteina identifikatu genuen. Proteina honek arreta eman zigun, oso informazio gutxi baitzegoen beraren funtzioaren inguruan. Ia erabat ezezaguna zen.
Zelula zatitzean eta DNA bikoiztean funtzio garrantzitsua betetzen dute zentrosoma egiturek.
DNAk gure informazio genetikoa darama, hau da, zelulak behar bezala funtzionatzeko argibideak. Hortaz, DNA bere osotasunean kontserbatzeak berebiziko garrantzia du. Zelula bitan zatituko denean, DNA bikoiztu eta kromosoma deituriko egituretan kondentsatuko da. Bikoiztutako kromosomak bi zelula alaben artean banatzeko, zentrosoma izeneko bi egiturak parte hartzen dute. Zentrosoma bakoitza zelularen mutur batean kokatu eta mikrotubulu deituriko harizpien sare bat eratuko du, ardatz mitotiko deritzona. Kromosomak ardatz mitotikoaren erdian kokatuko dira eta zentrosoma bakoitzak horietatik tiratuko du. Horrela, zelula alaba bakoitzak informazio genetiko osoa jasoko du.
Zatiketan zentrosoma bakarrarekin geratzen da zelula eta hurrengo zatiketarako bikoiztu beharra dauka. Eta hor sartzen da jokoan TEDC2 proteina.
Horixe da. Zatitzean, zentrosoma bakoitza zelula alaba batek jasoko du. Hortaz, zelula alaba hurrengo aldiz zatituko denean, berriro bi zentrosoma beharko ditu ardatz mitotikoa eratu ahal izateko. Horretarako, geratzen den zentrosoma eredu bezala erabiliko du zelulak bigarren zentrosoma bat eratzeko. Prozesu honi zentrosomaren bikoizketa deritzo. Gure emaitzek aditzera eman dute TEDC2 ezinbestekoa dela zentrosomaren bikoizketarako.
Zelularen funtzio egokirako baina, TEDC2ren proteina-mailak erregulatuta egon behar du.
Horrela da. TEDC2ren maila egokia izatea oso garrantzitsua da zelulak behar bezala funtziona dezan. Alde batetik, TEDC2 zelulatik kentzean, zelulak zatiketan ez duela aurrera egiten ikusi dugu eta, kasu batzuetan, horien heriotza eragin dezake. Bestetik, TEDC2ren kantitatea handiegia bada, ezegonkortasun genomiko deituriko arazoak sor daitezke, minbiziaren sorrerarekin erlazio estua dutenak. TEDC2ren erregulazioaren atzean E2F deituriko transkripzio-faktoreak daudela aurkitu dugu, zeinak ziklo zelularraren erregulatzaile nagusietakoak diren eta, neurri batean, TEDC2 proteina kodetzen duen genea noiz aktibatzen den erabakiko duten.
Proteina honen eragina ezagutzeak zer ekarriko luke?
Zentrosomaren bikoizketaren atzean dauden mekanismo molekularrak oraindik ez dira guztiz ezagunak. Hortaz, TEDC2 prozesu zelular honetan inplikatuta egoteak ulertzen laguntzen du zentrosomaren bikoizketa nola gertatzen den. Era berean, TEDC2 genea E2F faktoreen bidez erregulatuta egoteak ziklo zelularraren eta zentrosomaren bikoizketaren arteko lotura berriak ezartzeko balio izan du. Honek guztiak argitzen laguntzen du bi prozesu horien arteko interkonexioak zelulen banaketa egokia nola ziurtatzen duen eta fenotipo tumoral bat sortzea nola ekiditen duen.
Ikerketaren zein fasetan zaude?
Momentu honetan gure ikerketa argitaratzeko prozesuan gaude. Dauzkagun emaitza guztiekin artikulu zientifiko bat idatzi dugu eta azkenengo ukitu batzuk ematen ari gara gure arloko aldizkarietara bidali aurretik.
Txiotesian parte hartu zenuen eta publikoaren saria eskuratu! Zorionak! Zer-nolako esperientzia izan zen?
Mila esker! Txiotesian parte hartzea oso esperientzia polita eta aberasgarria izan zen. Izan ere, nire ikerketa ikuspegi ezberdin batetik aztertzeko aukera eman zidan eta, aldi berean, ikerketaren munduan duela denbora gutxi hasi diren ikertzaileen arloei buruz pixkatxo bat gehiago jakiteko. Nire ustez, oso esperientzia gomendagarria.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Momentu honetan badakigu TEDC2 zentrosomaren funtziorako garrantzitsua dela eta proteina honen gainadierazpenak ezegonkortasun genomikoa eragiten duela. Hala ere, oraindik ez dakigu nola lotzen diren bi fenomeno horiek. TEDC2ren kantitatea altuegia bada, posible da zentrosomaren bikoizketa behar bezala ez gertatzea eta sortutako zentrosomek zenbakizko edo egiturazko akatsak edukitzea. Akats horiek ardatz mitotikoaren integritateari eragin liezaiokete, bai eta kromosomen banaketa ekitatiboari ere. Horrek ezegonkortasun genomikoari hasiera emango lioke. Hori da une honetan planteatzen dugun hipotesia, baina ikerketa-lan gehiago behar da hori frogatzeko.